Osasuna hainbestean aritu da berriro etxetik urrun, baina, gorritxoen zorionerako, oraingoan ez dira geratu esku hutsik: puntu batekin itzuliko dira Iruñera. Nafarroako taldeak bana berdindu du gaur gauean Sevillan (Espainia), Sanchez Pizjuanen, Espainiako Lehen Mailako hamabosgarren jardunaldiaren azkeneko partidan.
Puntu bat lortu eta gero, Vicente Morenok entrenatutako taldeak sailkapenaren goialdean eutsiko dio: zazpigarren postuan dago, 23 puntu lortuta. Oso kopuru ona da, baina askoz hobea litzateke Sadarren bezala edo antzeko arituko balitz etxetik urrun: 23 puntutatik hamazazpi eskuratu ditu bere zaleen aurrean.
Sevillaren aurkako partidak denboraldi honetan Osasuna zer helbururengatik borrokatuko den zehazteko balio bazuen, hauxe da ondorioa: etxetik kanpo hobeto aritu ezean, zail izango du mailari eustea baino helburu handiago batengatik borrokatzea. Hori hobetzen badu, Europarako sailkatzearekin amets egiteko aukera izango du.
Gaurko neurketaren emaitza justua da, ez Sevillak eta ez Osasunak ez baitute aurkariak baino meritu gehiago egin irabazteko. Gorritxoek sartu dute lehen gola, 68. minutuan. Aresok erdiraketa bikaina egin du, eta Budimirrek buruz sartu du gola. Ezer gutxi eginda, aurretik jarri dira bisitariak. Baina gutxi iraun die pozak; handik bost minutu eskasera, Saulek pase luze ederra egin du, eta Lukebakiok aurrea hartu dio Juan Cruzi, eta ezin hobeto bukatu du jokaldia, Herrera maisuki gaindituta.
Azken minutuetan, partida erabat hautsi da, eta bi taldeek izan dute aukera bigarren gola sartzeko. Luzapenean, Alvarok geldiketa ederra egin dio Budimirri, eta, jarraian, Herrerak beste horrenbeste egin dio Lukebakiori. Hala, banakoarekin bukatu da neurketa.