Ez Europa Liga, ez Konferentzia Liga. Osasunak ez du Europan jokatuko datorren sasoian. Gorritxoek irabazi egin behar zioten gaur Alavesi, eta Rayoren eta Celtaren emaitzen zain egon. Bain ez dituzte etxeko lanak egin, nahiz eta esku-eskura izan duten. Gol bakarrera izan dute sailkatzeko aukera, Rayok ez baititu hiru puntuak lortu. Azkenean bana berdindu dute, eta agur esan diote Europari.
Partida bizi hasi da. Neurketako lehen abagunea nafarrek izan dute, 14. minutuan. Budimirrek bikain errematatu du Bryanen erdiraketa bat, baina Siverak gelditu egin du. Hurrengo jokaldian, berriz, etxekoak egon dira aurretik jartzear. Alabaina, Herrerak geratu egin du Alañak area ertzetik egin duen jaurtiketa.
Minutuak aurrera joan ahala, Alaves lasaiago aritu da, ez baitzuen hiru puntuen beharrik. Osasunak, berriz, nahi zuen aukerak sortzea, baina argitasuna falta izan zaio. Carlos Vicente gola sartzear egon da 22. minutuan, baina baloia gora joan zaio. Herrerak, berriz, beste geldiketa on bat egin du. Oraingo honetan Benavidezen jaurtiketa bat geratu du.
Osasunak argitasun gehiago behar zuen jokoan, eta horretarako Aimar Orozek azaldu behar zuen. Arazurikoa baloia eskatzen hasi da, eta gorritxoek bi abagune on izan dituzte aurretik jartzeko. Catena indartsu sartu da atzetik buruz, baina, bakar-bakarrik zegoela, kanpora bota du errematea. Budimirri, berriz, zutoinetik gertu joan zaio jaurtiketa hurrengo jokaldian. 35. minutuan zen, eta hortik atsedenaldira bitarte parekatu egin zen neurketa.
Bigarren zati hasieran jokatu ditu Osasunak minuturik onenak. Jokoaren ekimena izan du, eta hainbat aukera izan ditu gola sartzeko, tartean bat oso argia Budimirrek. Baina Siverarekin egin du topo berriz. Gorritxoak ondo zeuden, baina ez dituzte aukerak baliatu. Hala, beste behin futbolaren patua azaldu da: Alavesek gola sartu du, 54. minutuan. Juan Cruzek penalti inozoa egin zion Tenagliari, baloia kontrolatzera zihoanean. Carlos Vicentek jaurti du, eta baloia sarean sartu. Kolpea izan da Osasunarentzat, zelai erdiaren kontrola galdu du, eta hurrengo minutuetan Alaves hobea izan da. Benavidez aldea handitzear egon da. 88. minutuan, ordea, Osasunako Raul Garciak gola sartu du. Catenak buruz jo du Aimar Orozen erdiraketa bat, baloia aurrelariari iritsi zaio, eta neurketa berdindu du.
Hortik aurrerakoak agoniaren minutuak izan dira Osasunarentzat eta haren zaleentzat. Gorritxoek estutu egin dute luzapenean, eta aukera ugari izan dituzte gola sartzeko. Baina Sivera azaldu da berriro ere, eta gorritxoek Europarako sailkatzeko zuten ametsa zapuztu.
Athletic, bihar
Athletic izango da denboraldia agurtzen azkena, San Mamesen, Bartzelonaren aurka (21:00, Movistar). Oscar de Marcos agurtzeko eta Txapeldunen Ligarako sailkatu izana ospatzeko partida izango da. Klub zuri-gorriak atzo jakinarazi zuen kontratua berritu diela Iñigo Ruiz de Galarretari eta Iñigo Lekueri. Galarretari 2027 arte luzatu diote, eta Lekueri, 2026 arte.
Alaves-Osasuna
Alaves: Sivera; Tenaglia, Sedlar (Pica, 79. min), Garces, Manu Sanchez; Benavidez (Carlos Martin, 79. min.), Blanco; Guridi (Conechny, 63. min), Aleña, Carlos Vicente; eta Kike Garcia (Toni Martinez, 63. min.).
Osasuna: Herrera; Juan Cruz (Bretones, 59. min.), Boyomo, Catena, Areso; Ibañez (Raul Garcia, 59. min.), Torro (Iker Muñoz, 46. min.); Ruben Garcia (Unai Garcia, 93. min), Oroz, Bryan (Arnaiz, 82. min.) eta Budimir.
Golak: 1-0: Carlos Vicentek (penaltiz, 56. min.). 1-1: Raul Garcia de Harok (88. min.).