Europarako trenean zihoan Osasuna, denboraldi hasiera aparta osatuta. Onenen artean ari zen bidaiatzen, eta lehen klasean eser zitekeen gaur, Txapeldunen Ligako postuetan sartuta. Horretarako, Santiago Bernabeun irabazi beharra zeukan. Balentria egin nahi zuten gorritxoek. Bada, horren ordez, istripua izan dute. Real Madril zalantzaz josita iritsi da gaurko neurketara, eta, hori gutxi balitz bezala, hiru jokalari galdu ditu lehen zatian, min hartuta. Alabaina, oso erraz gailendu zaio Osasunari. Nafarrek opari handiak egin dituzte defentsan, eta hutsal aritu dira baloiarekin. Beren irudirik txarrena eman dute, Montilivin bezala. Minduta iritsiko dira ligaren hirugarren geldialdira.
Vicente Morenoren itzulerak ez ditu jokalariak hauspotu. Teknikaria ostiralean bueltatu zen lanera, zenbait egunez bere herrikideei laguntzen aritu ondoren –denboraleak suntsitu egin zuen Massanassa, Morenoren herria–. Halere, ez da eseri Santiago Bernabeuko aulkian, oraindik zigortuta baitzegoen. Harmailetatik eman behar izan ditu argibideak. Hamaikakoan, berritasun bakarra txertatu du: Abel Bretones Juan Cruzen ordez —min hartuta baitago Cruz—. Kapitain aldaketa ere izan da: besokoan Valentziako Erkidegoko bandera ageri zen, eta Herrerak Torrori eman dio, hura valentziarra izanik.
Lehen ordu erdian, eroso antzean ibili da Osasuna. Apenas estutu duen Real Madrilek. Baloia etxekoen oinetan izan da, baina erritmo handirik gabe mugitu dute. Gainera, alarmak piztu zaizkie Rodrygoren eta Militaoren lesioen ondorioz. Geroago, Lucas Vazquezek ere min hartu du, baina atsedenera arte iraun du, taldeak aldaketen txandak agortu ez zitzan. Egoera horretan, gorritxoek ez dute kosk egiteko adorerik izan. Aurkariak zer egingo zain ibili dira, eta ez dute kontraerasoak ehuntzeko gaitasunik eduki. Erasoko jokalariak desagertu egin dira; eta atzelariak, berriz, akatsak pilatzen hasi.
Catena sendo zebilen, baina kale egin du 34. minutuan. Lehenik, jokaldia gaizki ulertu du, ez baitu baliatu Viniciusen jokoz kanpoko kokapena. Buruz urrundu du baloia, patxada handiagoz jokatu beharrean. Zelai erdian bigun ibili dira gorritxoak, eta, konturatzerako, Viniciusek gola egin die, Catenari izkin egin eta Herrera jaurtiketa indartsu batekin gaindituta. Golak konfiantza eman dio Real Madrili. Osasuna, berriz, desitxuratu egin da hortik aurrera. 42. minutuan hartu du hurrengo kolpea: Bellinghamek dotore gainditu du Herrera, Asencio debutariaren pase ikusgarria baliatuz. Errazegi puskatu dute gorritxoen egitura.
Noiz bukatuko zain
Osasuna ez da amesgaiztotik esnatu, eta Real Madrilen mende izan da bigarren zatian. Etxekoek askoz ere gose handiagoa izan dute. Azken partidetan kolpe mingarriak hartu ondotik, golak nahi zituzten ukendu gisa. Hirugarrena nafarrek ateratako korner baten ostean iritsi da, 61. minutuan. Luninek baloia eskuekin bildu, eta oinarekin pase luze eta zehatza eman dio Viniciusi. Hain zehatza izan da, ezen brasildarra bakarrik gelditu baita Herreraren aurrean, Aresori korrikaldia irabazita. Atezaina ere atzean utzi, eta gozo bidali du baloia sarera. Hurrengo gola ere aise sartu du, zazpi minutu geroago. Boyomo guztiz lokartu da baloia oinetan zuela, eta behin Brahimek lapurtuta, Viniciusek bidali du ate barrura.
Partida guztiz erabakita zegoen, eta ahalik eta lasterren bukatzea izan da Osasunaren nahia. Ez du beste ezertarako gogorik erakutsi. Ordezko gehienak 4-0eko markagailuarekin irten dira zelaira; ezer gutxi egin zezaketen. Gorritxoek luzapenean izan dute gol aukerarik onena, baina Bretonesek ezin izan dio Rauli azken pasea eman. Atera jaurtiketa bakar bat egin gabe bukatu dute partida.
REAL MADRIL-OSASUNA
Real Madril. Lunin; Lucas Vazquez (Modric, 46. min.), Militao (Raul Asencio, 29. min.), Ruediger, Fran Garcia; Camavinga, Fede Valverde, Bellingham (Gueler, 75. min.); Rodrygo (Brahim, 20. min.), Vinicius (Endrick, 75. min.) eta Mbappe. Osasuna. Sergio Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Abel Bretones; Lucas Torro; Ruben Peña (Raul Garcia, 59. min.), Moncayola (Iker Muñoz, 82. min., Aimar Oroz (Ruben Garcia, 71. min.), Bryan Zaragoza (Arnaiz, 82. min.); eta Budimir (Moi Gomez, 71. min.).
Golak. 1-0. Vinicius (34. min.). 2-0, Bellinghamek (42. min.). 3-0. Viniciusek (61. min.). 4-0. Viniciusek (69. min.).