Osasunak bana berdindu du Las Palmasen

Bigarren zatiaren hasieran aurreratu dira, Unai Garciaren gol bikain bati esker, baina etxekoek berehala berdindu dute.

(ID_13643328) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Unai Garcia, sartu duen gola ospatzen, gaur, Las Palmasen. QUIQUE CURBELO / EFE
2024ko otsailaren 25a
21:12
Entzun

Osasunak ontzat eman dezake gaur Kanaria Uharteetan eskuratu duen puntua. Jagoba Arrasateren taldeak ez du arrisku handirik sortu, baina markagailuan aurrea hartzea lortu du, eta arazo handirik gabe eutsi dio berdinketari. 

Bost atzelarirekin zelairatu dira nafarrak, eta etxekoena izan da baloiaren jabetza: lehen zatiaren une batzuetan, ia %90. Kontraerasoren bat baliatzea zen bisitarien asmoa, eta, minutuek aurrera egin ahala, berdindu egin da lehia. Bi taldeek izan dituzte aukerak, baina gutxi.

Bigarren zatiaren hasiera zoroa izan da neurketako unerik azpimarragarriena. Korner baten aldaratzea jaso, eta Mojicak hegaletik egin du jokaldia. Jarraian gertatu denak zur eta lur utzi ditu zale gorritxoak: area barruan, Unai Garcia atzelariak aurrelari onenen gisara jo du baloia, boleaz, eta zuzenean bidali du sarera. Ikusgarria izan da. Eta pozak tentelduta-edo, ohartzerako sartu diote gola Osasunari: Kirianek egin du berdinketarena, hark ere area barrutik eta boleaz. Ez sinestekoa.

Zoramen minutu horien ostean, berriz ere baretu dira urak. Orduan ere aukerak bientzat, baina gutxi. Sailkapenaren erdialdean eroso dabiltzan bi taldeek berdinketa ontzat ematen zutela zirudien. Eta horrelaxe amaitu da partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.