Osasunak puntuak batzen jarraitzen du. Gaur beste bat sartu du zorroan, eta ez nolanahikoa, minutu luzez esku hutsik geratzeko arriskuan izan baita Getaferen zelaian. Etxetik kanpo lehiarik irabazi gabe iritsi dira gorritxoak gaurko partidara. Oso plaza zailean jardutea zegokien, gainera: hamasei urte zeramatzaten Getafen (Espainia) gailendu gabe. Handia zen mataza, eta are gehiago korapilatu da partida hasi eta minutuek aurrera egin ahala. Etxekoek aurrea hartu dute lehen zatian, eta gertu izan dute bigarren gola atsedenetik bueltan. Labirintoan galduta zegoen Osasuna. Ordea, bidea argitu dio Budimirrek. Harreman idilikoa du golekin, eta gaur ere bete du egitekoa, noiz-eta taldeak gehien behar zuenean. Gorritxoek garaipen gosea erakutsi dute gero, baina konforme gelditu dira lorturiko sariarekin.
Azken jardunaldian, Bartzelona modu distiratsuan azpiratu zuen Osasunak. Gaurko lehiak ez zuen halako xarmarik, baina puntuek balio berbera zuten. Hori horrela, eutsi egin dio apustuari Vicente Morenok, eta aldaketa bakarra egin du taldean: Abel Bretones Juan Cruzen ordez. Dagoeneko, hamaikakoa buruz dakite Osasunaren zaleek. Ohitu egin dira, aldi berean, etxetik kanpoko partidetan sufritzera. Gaur ere, minutu luzez, ezinean aritu da taldea. Katigatuta gelditu da aurkariaren amaraunean. Halere, joko oneko momentuak ere izan dituzte nafarrek. Ondoen, Budimirrek gola sartu ostean aritu dira. Etxetik kanpo orain arte ikusi gabeko irudia eman dute.
Partida hasiera ere ez da txarra izan. Budimirrek ekin orduko jaurti du, eta, gero, zenbait minutu nahasiren ondotik, aginte makila hartu dut Osasunak. Hegaletatik egin du mehatxu, batez ere Bryan Zaragozaren bristadei esker. Kalitate handieneko jokalariak agertzen hasi dira, eta baloia zentzuz mugitu dute. Aipagarria izan da, halaber, Pablo Ibañezek presioan egin duen ekarpena. Ordea, gorritxoen hobekuntza ezerezean utzi du 20. minutuan Bertugek sartutako golak. Alboko sakea jasota, Alex Solak errazegi gainditu du Areso, eta gipuzkoarraren erdiraketa sareetara bidali du Bertugek, Boyomori area barruko lehia irabazita.
Hortik aurrera, handitu egin da nahas-mahasa, eta arnasa hartzeko lanak izan ditu Osasunak. Noraezean ibili da atsedenera iritsi bitarte; Pablo Ibañez eta Boyomoren keinu tekniko dotoreek ez dute eraginik izan, eta nafarrek oso urrun ikusi dute beti aurkariaren atea. Hori gutxi ez, eta beren atearen defentsan jardun behar izan dute atsedenetik bueltan. Getafe oso oldarkor zelairatu da, eta Osasuna gogotik sufriarazi du kornerren bidez. Horietako batean baloia sareetara bidali du Alex Solak, baina jokoz kanpo zegoen.
Hobe bi aurrelarirekin
Egoera horretan, Vicente Morenoren esku hartzea iritsi da. Moncayola eta Raul zelairatu ditu, eta era berean, sistema aldatu du: 4-4-2 marrazkia ezarri du. Erabaki horrek eragin handia izan du, baina horren aurretik iritsi da Budimirren gola, 60. minutuan. Lerro arteko pasea eman dio Bryanek, eta kroaziarrak goi mailako aurrelaria dela erakutsi du beste behin: area ertzean tokia egin, eta ezkerkada zehatz eta indartsu batez gainditu du Soria atezaina. Hortik aurrera, hazi egin da Osasuna, teknikariak egindako aldaketen eraginpean. Bi aurrelarirekin jokatuta, Getaferen defentsako lerroak atzera egin behar izan du.
Gorritxoak sarritan hurbildu dira kontrako areara, baina ez dira gai izan bigarren gola sartzeko. Gertuen Bretonesek izan du, jaurtiketa bihurtutako baloikada batekin. Azken jokaldian, aldiz, irabaztear izan da Getafe, Carles Perezen bidez. Puntuak, ordea, ez dio ihes egin Osasunari. Hala, laugarren partida kateatu du galdu gabe.