FUTBOLA

Osasunak berdinketa lortu du Valentziaren etxean

Etxetik kanpoko lehen puntua eskuratu dute gorritxoek. Sailkapenean hamaika punturekin geratuko da Osasuna, zazpigarren postuan.

Pablo Ibañez Valentziako jokalari bati baloia lapurtu nahian.BIEL ALINO / EFE
Pablo Ibañez Valentziako jokalari bati baloia lapurtu nahian.BIEL ALINO / EFE
pettan uralde
2024ko irailaren 24a
20:59
Entzun

Osasunak berdindu egin du Valentziaren aurka, eta denboraldi hasierako bolada txarra eten du. Etxean eroso dabil, puntu sorta handia eskuratuta, baina kanpoan zaildu egiten zaizkio partidak, eta gaur arte puntu bakar bat eskuratu gabe zegoen. Gaur, talde ahuldu bat zuen aurrean, sailkapenean lau puntu besterik ez zuena, eta aukera baliatu du gutxienez puntu bat eskuratzeko. Lehia oso estua izan da, baina ez da esku hutsik joan Mestallako norgehiagoka gogorretik.

Zortzi egunetan jokatu beharreko hirugarren partida izanik, Osasunak ohiko hamaikakoa aldatu behar izan du. Hiru aldaketa egin ditu Vicente Morenok, baina ez nolanahikoak. Bryan Zaragoza, Budimir eta Ruben Garcia aulkian geratu dira. Denboraldi hasieran jokalari garrantzitsuak izan dira gorritxoentzat, baina atsedena hartu beharrean zeuden. Haien lekua Moi Gomez, Raul Garcia, eta Ruben Peñak hartu dute.

Joko mardula nagusitu da norgehiagokaren lehen zatian. Bi taldeek abiadura sartu diete euren jokoari, baina ez diete doitasunik eman euren ideiei. Zertxobait hobeto aritu da etxeko taldea, nahiz eta Sergi Herrera Osasunako atezainak ez duen ia kezkatu ere egin behar izan. Erasoan oso eragin txikia izan dute bi taldeek, eta defentsak nagusitu dira.

Atsedenetik, ordea, biziberrituta atera dira bi taldeak. Osasunak Pablo Ibañez zelairatu du Moncayolaren ordez, eta oso gutxi behar izan du zutoinen arteko lehen jaurtiketa egiteko. Valentzia ez da atzean geratu, eta laster eman du erantzuna, Herrerak arazo handirik gabe gelditu duen jaurtiketa batekin. Bertikaltasunari jarraipena emanez, Ibañezek beste aukera bat izan du hegaletik egindako eraso baten ondoren, baina ez du asmatu jaurtiketarekin.

Valentziak ere hegaletik egin ditu aukerarik onenak. 58. minutuan, Sergio Herrerak oinarekin alderatu du Valentziako aurrelariaren jaurtiketa. Area txikiaren barruan sartu diote erdiraketa, eta Osasunako atezainak hankak tenkatu behar izan ditu baloia kanpora botatzeko. Ordurako, partidako aukerarik argiena izan da.

Pizgarria behar zuen Iruñeko taldeak, eta Vicente Moreno entrenatzaileak ez du zalantzarik izan erasoko jokalariak zelairatzeko. Budimir eta Raul Garcia sartu dira Valentzia urduri jartzen saiatzeko, eta Osasunak behar zuen txinparta emateko. 

Desoreka nagusitu da

Partida desorekatzen hasi da, baloi ugari galdu dituzte bi taldeek, eta txartel hori batzuk ere jaso dituzte azken hogei minutuetan. Erabat irekita zegoen norgehiagoka, eta edozein hutsegitek hiru puntuko ordaina izan zezakeen. Baina bi taldeak hiru puntuen bila joan dira, eta ez diote erasotzeari utzi. Nahasmena nagusitu da.

Azken minutuetan sartuta, Osasunak arintasun handiagoz josi ditu jokaldiak, eta gertu izan du 0-1 ekoa. Bryan Zaragozak hasi duen kontraeraso baten ondoren, Moi Gomezek jaso du baloia, eta erdiraketa bikaina jarri du Budimirren burura. Kroaziarrak gutxitan galtzen ditu horrelako aukerak, baina Mamardashviliren atetik gora egin du errematea. Luzapenean, ordea, estualdi txiki bat izan du etxeko taldeak, baina, Osasunaren mesederako, ezerezean geratu dira valentziarren saiakerak.

VALENTZIA-OSASUNA

Valentzia: Mamardashvili; Correia (Foulquier, 74.min.), Tarrega, Mosquera, Vazquez; Pepelu, Barrenechea (Fran Perez, 62.min.); Diego Lopez (Hugo Duro, 74.min.), Almeida (Javi Guerra, 62.min.), Rioja eta Dani Gomez (Canos, 84.min.).

Osasuna: Herrera; Areso, Boyono, Herrando, Bretones; Moncayola (Pablo Ibañez, 45.min.), Torro, Aimar Oroz (Raul Garcia, 63.min.); Ruben Peña (Bryan Zaragoza, 77.min.), Moi Gomez, eta Raul Garcia (Budimir, 63.min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.