Pauso irmoz ibiltzea zegokion gaur Osasunari, baina hanka puntetan igaro da Espanyolen zelaian jokatu duen partidatik. Aurrean ligako talderik apalenetako bat izan arren, gorritxoek oso neurketa grisa jokatu dute, eta apenas hurbildu diren garaipenera. Irabazteko, atera gutxienez jaurtiketa bat egin beharra dago, eta Osasunak ez du bete oinarrizko baldintza hori. Eskularruak ez ditu batere zikindu Espanyolen atezainak. Gauzak hala, aukera ona galdu dute nafarrek garaipenen bidera itzultzeko. Anbizioa falta izan zaie, baita Bryanek ematen dien txinparta ere. Dagoeneko bost jardunaldi daramate irabazi gabe. Bederen, berdindu egin dituzte azken lau lehiak, eta Europako postuen lehian daude oraindik ere.
Etxeko zaleek txaloz hartu dute Vicente Moreno. Ez alferrik, teknikari gorritxoak bi sasoi egin baitzituen Espanyolen, eta taldea Lehen Mailara igo. Partida berezia zen Morenorentzat, eta ezohiko apustua egin du, bi aurrelariko sistema ezarrita. Raul Garciak Budimirren ondoan jokatu du, Abel Bretones atzeko lerrora itzuli da, eta Aimar Orozek ezkerretik abiatu ditu jokaldiak. Gisa horretan jokatuta, gorritxoek arrisku handia sortu zioten Alavesi atsedenaren ondoren. Gaur, ordea, dezentez kamutsago aritu dira.
Espanyolek erasora egin du lehen minutuetan, baina gutxi iraun dio sugarrak. Hortik aurrera, baloia Osasunari eman dio, eta gorritxoek nahiko ondo mugitu dute jokaldi batzuetan. Aimar izan da taldearen orkestra zuzendaria, eta haren erritmoan aritu dira gorritxoak. Nonahi agertu da Aratzurikoa. Alabaina, jokaldiak finitzerakoan distira falta izan zaio Osasunari. Aukerarik sortu gabe aldageletara. Ruben Garciak faltaz egindako erdiraketa arriskutsu bat izan da nafarren abagunerik onena. Espanyol ere antzu ibili da, Puadoren agerraldi bakan batzuk kenduta.
Bigarren zatiak nahiko hasiera bizia izan du bi taldeei dagokienez. Espanyolek zenbait erdiraketa egin ditu, eta Aimarrek kanpora jaurti du, area ertzetik. Osasuna apur bat zorrotzago aritu dela sumatu da, eta 57. minutuan partidako jokaldirik onena ehundu du. Ruben Garciak pase sakona eman dio Aimarri, hark Budimirrekin jokatu du, azkar, eta Raulek izan du jaurtiketa egiteko ardura. Bada, ez du baloia zutoin artera bidali.
Bukaera urduria
Geroago, erlauntza astintzen saiatu da Moreno, eta ohiko sistema berrezarri du, Iker Muñoz eta Ruben Peña zelairatzearekin batera. Espanyolen teknikariak ere hainbat aldaketa taktiko egin ditu, eta orekak indarrean jarraitu du. Azken ordu laurdenean, baina, ireki egin da partida. Lehenik, gertu izan du gola Peñak, Aimarren pasea jaso ostean. Haatik, kanpora joan zaio errematea, atzelari batek desbideratu ondotik. Jarraian, etxekoen oldarraldia iritsi da. Hainbat korner izan ditu alde, eta horietako baten ostean, area ertzetik jaurti du Pol Lozanok. Baloia sareetara zihoan, baina Sergio Herrerak eragotzi egin du.
Osasuna deseroso ibili da azken txanpan, eta baloia galdu du hainbatetan. Kike Barja sukalderaino sartu da azken jokaldietako batean; erdiraketa, ordea, ez da ona izan. Jarraian, Cheddirak lanean jarri du Herrera. Azkenean, hasi bezala bukatu da lehia: golik gabe.
Morenok balioa eman dio emaitzari. «Garaipena nahi genuen, baina, ezin dugunean irabazi, puntua ona da. Distira falta izan zaigu».
ESPANYOL-OSASUNA
Espanyol. Joan Garcia; Tejero, Kumbulla, Cabrera, Brian Olivan; Pol Lozano, Kral, Romero (Justin, 86. min), Antoniu Roca (Cheddira, 60. min); Cardona (Milla, 74. min) eta Puado.
Osasuna. Sergio Herrera; Areso (Nacho Vidal, 83. min), Catena, Boyomo, Bretones (Juan Cruz, 87. min); Ruben Garcia, Pablo Ibañez (Iker Muñoz, 67. min), Torro, Aimar Oroz (Kike Barja, 86. min); Budimir eta Raul Garcia (Ruben Peña, 67. min).
REALAK BOLADA ONA LUZATU NAHI DU ETXEAN
Realak etxean jokatuko du bihar berriro, Las Palmasen aurka (18:30, Movistar). Txuri-urdinek bolada ona luzatu nahi dute, azken lau partidak irabazi baitituzte Anoetan. Aurkaria hamalaugarren postuan dago, eta Realak baino sei puntu gutxiago ditu.
Emakumeen taldeak, berriz, 2-0 irabazi dio gaur Granadillari. Amaiur Sarriegik eta Nerea Eizagirrek sartu dituzte golak. Bihar, Eibar Levante Badalonaren zelaian ariko da (16:00, Dazn), eta Athletic, Sevillarenean (19:00, Dazn).