Osasuna 1-2 Betis

Osasunak etxean gaindiezin izateari utzi dio

Galdu egin du Betisen kontra; sasoi honetan etxean esku hutsik gelditu den lehen aldia izan da. Gol aukera oldea sortu du, baina ez da behar bezain zehatz aritu. Defentsan, berriz, erraztasunak eman ditu. Chimy izan du borrero, haren itzulerako partidan.

Pablo Ibañez, aurrera egin nahian. IÑIGO URIZ/FOKU
Pablo Ibañez, aurrera egin nahian. IÑIGO URIZ/FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko urriaren 19a
19:50
Entzun

Bolada onenek ere ez dute betiko irauten, eta Osasunari gaur bukatu zaio Sadarreko goraldia: 1-2 hartu du mendean Betisek. Etxean lau garaipen zeramatzan jarraian, eta oraindik ez zekien zer zen bere zaleen aurrean galtzea. Bada, porrotaren gazia dastatu du gaur. Ez dira bat etorri gorritxoek egindako merituak eta lortu duten emaitza. Erasoan zorrotz aritu dira minutu askoan, eta arrisku handiz iritsi dira aurkariaren areara. Gol aukera aldetik, sasoi honetako neurketarik emankorrenetako bat izan da. Eraginkortasuna falta izan zaie, ordea. Baita sendotasuna ere. Oso bigun hasi dute partida, eta, gero sendotzera egin arren, akatsak egiten jarraitu dute. Betisek ez du gupidarik izan, eta lehen garaipena lortu du bisitari moduan.

Chimy Avila izan da Sadarreko harresia pitzatu duena. Argentinarra bigarren zatian zelairatu da, txistu artean. Lehen partida zuen Iruñean Osasunatik Betisera joan zenetik, eta harrera gogorra egin diote zale gorritxoek. Zitala izan da aurrelariaren mendekua: garaitzeko gola sartu du, 73. minutuan. Nafarrak ez dira gai izan kolpe horri erantzuteko. Aurrez, berdindu egin dute Vitor Roquek neurketa hasi eta berehala egindako gola. Oreka ez da berehala itzuli markagailura: gorritxoak minutu luzez ahalegindu dira baloia sareratzea lortu duten arte. Aukerak erruz sortu dituzte, baina ez dituzte baliatu. Harik eta, ordubeteko langara iristear, Torrok banakoa egin duen arte. Osasunak oraindik denbora zuen etxean beste hiru puntu patrikaratzeko. Azkenean, baina, bakar bat ere ez du lortu.

Iruindarrek gaizki hasi dute partida. Vicente Morenok ohiko hamaikakoa zelairatu du, beste batzuetako emaitza emango ziolakoan, baina taldea oso zalantzati zelairatu da. Betisek bere egin du baloia, eta errazegi barneratu da lerro artean. Ondorioa Vitor Roqueren gola izan da, 8. minutuan. Gorritxoek baloia galdu dute jokaldi baten hastapenean, eta Fornalsek pase sakon dotorea eman dio Bellerini. Haren erdiraketa sarera bidali du Roquek, jaurtiketa nahiko behartuta egin arren. Osasunak hauskor jarraitu du, baina aldi berean, min handia egin dio Betisi. Oso irekia izan da lehen zatia, eta harrigarria izan da atsedenaren aurretik gol gehiago ez izatea.

Zelatan ibili da Budimir, baina gaur ezin izan du aurkariaren atea gainditu. Aimar Oroz ere ez da baloia sareratzeko gai izan, aukera onak izan dituen arren. Arazurikoak dantza egin du lerro artean, eta konexio elektrikoa eratu du Bryan Zaragozarekin. Bien artean, aztoratu egin dituzte aurkariak. Pablo Ibañezek ere izua eragin du Betisen area barruan, baita Ruben Garciak ere. Osasunaren aukera ugariek, aitzitik, ez dute amaiera zoriontsurik izan.

Oso bukaera nahasia

Nafarrek ez dute amore eman, eta ekinean jarraitu dute aldageletatik itzuli ostean. Betisek atzeratu egin ditu lerroak, eta bere atearen inguruan gotortu da. Osasunak geldikako jokoan topatu du giltza, falta bati etekina aterata: Ruben Garciak erdiraketa loratua egin du bigarren zutoinera, Catenak jarraipena eman dio jokaldiari, eta Torrok bukaera eman. Merezi zuen gola Osasunak. Eta ez zuen aski. Aimar Orozek eta Bryanek beste aukera bana izan dute ondorengo minutuetan. Bada, garaipenera hurbiltzen ari zela, hegoak ebaki dizkio Chimyk. Boyomok eragindako falta inozo batean iritsi da Betisen bigarrena. Bartrari oso bakarrik errematatzen utzi diote, eta Sergio Herrerak gelditu arren, aldaratzea ate barrura bidali du aurrelari argentinarrak.

Hortik aurrera, oso gutxi jokatu da futbolean. Betisek ahal zuen guztietan galdu du denbora, eta neurketa katramilatu egin da. Torrok kolpe txarra hartu du buruan, eta luzapenean txartel gorria ikusi du Natanek, Rauli oso sarrera itsusia egin ondoren. 102 minutu jokatu dira guztira, eta Boyomo eta Ruben Peñak gertu izan dute gola. Ordea, ezin izan dute Osasunaren estropezua saihestu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.