OSASUNA 4-2 BARTZELONA

Osasunak astindua eman dio Bartzelona liderrari (4-2)

Ligako liderrak lehen porrota izan du, Sadarren. Budimirrek bi gol sartu ditu, Bryan Zaragozak bat, eta azken gola Bretones atzelariak sartu du.

(ID_14295405) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2024-09-28, Iruñea. Futbola
Bryan Zaragozak zutik jarri ditu gaur Sadarreko zaleak. IDOIA ZABALETA / FOKU
pettan uralde
2024ko irailaren 28a
23:19
Entzun

Osasunak eromena piztu du Sadarren Bartzelona 4-2 menderatu ostean. Vicente Morenoren taldeak partida ikusgarria egin du ligako liderra garaitzeko. Lehen ordu erdirako bi golen errenta sartu du etxeko taldeak, eta txikitu egin du ligan partida guztiak nagusitasunez irabazi dituen taldea. Izan ere, gaur, gorritxoek eman dute lider itxura. Budimirrek sartu du lehen gola, Bryan Zaragozaren erdiraketa batean, eta bigarrena Bryanek berak sartu du atezaina eserita utzita maniobra ikusgarri batekin. Bigarren zatian Bartzelona gerturatu egin da, baina Budimirren eta Bretonesen golekin garaipena ziurtatu du Osasunak.

Gorritxoek bost jokalari aldatu dituzte azken hamaikakoarekin alderatuta, Bartzelona gelditzen saiatzeko. Juan Cruzek Abel Bretones ordezkatu du, defentsari lehentasuna emateko; Ibañez Moncayola lesionatuaren ordezko logikoa zen, eta Ruben Garciak, Budimirrek eta Bryanek osatu dute gorritxoen erasoko hirukote berria, Ruben Peña, Moi Gomez eta Raul Garciaren ordez. Izenen gainetik, Vicente Morenoren taldeak bere partidarik onena egin behar zuen Bartzelona eraberritu bati hozka egiteko. Izan ere, datorren astean Txapeldunen liga jokatuko du ligako liderrak, eta jokalari garrantzitsu batzuk aulkitik hasi dute partida. Esate baterako, Lamine Yamal hasieratik ez egotea albiste ona izan da gorritxoentzat.

Etxeko taldea oldarkor atera da lehen minutuetan, eta aurkariarengan jarritako presio handiak Hansi Flicken jokalariak ito ditu. Deseroso aritu da Bartzelona, Osasunaren segurtasun eta konfiantzaren aurrean. Bartzelonak ezin izan du hiru zutoinen artean errematerik egin, baloiaren jabetzaren %70 inguruan izan badu ere lehen zati osoan. Baloia kontrolpean izateak ez dio balio izan aurkariaren arean arriskua sortzeko.

Budimir eta Bryan, bien artean lortu duten gola ospatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Budimir eta Bryan, bien artean lortu duten gola ospatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU

Osasunak argi zuen baloia lapurtu ondoren zer egin: ahalik eta bertikalena izan, eta hegaletik eraso egin. Lehen abisua Jesus Aresok eman du, Bartzelonak baloi irteeran egindako huts baten ondoren jaurtiketa gurutzatu bat eginez. Baina gola laster etorri da, minutu eskasera. Bryanek kornerretik gertu jaso du baloia, eta Jules Kounde atzelariarekin bat baten aurkako egoeratik aterata erdiraketa bikaina jarri dio Budimirri. Kroaziarrak ez du huts egin, eta markagailuan aurreratu da Osasuna.

Hamar minutu geroago, hankaz gora jarri da partida. Beste trantsizio azkar batean Bryanek bikain gidatu du baloia Bartzelonaren atezainaren aurrera iritsi arte, eta denek jaurtiketa espero zutenean trikimailu ikusgarri bat egin du aurrelari andaluziarrak. Iñaki Peñaren aurrean pilota zapalduz eserita utzi du atezaina, eta maisuki bultzatu du baloia sare barrura.

Bartzelona zokoratua izan du Osasunak lehen zatian, eta azken minutuetan besterik ez dio utzi arnasa hartzen. Sartutako bi golek justizia osoz jarri dute aurretik markagailuan etxeko taldea. Kataluniako taldeari trabatu egin zaio Osasunaren presioa, eta ez du bere futbol azkarraren aurrean erreakzionatzen jakin.

Huts bakar bat, baina ez nolanahikoa

Gozatzen ari ziren gorritxoak berdegunean, eta bigarren zatian martxa bakar bat ere jaitsi gabe hasi dute. Haatik, ezustean jaso du Bartzelonaren kolpea. Sergio Herrera kapitainak, geldiketa bikain bat egin ondoren, gaizki erabaki du baloi irteera batean, eta Bartzelonako jokalari bati oparitu dio baloia. Pau Victor gazteari, hain zuzen. Masiako aurrelariak ez du aparteko jaurtiketarik egin, baina Herrera erori egin da azken-azkenean, eta ez du galarazi kanpotarren lehen gola.

Baina buruarekin ez ezik, bihotzarekin ere jokatzen du Osasunak, eta gola sartu izan ez baliote bezala erantzun dio Bartzelonari. Sufritzea tokatu zaio jokaldi batzuetan, baina erasoan zigortzen jarraitu dute Vicente Morenoren jokalariak. Eta, beste behin, kontraeraso azkar batean iritsi zaio saria Osasunari. Budimirrek penalti puntuan jaso behar zuen erdiraketa bat, baina Sergi Dominguez gazteak lurrera bota du kroaziarra. Hamaika metroetatik ez du hutsik egin aurrelariak, eta 3-1 ekoa jarri du markagailuan.

Bartzelonari kosta egin zaio berriro ongi sentitzea, eta Osasunaren erasoak geldiarazteko arazo handiekin zebilen oraindik. 85. minutuan, ordea, partida akabatu egin du Osasunak, beste gol itzel batekin. Abel Bretones hegaleko defentsak baloia jaso du zelai erdian, aulkitik sartu berritan, eta bitan pentsatu gabe jaurtiketa indartsu bat egin du. Bartzelonako atezainak ez zuen espero, eta mugitu denerako ate barruan zen baloia. Berriro sutan jarri da Sadar.

Ez zegoen zertara jokatu azken minutuetan, baina Bartzelonak estualdi txiki bat eman du harrotasun puntu bat erakutsi nahian. Lamine Yamal gazteak area kanpotik gol bikain bat egin du, baina ez dio ezertarako balio izan bere taldeari. Lehen aldiz erori da Bartzelona aurtengo Espainiako Lehen Mailan.

OSASUNA-BARTZELONA

Osasuna: Herrera; Areso (Herrando, 84. min), Boyono, Catena, Juan Cruz (Nacho Vidal, 84. min); Pablo Ibañez, Torro, Aimar Oroz; Bryan Zaragoza (Bretones, 77. min), Raul Garcia (Ruben Peña, 59. min) eta Budimir (Raul Garcia, 77. min).

Bartzelona: Iñaki Peña; Kounde, Sergi Dominguez, Cubarsi, Gerard Martin (Alex Balde, 70. min); Pedri, Eric Garcia; Ferran Torres, Pablo Torre (Lamine Yamal, 59. min), Pau Victor (Raphinha, 59. min); Robert Lewandowski (Casado, 70. min).

Golak: Budimirrek (18. min), Bryan Zaragozak (28. min), Pau Victorrek (53. min), Budimirrek (72. min), Bretonesek (85. min), eta Lamine Yamalek (89. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.