Apaindurek ez dute askorik balio Kopan. Aurrera egitea da kontua. Eta horixe egin du gaur Osasunak, Teneriferen aurka, final-hamaseirenetako kanporaketan. Pragmatismoz jokatu du, eta egin beharrekoak egitera mugatu da. Gorritxoentzat ez da huskeria Teneriferen zelaian irabaztea, soilik 1976an nagusitu baitzen bertan. Gaur arte. Kanariarrak krisiak jota eta teknikaria aldatu berritan iritsi dira gaurko lehiara, baina garesti saldu dute hurrengo kanporaketarako txartela. Osasunak bi kornerretan bi gol sartu ditu lehen zatian, baina etxekoak suspertu egin dira atsedenaren aurretik aldea murriztuta. Nafarrak balantzaka ibili dira gero; ordea, estropezua saihestu, eta aurrera egin dute.
Neurketa serio hartu du Vicente Morenok, eta oso hamaikako lehiakorra zelairatu du. Ligan gutxien jokatzen ari diren jokalarien artean, soilik Aitor Fernandezek, Jorge Herrandok eta Ruben Peñak hasi dute lehia titular gisa. Osasunak bere ahalmenaren berri eman du, Tenerife grinatsu zelairatu den arren. Gutxi iraun die kemenak etxekoei, zazpigarren minutuan Herrandok aurretik jarri baititu gorritxoak, Ruben Garciak kornerretik egindako erdiraketa bihurria baliatuta. Osasunako atzelariaren eta Enric Gallego gorritxo ohiaren artean sareratu dute baloia.
Hortik aurrera, erabateko nagusitasuna erakutsi du Iruñeko taldeak. Jokaldi luzeak egin ditu, baloia alderik alde mugituz. Budimirrek burukada batekin bukatu du ondo landutako sekuentzia bat, eta gelditua egitera behartu du Badia. Eta 25. minutuan, aldea handitu egin dute nafarrek, beste korner batean: Moncayolaren erdiraketak area barruan punpa egin, eta Jose Leonek bere atean sartu du baloia.
Budimir partida erabakita uztear izan da gero, baina baliogabetu egin diote gola, jokoz kanpo zegoelakoan. Egoera guztiz kontrolpean zuen Osasunak. Atsedena ate joka zela, ordea, gola sartu diote zorigaiztoko jokaldi batean. Berriz ere Jose Leon izan da protagonista, baina oraingoan baloia kontrarioaren atean sartuta, urrundik egindako jaurtiketa batekin. Boyomok baloia desbideratu du, eta Aitor Fernandez iltzatuta gelditu da.
Joera aldaketa
Golak ez dio onik egin Osasunari. Tenerife, berriz, hazi egin da. Alvaro Cerverak atsedenean egindako aldaketek ere zerikusia izan dute horretan. Marlosek arriskua sortu du bere abiadura baliatuta, eta hark eragindako falta bat langara bidali du Sergio Gonzalezek. Mamuak gainean sentitu ditu Osasunak; Tenerifen jokatutako azken aldian alferrik galdu zuen bi golen aldea –galdu egin zuen azkenean, 3-2–. Etxekoek gutxi zuten galtzeko, haien helburua baita Bigarren Mailako azken postuetatik ateratzea pixkanaka. Eta konplexurik gabe aritu dira bigarren zatian.
Osasunak, berriz, galdu egin du lehen zatiko indarra eta erabakimena. Lanak izan ditu jokoa kontrolatzeko, eta tantaka agertu da aurkariaren arean. Minutu luzez, Herrandok korner batean egindako burukada izan da gorritxoen aukera bakarra. Azken txanpan, ordea, erosoago aritu dira. Aimar Orozek lema hartu du, eta bere talentuaren berri eman. Iker Muñoz, berriz, baloia zelai erditik sareratzear izan da, aulkitik atera ostean. Jokoa bere areatik urruntzea lortu du Osasunak, eta, azkenean, askorik sufritu gabe sartu da final-zortzirenetan.