«Osasunagatik egiten genuen»

Kirolariak «gizabanako gisa» artatzen zituela adierazi du Eufemiano Fuentes medikuak, eta ez txirrindulariak soilik

unai zubeldia
Donostia
2013ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Autotransfusioen bidez hematrokrito tasa kontrolatzen saiatzen ginen; kirolarien osasunagatik egiten genuen». Eufemiano Fuentes medikuaren eta Puerto auziko akusatu nagusiaren deklarazioak entzun zituen atzo Julia Patricia Santamaria epaile nagusiak, Madrilgo 21 zenbakiko Zigor Epaitegian. Ia lau orduz aritu zen Fuentes Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren galderak erantzuten —erantzun gabe utzi zituen Espainiako Txirrindularitza Federazioaren, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI), Dopinaren Aurkako Munduko Agentziaren (WADA), Txirrindulari Profesionalen Nazioarteko Elkartearen, eta Jesus Manzano txirrindulari ohiaren galderak—.

1990ean ONCE taldeko medikua izan zen Fuentes, eta Kelmen aritu zen lanean gero, 2002ra arte. «Baina hortik aurrera kirolariak gizabanako gisa artatzen nituen; prestatzaile eta aholkulari lanetan aritzen nintzen». Txirrindulariez gain, bezeroen artean futbolariak, tenis jokalariak, boxeolariak, atletak... ere bazeudela gaineratu zuen. Defentsaren galderak erantzungo ditu gaur, eta Jose Ignacio Labarta, Manuel Saiz eta Vicente Belda kirol zuzendari ohien, eta Yolanda Fuentes medikuaren txanda izango da gero. Bi urte arteko espetxe zigorra jaso dezakete bost akusatuek; epaileak atzo berretsi zuen osasun publikoari kalte egitea bakarrik leporatzen dietela bostei. Fuentesen abokatuak eskatu zuen miaketetan atzemandako sendagaiak auzitik kanpo uzteko, baina sendagaiak odol poltsen zaku berean sartuko dituztela erantzun zion epaileak.

Transfusioen inguruko azalpen zehatza eman zuen akusatuetan lehenengoak. «Kirolariak odol likatsua bazeukan, atera eta izoztu egiten genuen, osasun arriskurik izan ez zezan. Ondoren, kirolaria hematokrito tasa baxuegiarekin edo anemiarekin etortzen bazen, aurretik ateratako odol hori bera sartzen genion». Medikuak irmoki defendatu zuen osasunarentzat hematokrito tasa altuegia bezain arriskutsua dela «baxuegia» edukitzea. «42 eta 52 artean dago tasa normala, nahiz eta UCIk 50ean jarri lehiatzeko muga. Ez dakit zergatik ez duten zehazten gutxieneko tasa bat ere». Beregana joaten ziren kirolariek hematokrito tasa «30 inguruan» zeukatela argitu zuen. «Eta maila hori orekatzen nuen, balioa 44 ingurura igota». Lehiaketa egunetan inoiz ez zuela transfusiorik egin azaldu zuen. «Eta kirolari batetik besterakorik ere ez».

«Laborategian beste batzuekin ez elkartzeko kirolariak diskrezioa eskatzen zuelako», kasu batzuetan odola «gertuen zegoen hotelen batean» ateratzen zutela argitu zuen Fuentesek. Madrilgo Alonso Cano kalean dagoen etxebizitza bateko makinetan gordetzen zituzten gero odol poltsak, eta «motxila termikoetan» eramaten zituzten poltsak Zurbano kaletik bertara. Etxebizitza horretako bi maletak «Alberto Leonenak» zirela argitu zuen Fuentesek [miaketetan hainbat substantzia aurkitu zituzten maleta horietan; 2011n hilda aurkitu zuten Leon]. «Inoiz ez genituen ireki maletak, eta ez nekien bertan sendagaiak zeudenik ere».

«Txirrindulariari hitzez abisatzen genion egin beharrekoa, baina ez genuen ezer sinatzen». Hortik aurrera kirolariek zuzendariari edo taldeari zein neurritan abisatzen zioten ez dakiela erantzun zuen. Roberto Heras, Unai Osa eta Santiago Botero bere bezeroak zirela ere aitortu zuen.

Odol poltsek zenbakiz osatutako kode bat edukitzen zuten beti, eta ezizenenen bat ere bai batzuetan. «Ezizena jartzea beti da errazagoa izen-abizenak jartzea baino. Erosotasunagatik egiten genuen», zehaztu zuen. Ezizen horien berri Jose Luis Merino medikuak, kirolariak eta berak bakarrik zeukatela adierazi zuen Fuentesek. Telefono bidezko elkarrizketetan ezizenak zergatik erabiltzen zituzten galdetuta, «kazetariekiko beldurragatik» zela erantzun zuen medikuak. «Guardia Zibilek ez, kazetariek elkarrizketak entzuten zituzten susmoa neukan, eta, horregatik, etengabe aldatzen nuen sakelako telefonoa».

Tyler Hamilton, lekuko gisa

Fuentesen galdera-erantzunekin hasi aurretik, beste hainbat kontu argitu zituen epaileak. WADAk hainbat eskaera egin zituen epaiketari ekin aurretik, eta bakarra onartu zuen epaileak: Tyler Hamilton txirrindulari ohiak lekuko gisa deklaratzea. Oraindik ez dute zehaztu noiz eta nola deklaratuko duen estatubatuarrak. Epaileak atzera bota zuen WADAk Fuentesen ordenagailuko datuak eskuratzeko egindako eskaera, eta odol poltsak aztertu ahal izateko eskaeraren erantzuna atzeratu egin zuen. Hiru eguneko epea dauka WADAk poltsa horiekin zehatz-mehatz zer aztertu nahi duen idatziz argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.