Asteburuan garaipena lortu ostean, bolada onari segida eman nahi dio Vicente Morenoren taldeak. Gironaren aurka jokatuko dute gaur arratsaldean Montilivi estadioan (19:00, DAZN). Denboraldi honetako lehen bi jardunaldietan Sadarren aritu dira gorritxoak, gaurkoa izango da kanpoan jokatzen duten lehen partida. Leganesen aurka berdindu egin zuten, eta Mallorcaren aurka, irabazi. Gironak, kontrara, etxetik kanpo jokatu ditu lehen bi norgehiagokak: berdindu egin zuen Betisen zelaian, eta galdu Atletico Madrilen aurka.
Vicente Morenok 22 jokalari deitu ditu gaurko partidarako. Tartean da Jose Arnaiz. Aurreko asteburuan ez zuen jokatu, izterrean min hartuta zegoelako, baina atzoko entrenamenduaren ostean, Morenok deialdian sartu du. Arnaizen arazo berbera izanda, Ruben Peña ez zen aritu Mallorcaren aurkako partidan, eta, gaurkorako ere, entrenatzaileak kanpoan utzi du. Kike Barja ere ez dago erabat osatuta, eta Iker Muñozek ez du jokatuko. Muñozek min hartu zuen larunbateko partidan, ezker oineko bosgarren metatartsianoa hautsi zuen. Herenegun egin zioten ebakuntza. Larunbatean, Mallorcaren aurka partidako jokalaririk onena izan zen Ruben Garcia; berak egin zuen, gainera, partidako gol bakarra. Garciaz gain, protagonistak izan ziren erasoan Aimar Oroz eta Bryan Zaragoza. Hirurak arituko dira gaur Gironaren aurka.
Aurkari gogorra
Aurreko denboraldian hirugarren postuan amaitu zuen liga Gironak. Oraingoan, lehen bi partidetan puntu bakarra lortu badute ere, etxetik kanpo jokatu dituzte lehen bi partidak. Gaur, Montilivin arituko dira, eta etxean puntuak lortzen dituen taldea da Girona. Aurreko denboraldian, Montilivin jokatu zituzten ligako hemeretzi partidetatik, hamabost irabazi eta bi berdindu zituzten.