Burua altxatu ezinik dabil Osasuna azkenaldian. Azken hamabost jardunaldiotan partida bakarra irabazi dute, eta gaur beste kolpe latz bat jaso dute. 1-2 galdu dute Getaferen aurka Sadarren, irabazten joan ostean.
Ondo atera dira gorritxoak zelaira. Gol aukera gutxi izan dira partidaren lehenengo zatian, baina 44. minutuan Ibañezek baloia pasatu dio Aresori, hura arean sartu da, eta Budimirren oinetan jarri du baloia. Arriskua ikusita, Getafeko Duartek lurrera bota du Budimir. Penalti argia izan da, eta kroaziarrak berak sareratu du baloia.
Beraz, abantaila horrekin joan dira taldeak atsedenaldira, eta arratsaldeak itxura ona zuen nafarrentzat. Baina erantzuteko asmoz atera dira madrildarrak zelaira, eta bigarren zatiko hamargarren minutuan lortu dute partida berdintzeko gola: Mayoralek orpoz utzi dio baloia Terratsi arearen ertzean, eta hark ezkerrarekin eginiko jaurtiketa gogor baten bidez berdindu du partida.
Orduan, Bretones eta Aimar Oroz zelairatu ditu Osasunak, partidaren lema berriz hartzeko itxaropenez. Baina 71. minutuan bigarren kolpea jaso dute gorritxoek: Terratsek berak hasitako jokaldi bat bukatu du Getafeko jokalariak, area barrutik eginiko jaurtiketa batek Bretonesen gorputza jo eta baloia ate barrura desbideratu baita. Gorritxoek argi izpi bat ikusi dute epaileak Uche kanporatu duenean —bi txartel hori atera dizkio—, baina ez dute lortu berdintzerik ere.
Orain, Osasuna sailkapeneko hamalaugarren postuan dago, eta 33. puntu ditu.