Osasunak hiru garaipen kateatu ditu Ligan, denboraldi honetan lehen aldiz. Vicente Morenoren taldeak Gironari irabazi zion aurrena, eta Valladolidi ondoren; gaur, berriz, 1-0 hartu du mendean Sevilla. Ruben Garciak sartu du gola, falta jaurtiketa dotore bati esker, 25. minutuan. Gainera, 32. minutuan epaileak Sevillako jokalari bat kanporatu du: Lukebakio. Horrek lana erraztu dio Osasunari. Nafarrek ez dute partida ikusgarririk jokatu, eta Sevillak gertu izan du berdinketa hiruzpalau kornerretan. Baina hiru puntuak poltsikoratu ditu Osasunak. Hala, datorren denboraldian Europan jokatzeko borroka betean sartu dira gorritxoak.
Motel hasi da partida, bizitasunik gabe. Dena den, Sevillak pare bat abisu eman ditu; argiena, Hormigok, 5. minutuan. Pase sakon bat jaso du, baina azkenerako indarrik gabe egin du errematea. Osasunako jokalariek ez dute ondo zaindu jokaldia. Abagune horrek konfiantza eman dio Sevillari. Bloke ertain batean kokatu da, eta baloia berreskuratu duenean aurrera egin du. Lukebakiok beste aukera bat izan du, baina epaileak baliorik gabe utzi du jokoz kanpo zegoelako.
Osasuna ez zegoen eroso, eta zenbaitetan tentsiorik gabe antzeman zaio. Estu aritu da minutu horietan. Baina pazientziaz jokatuta, pixkanaka joera hori aldatu du. Gehiago hasi da jokatzen Sevillaren zelaian, eta 25. minutuan aurrea hartu du norgehiagokan. Arearen eskuin ertzean izandako falta bati esker izan da. Ruben Garciak hartu du baloia, eta nondik jaurti behar zuen ikusita, bazirudien erdiratu egingo zuela. Baina zuzenean jaurti du. Dotore gainditu du giza hesia, eta Nylandek ezin izan du baloia geratu. Gorritxoei alde jarri zaie partida. Sevillak arriskatu beharra zuen, eta horrek eraginda utziko zituen zuloak ederki baliatu zitzakeen Osasunak, kontraerasoan jokatuta.
Hortik atsedenaldira bitarteko minutuetan Cordero Vega epailea izan da protagonista. Aurrena, Sevillako jokalari bati txartel gorria atera dio: Lukebakiori. Aurrelariak ukondoa mugitu du Catenarekin lehian ari zela, eta jo egin duela interpretatu du. Bisitariei are zailago jarri zaie neurketa. Ondoren, lehen zatia luzapenean sartzera zihoala, Pablo Ibañez Osasunakoari atera dio gorria. Erdilariak oinaren atzealdean jo du Sow, Sevillakoa. Baina kolpea txikia izan da. VAR bidez jokaldia aztertzeko agindu diote epaileari, eta, azkenean, horia atera dio. Minutu horietan Osasunak kontrolpean izan du neurketa, eta Aimar Orozek aukera izan du gorritxoek markagailuan zuten aldea areagotzeko, 41. minutuan. Baina haren errematea kanpora joan da. Hala amaitu da lehen zatia.
Aukerak sortu ezinik
Gorritxoek ondo ekin diote bigarren zatiari. Atzean sartu dute Sevilla, eta nahiz eta aukera garbirik ez sortu, nagusi izan dira. Vicente Morenok Bryan Zaragoza zelairatu du, eta egin duen buruz buruko lehen jokaldian bikain erdiratu du. Budimirrek errematatu du buruz, baina baloia gutxigatik joan zaio kanpora. Lehen zatian bezala, Osasunari biziago jokatzea falta izan zaio, min gehiago egiteko.
Horrek mesede egin dio Sevillari. Joaquin Caparrosek zuzentzen duen taldeak jokalari asko pilatu ditu zelai erditik atzera, eta arreta osoa defentsako lanean jarri du. Erasoan, berriz, geldikako jokaldiren bat edo Osasunaren hutsen bat baliatzen saiatu da. Eta helburua lortzear egon da pare bat kornerretan, Osasunako atzelariek ez baitituzte behar bezala zaindu. Gertuen Agonek izan du gola. Haren burukada kanpora joan da gutxigatik, 62. minutuan.
Esnatu beharra zuen Osasunak, eta Nylanden atera gehiagotan gerturatu. Baina ez zuen gol aukerak sortzeko modua topatzen. Hala izan da 75. minutura arte. Orduan azaldu da berriro ere Bryan Zaragoza. Ohikoa duen jokaldia egin du: hegalean baloia hartu du, eta barrurantz joan da. Hala, arearen ertzera iritsi denean errematea egin du. Gurpila eman dio baloiari, baina ez behar beste, eta errematea kanpora joan zaio.
Azken minutuetan Sevillak estutu egin du, eta berriro ere korner batean, berdinketa lortzear egon da. Baina Sergio Herrera azaldu da. Atezainak geldiketa ikusgarria egin dio Sauli, hark buruz erremate on bat egin ostean. Pequek ere ez du aparte izan gola, baina ez du asmatu. Azkenean, dena den, golik jaso gabe eutsi dio Osasunak.
Osasuna-Sevilla
Osasuna: Herrera; Areso, Boyomo, Catena (Bryan, 46. min.), Herrando, Bretones (Juan Cruz, 66. min.); Pablo Ibáñez (Iker Muñoz, 46. min.), Torro, Aimar; Ruben García (Kike Barja, 89. min.) eta Budimir (Arnaiz, 84. min.).
Sevilla: Nyland; Carmona (Suso, 78. min.), Bade, Kike Salas, Pedrosa; Agoume, Saul, Juanlu, Hormigo (Garcia Pascual, 38. min.); Sow (Peque, 78. min.) eta Lukebakio.
Gola: 1-0: Ruben Garciak (25.min.)