CELTA 1-0 OSASUNA

Osasunak atzerapausoa eman du, Vigon galduta

Gorritxoak nagusi izan dira lehen ordu erdian, eta gola sartzeko aukerak izan dituzte, baina ez dute asmatu. Bigarren zatiaren erdialdean, Lucas Torrok penaltia egin dio Borja Iglesiasi, eta Iago Aspasek partidako gol bakarra sartu du.

Ruben Peña. SALVADOR SAS / EFE
Ruben Peña, Celtako Oscar Minguezarekin lehian. SALVADOR SAS / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko otsailaren 21a
22:54
Entzun 00:00:0000:00:00

Osasunak atzerapausoa eman du Europarako sailkatzeko bidean. Galdu egin du gaur gauean Vigon (Galizia), Celtaren aurka: 0-1. Lucas Torrok 68. minutuan Borja Iglesiasi egindako eta Iago Aspasek minutu bat geroago sartutako penaltiak zapuztu egin ditu gorritxoen asmo guztiak. Hala, duela astebete Sadarren Real Madrilekin berdintzeak emandako bultzadari segida eman ezinik geratu dira.

Gaur galdu eta gero, eta asteburuko emaitzen zain, Osasuna hamargarren postuan dago. Hiru puntura du seigarren sailkatua, Rayo Vallecano, baina Espainiako taldeak ez du oraindik jokatu asteburuan, ezta gorritxoen aurretik edo haiei aurrea hartzeko moduan dauden zenbait taldek ere. Beraz, baliteke koskaren bat egitea atzera.  

Vicente Morenok entrenatutako taldea ez da ondo ari, edo ez behar bezain ondo behintzat Europarako sailkatzeko lehian buru-belarri aritu nahi badu. Azken hamahiru partidetatik bakarra irabazi du, zortzi berdindu, eta lau galdu; hau da, 39 puntutatik 11 baino ez ditu lortu. Kopuru eskasa da.

Atzean eta aurrean ondo aritzea erabakigarria da irabazteko, eta, gaur, Osasuna ez da ondo aritu ez batean, ez bestean. Aurrean, aukera garbiak izan ditu, batez ere lehen ordu erdian, nagusi izan baita orduan, baina ez Ante Budimirrek, ez Bryan Zaragozak ez dute asmatu. Hori aski ez, eta gorritxoek egin duten huts bakarra baliatu du Celtak gola sartzeko. Bigarren zatiaren erdialdean, Lucas Torrok penalti inozoa egin dio Borja Iglesiasi, eta Iago Aspasek ez du barkatu.

Aimar Orozek eta Jesus Aresok ez dute jokatu, zigortuta baitzeuden, eta taldeak haren falta sumatu du. Hori hala ez izateko, Vicente Morenok bost atzelariren aldeko defentsaren alde egin du, baina apustua ez zaio ondo atera. Taldea sendo aritzea nahi zuen, baina ez du helburua lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.