Hirugarren aldiz jarraian porrot egin du Osasunak, azken sei partidetan bosgarrengoz. Jagoba Arrasateren agurreko denboraldiaren amaiera gazi-gozoa izaten ari da; Lehen Mailan jarraitzea bermatua du taldeak, ezer gutxi du jokoan, baina gaur bezain eskas aritzea ez da gustagarria. 3-0 irabazi dio maila matematikoki galtzeko gutxi falta zaion Granadak.
Atzealdean bereziki ahul ibili dira gorritxoak. Hasiera motel baten ostean, etxekoek gola sartu dute Osasunaren atera jaurti duten lehenengo aldian. Bikaina izan da Pellistriren errematea area ertzetik. Golari esker, zertxobait esnatu dira nafarrak, eta, atsedenaldiaren aurretik, bi gol aukera on izan ditu Raul Garciak. Bat Batallak gelditu dio, eta bestea zutoinera bidali du.
Atsedenalditik, ordea, lo itzuli da Arrasateren taldea, eta hori baliatu du Uzunik 48. minutuan etxekoen bigarrena sartzeko. Hortik aurrera, Osasunako jokalari bakarra nabarmendu da: Sergio Herrera atezaina. Hargatik ez balitz, are egur handiagoa emango zieten bisitariei. Baloi jabetza izan dute, baina Granada eroso zebilen baloia berreskuratzen zuen bakoitzean kontraerasoak egiten. Lucas Boyek azken minutuan sartu du hiru eta hutsekoa.
Sailkapen nagusian 11. postuan da Osasuna, 39 puntu lortuta. Datorren jardunaldian Betis hartuko du Sadarren.