Atletico Madrilen historian lehen aldiz, taldeak hamalau garaipen lortu ditu jarraian lehiaketa guztiak kontuan hartuta. Azkena, Osasunaren aurka. Gorritxoek bazekiten erronka zaila zutela, baina, iaz 1-4 irabazi zutela gogoan hartuta, gauzak zail jarri dizkiote Simeoneren taldeari. Azkenean, ordea, Julian Alvarezek korner batean egindako golak erabaki du lehia.
Vicente Morenok bazekien gorritxoek zer zuten parean. Horregatik, defentsari lehentasuna eman eta 5-3-2 sistemarekin jokatu du gaur. Eta ez zaio erabat gaizki irten: lehen zati osoan, eta bigarrenaren une askotan, zirrikituak topatu ezinda ibili da Atletico, eta Osasunak gola egiteko aukera bat edo beste ere izan du; nagusiki, geldikako jokaldietan. Argiena, Herrandok kanpora bota duen burukada bat, Oblak gaindituta zuela.
Jaso ere, ordea, horietako batean egin du, bigarren zatiaren hasieran. Estrategia jokaldia izan da: Griezmannek erdiratu, Lengletek pasatzen utzi, eta han agertu da Alvarez baloia kontrolatu eta sarera bidaltzeko. 1-0.
Horren ostean baloi jabetza gehiago izan du Osasunak, baina orduan eurak izan dira zulorik aurkitu ez zutenak. Morenok Oroz, Moncayola eta Areso zelairatu ditu, baina ez du askorako balio izan; geroago atera du Budimir. Alferrik; azken minutuetan jokoa kontrolpean izan du Atleticok.
Sailkapen nagusian 11. postuan dago Osasuna, 25 punturekin.