Zazpi hilabetean bi titulu irabazteko aukera izan du Osasunak. Baina bietan esku hutsik geratu da. Lehenengoan, Real Madrilek zapuztu zien ametsa gorritxoei, Espainiako Kopako finalean. Oraingoan, Bartzelonak itxi die Espainiako Superkopako finalerako sailkatzeko bidea. Bi partidetan izan dira antzekotasunak. Nagusiak: Osasunak partida ona jokatu duela eta gehiago merezi zuela. Izan ere, gaurkoan ere gorritxoak ondo lehiatu dira Bartzelonaren kontra. Zelaian ondo jarrita egon dira, eta aukerak izan dituzte golak sartzeko. Sasoi honetako partidarik osoena jokatu dute. Baina Bartzelonak bi aukera baliatu ditu, eta Lewandowskiren eta Yamalen golek finalerako sailkapena eman diote. Osasuna burua tente itzul daiteke Saudi Arabiatik, eta atzoko partidak Ligari eta Kopari begira konfiantza hartzeko balio behar dio.
Hasieran, Bartzelonak izan du baloi jabetza. Baina aurkariaren atean Osasunak sortu du arriskua. Arnaizek barneraldi on bat egin du, eta Koundek gutxigatik aldendu du erdiraketa. Artean, Budimir prest zegoen area txikian errematea egiteko. 6. minutua zen. Baina segidan iritsi da Bartzelonaren erantzuna. Baloia ateratzean nahastu egin da Sergio Herrera. Ferran Torresi iritsi zaio, eta area ertzetik egindako errematea ozta-ozta joan da kanpora. Baina Jagoba Arrasateren taldeak beste abagune argi bat izan du. Aresoren jaurtiketa, ordea, gutxigatik joan zen kanpora.
Partida joan-etorrikoa izan da hasiera horretan, erritmo bizikoa. Ez talde batek, ezta besteak ere ez dute aginte makila izatea lortu. Ondo aritu dira presioan. Minutuek aurrera egin ahala, hasierako erritmo hori jaitsi egin da, eta, espero bezala, Bartzelonak izan du baloi jabetza. Jokoaren kontrola izan nahi zuen Xavi Hernandezen taldeak. Dena den, Osasunarentzat berririk onena izan da aparteko arriskurik ez duela sortu Herrialde Katalanetako taldeak. Gorritxoak ondo zeuden jarrita futbol zelaian, eta ondo eutsi diote, nahiz eta Bartzelona pare bat aldiz gerturatu Sergio Herreraren atera. Baloiren bat lapurtu eta kontraerasoren bat lotzea falta izan zaio minutu horietan. 40. minutuan lortu du, Iker Muñozek eta Jesus Aresok lotutako jokaldi batean. Barrutik pase ona eman dio Aresok Budimirri, baina Araujo gainditu ostean, Iñaki Peñarekin egin du topo aurrelari kroaziarrak. Hurrengo jokaldian, Arnaizena izan da abagunea, baina erremateak Budimirren bizkarrean eman zuen. Sufritu egin du minutu horietan Bartzelonak.
Golak bigarren zatian
Dena erabakitzeke zegoen. Osasunak berriro ere ondo ekin dio bigarren zatiari. Lehen minutu eta erdian, bi aldiz gerturatu da Iñaki Peñaren atera. Baina Bartzelonak erantzun egin du, Araujok egindako erremate batekin eta Ferran Torresek urrutitik egindako jaurtiketa batekin. Neurketa lehen zatiko itxura hartzen ari zen. 59. minutuan, ordea, Bartzelonak gola sartu du. Christiansenek aurrea hartu dio Arnaizi. Baloia Gundogani eman, eta haren pase sakona baliatu du Lewandowskik. Poloniarra ez zebilen fin, baina partidan izan duen hirugarren aukeran ez du hutsik egin. Jokaldi hasieran Arnaizi falta egin diotela eskatu dute Osasunako jokalariek, baina, VARean galdetu ostean, gola ontzat eman du epaileak. Gero, Joao Felixen erremate batean, gelditu bikaina egin du Sergio Herrerak. Hasieran, Osasunak nabaritu egin du golaren kolpea. Baina pixkanaka suspertuz joan da, eta, nahiz eta Lewandowskik bigarrena gertu izan, Osasuna hobea izan da partidako azken txanpan. Raul Garcia de Haroren irteerak zalantzak eragin dizkio Bartzelonari, eta bai hark eta bai Budimirrek ez dute aparte izan berdinketa. Merezi ere merezi izan du Osasunak. Asmatzea falta izan zaio. Bartzelonak egin du hori, azken jokaldian. Gola Yamalek sartu du, Joao Felixen bakarkako jokaldi baten ostean.