Osasuna desegin egin da Vila-realen (Herrialde Katalanak). Jagoba Arrasateren taldeak lehen zati ona jokatu du, baina bigarrenean joera erabat aldatu dute etxekoek, eta egindako hutsak ordaindu dituzte gorritxoek. Moralesek sartu ditu Vila-realen hiru golak, eta Catenak Osasunarena. Athleticen ibilitako Marcelinoren itzulerako partida izan da gaur La Ceramica estadioan.
Arrasatek aldaketa gutxi egin ditu hamaikakoan, eta, hasieran behintzat, ondo atera zaio apustua. Aukera ugari izan dituzte nafarrek lehen erdian. Intentsitate handiagoarekin zelairatu dira, eta Oroz, Budimir, Moi eta Ruben Peña saiatu dira gola sartzen, baina Jorgensen atezainak bikain erantzun die guztiei. Beste aldean, Sergio Herrerak ez du ia lanik izan.
Bestelakoa izan da bigarren zatia. Moralesek 56.ean sartu du lehenengoa Gerard Morenoren pase bat baliatuta; bigarrenean jokaldi bikaina egin eta Herrera gainditu du buruz burukoan; gauza bera egin du hirugarrenean. 79. minutua zen. Tartean, 77.ean, Catenak sartu du Osasunaren gola, buruz.
Sailkapen nagusian 14. postuan da Osasuna, 14 punturekin.
Vila-real: Jorgensen; Foyth, Albiol, Cuenca, Pedraza (Moreno, 86. min); Parejo, Capoue (Comesaña, 67. min), Baena, Altamira (Chakkour, 67. min); Moreno (Trigueros, 78. min) eta Morales (Brereton, 86. min).
Osasuna: Herrera; Areso, Catena, David Garcia, Mojica; Moncayola (Garcia de Haro, 63. min), Torro (Muñoz, 76. min), Oroz (Ruben Garcia, 76. min); Peña (Chimy, 67. min), Moi eta Budimir (Arnaiz, 76. min).