Albiste txarrak Osasunarentzat. Astebeteko atzerapenarekin UEFAko Etika, Diziplina eta Kontrol Batzordeak eman du bere ebazpena, eta talde gorritxoaren aurkakoa da. Hala, Osasuna zigortzeko eta Konferentzia ligan ez parte hatzeko gomendioa egin du. Osasunak sei egun ditu orain erakunde horretako Apelazio Batzordean helegitea jartzeko, eta egingo duela iragarri du. «Ez gaude ados UEFAren erabakiarekin, eta azkeneraino iritsiko gara klubaren eskubideak defendatzeko. Izan ere, UEFAk ez du kontuan hartu nahi izan Espainiako epaitegiek beraiek ebatzitakoa. Osasuna kaltetua izan da guzti honetan, eta erabaki honekin zigorra bikoitza da», adierazi du klubak ohar batean. Apelazio batzordeak zigorra berretsiz gero, Osasunak Kirola Arbitratzeko Epaitegira jo dezake azken defentsa moduan. Erabakia abuztuaren 7a baino lehen izan beharko da, egun horretan egingo baita Konferentzia Ligako atariko kanporaketako zozketa. Osasunaren zigorra berretsiz gero, Athletic izango da Konferentzia Liga jokatuko duena. Izan ere, talde zuri-gorriak zortzigarren lekuan amaitu zuen sasoia.
Osasunak ekainaren 7an jakin zuen UEFAk espedientea ireki ziola, zalantzak zituelako Konferentzia llgan parte hartuko zuten kluben zerrendan onartzeko. Zergatik? Bada, UEFAk jakin nahi zuen ea Nafarroako klubak erakundearen diziplina arauak urratu zituen. Horretarako UEFAren Diziplinaren eta Etikaren Batzordeak Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitakoa hartu zuen kontuan. Urtarrilean, auzitegi horrek, frogatutzat eman zuen Iruñeko taldeak 2013-2014 denboraldiko Espainiako Lehen Mailako bi partidaren emaitzak adostu zituela. Ligako 37. eta 38. jardunaldietakoak ziren partida horiek; lehena Betisek eta Valladolidek Sevillan (Espainia) jokatu zutena; eta, bigarrena, Osasunak eta Betisek Sadarren jokatu zutena. Auzitegi Gorenaren arabera, Osasunako presidenteak, bi agintarik eta kudeatzaileak akordioa egin zuten Betiseko zenbait jokalarirekin, Espainiako taldeak bi partida horiek gal zitzan. Hori eginda, Osasunak aukera gehiago izango zuen mailari eusteko.
Talde gorritxoak hurrengo egunetan bidali zuen bere burua defendatzeko txostena UEFAra. Bertan gogoratu zuen kluba bera izan zela gertatutakoa salatu zuena, akusazio partikular gisa aurkeztu baitzen auzian. Gainera, berretsi zuen Auzitegi Gorenak zigortutako pertsonak klubetik kanpo zeudela, eta bazkide gisa ere kanporatu zituztela.UEFAk, ordea, ez ditu ontzat eman Osasunaren argudioak. Hala, duela egun batzuk San Marinoko Virtus taldearekin egin moduan zigortu egin du.
UEFAren arabera, Osasunak txapelketaren 4.1g artikulua urratu du. Horren arabera, «Klub batek ezin du zeharka edo zuzenean sartuta egon, partiden emaitzetan eragina izateko ekintzetan». Gainera, uste du Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia nahikoa dela Osasuna zigortzeko. Klub gorritxoak, ordea, argi du, UEFAk zigor honekin ematen duen mezua «kaltegarria» dela futbolarentzat. «Txarrenerako prestatuta gaude, baina ez gure leloa alde batera uzteko: Osasunak ez du sekula amore ematen. Gure eta gure zaleen eskubideak muturreraino eta tinko defendatuko ditugu, astebururo gure jokalari eta teknikariek egiten duten indar berdinarekin. Izan ere, merezimendu osoz irabazi dute zelaian Konferentzia ligan egoteko eskubidea, Uste osoa dugu egiten dugunarekin, eta gauzak egiteko dugun moduarekin» Gainera, salatu du kaltea egin dela Espainiako Futbol erakunde nagusien "isiltasunarekin".«Horien artean Espainiako Futbol Federazioa. Flitrazio interesatuak izan dira hainbat hedabidetara».