Osasuna 1-1 Leganes

Osasunak berdindu egin du Vicente Morenoren debutean

Gorritxoak oso makal aritu dira lehen zatian, eta Leganes aurreratu egin da. Berdinketa 80. minutuan iritsi da, eta Soriano atezainak etxekoen garaipena saihestu du.

Bryan Zaragoza, bere lehen partidan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Bryan Zaragoza, bere lehen partidan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 17a
21:40
Entzun

Vicente Morenok ez du amestutako debuta izan Osasunarekin. Gorritxoek ezin izan dute Lehen Mailara igo berria den Leganes garaitu, eta puntu bakarra eskuratu dute zaleen aurrean. Osasunak lehen zati kaskarra jokatu du. Galduta aritu dira erabat, eta Leganes aurreratu egin da, hainbat aukera huts egin ostean. Bigarren zatian goitik behera aldatu da taldearen jokoa, batez ere Bryan Zaragoza zelairatzearekin batera. Gorritxoek partida berdintzea lortu dute, baina bigarrena sartzeko hainbat aukera huts egin dituzte.

Leganesek eman du lehen abisua Sadarren. Valentin Rosier atzelariak Miguel De la Fuentek egindako erdiraketa sareetara bidali du, baina marrazainak banderatxoa altxatu du, De la Fuente jokoz kanpo baitzegoen baloia iritsitakoan. Madrilgo taldeak hobeto ekin dio neurketari, eta markagailuan aurreratzeko aukera gehiago izan ditu, baloi geldian batez ere. Javi Hernandezek gola gertu izan du falta jaurtiketa batean, eta De la Fuentek aukera argiago bat ere izan du korner jaurtiketa batean. Sergio Herrera atezainak gaizki neurtu du noiz irten, baina aurrelariaren errematea nola hala oztopatu du. 

Leganes behin eta berriro saiatu da luzean jokatzen, atzelarien bizkarra bilatuta, eta hogeigarren minutuan jaso du saria. Javi Hernandezek baloia loratu du Juan Cruz lerro artean aurkitzeko, eta oina jartzearekin bakarrik gainditu du Herrera. Gorritxoen atzeko lerroak oso modu pasiboan defendatu du jokaldia.

Osasuna galduta aritu da lehen zatian. Iker Muñozek eta Lucas Torrok nahikoa lan izan dute defentsako lanean, eta erasoan nekez aurkitu dituzte Aimar Oroz, Moi Gomez eta Ruben Garcia, lerro artean. Azken hori izan da lehen zatian gorritxoen jokalaririk onena. Alde batetik bestera mugitu da, taldekideei irteeraren bat emateko. Gola sartzeko aukera ere izan du, baina behartuta egin du errematea buelta erdian, eta arazorik gabe gelditu du Juan Sorianok.

Bigarren zatian Jon Moncayola zelairatu du Morenok, eta pixkanaka-pixkanaka hobera egin du taldeak. Berdintzeko gola gertu izan du Alejandro Catenak, korner bat buruz errematatuta. Baina haren burukadari bikain erantzun dio Soriano atezainak. 

Hobera, Zaragozarekin

Gorritxoen minuturik onenak, ordea, 60.etik aurrera iritsi dira. Morenok ezker hegala indartu nahi izan du, eta Juan Cruz eta Bryan Zaragoza zelairatu ditu. Azken hori Bayern Munichek utzita ari da Osasunan, eta hura da zaleen esperantzetako bat. Ikustekoa izan da zelairatu denean zaleek nolako txalo zaparrada eskaini dioten. Malagarrak berehala eman die bere gaitasunen berri, gainera. Ezker hegalean iritsi zaio baloia, eta atzelari bati izkin egin ostean egin du jaurtiketa. Sareetara zihoan baloia, baina Leganeseko atzelari batek atepetik atera du errematea. 

Osasuna askoz hobeto ari zen, eta behin eta berriro hurbildu da Sorianoren atera. Zaleek ere taldea hauspotu dute, eta lehen zatian entzun diren txistu hots gutxiak taldearen aldeko oihu bilakatu dira.

Batasun hori baliatu egin dute gorritxoek, eta 80. minutuan berdinketaren gola iritsi da. Aimar Orozen jaurtiketak atzelarietako batean jo du lehendabizi, zutoinean ondoren, eta atezainak berak sartu du bere atean azkenean, nahi gabe. Osasuna ez da horrekin konformatu, ordea, eta partida irabazteko aukera argiak izan ditu.

Zaragozak izan du argiena. Hegalekoak hamar minutu lehenago egindako jokaldi berdina egin du: ezker hegalean baloia jaso, barrura jo, atzelari bati izkin egin, eta baloia bigarren zutoinera bidali. Haren artelana, ordea, Sorianok atera du, geldiketa ikusgarri batekin. Hatzekin baloia ukitzeko gai izan da, eta baloiak zutoinean jo du. Hortxe izan ditu gola eta garaipena Osasunak, baina berdinketarekin konformatu behar izan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.