Osasuna lehenetsi du

Medikuei jaramon eginda, Iker Irribarriak erretiroa hartuko du, eskuin belaunean dituen arazoengatik. Martxoaren 4an jokatuko du azkeneko partida, Donostian

Iker Irribarria, erdian, Aspeko eta Baikoko pilotariz eta ordezkariz inguratuta, atzo, Eibarko Portalean emandako prentsaurrekoaren amaieran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Julen Etxeberria - Paulo Ostolaza
Eibar
2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Kilometro erdi baino ez dago Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekutik Portalea kultur etxera. Bi toki horiek lekua izango dute Iker Irribarriaren kirol ibilbidean. Pilotari aramarrak oroitzapen ederra gordeko du Astelena pilotalekuaz, han egin baitzuen estreinakoa profesionaletan, 2015eko martxoaren 22an. Portalea kultur etxeaz, ordea, oroitzapen garratza izango du, han jakinarazi baitzuen, atzo, erretiroa hartuko duela, 26 urterekin, eskuin belauneko minak behartuta.

Irribarriak martxoaren 4an jokatuko du azkeneko partida, Donostian, Atano III.a frontoian. Jose Javier Zabaletarekin ariko da, Jokin Altunaren eta Julen Martijaren aurka. Neurketa hori jokatu ondoren esango dio agur pilota profesionalari zortzi urtez onenekin jokatu eta gero; jokatu eta nabarmendu; hiru txapel irabazi ditu, hirurak Lehen Mailakoak: bi buruz buru, 2016an eta 2019an, eta bat binaka, 2017an. Mugarri bat ere ezarri du: hura da buruz buruko txapela jantzi duen pilotaririk gazteena, 19 urterekin jantzi baitzuen.

«Urtebete inguru daramat goi mailan jokatu eta entrenatu ezinda, belauneko mina tarteko. Saiatu naiz handik eta hemendik konponbide bat bilatzen, baina ez da erraza izan. Aditu guztien gomendioa argia izan da: nire kirol ibilbidea amaitzea». Agurreko prentsaurrekoa hasi eta berehala azaldu zuen zergatik utziko duen pilota profesionala. Fernando Bidarte Aspe enpresako arduradun nagusia eta Inaxio Errandonea zuzendari komertziala zituen albo bakoitzean. Lehen eserlekuetan, berriz, lankideak: Aspeko eta Baikoko pilotari gehienak egon ziren une zailean animoa ematen. Eta azken lerroetan, gertukoenak, etxekoak. Denei eman zizkien eskerrak, baita bere lantaldeari ere.

Azaldu zuenez, bere bizitzan hartu behar izan dituen «erabaki zailenetako bat» da, baina «ziur» dago «onena» dela. «Pribilegiatua sentitzen naiz, eta harro nago lortu ditudan lorpenengatik. Dena den, egin ditudan harremanek asetzen naute gehien, egin ditudan lagunek. Aho zapore gozoarekin esango diet agur guztiei. Pena dut, benetan asko maite dudan zerbait uztera bainoa. Baina argi dut pilotari izan nintzela, naizela eta izango naizela. Lasai egon: ez naiz frontoietatik aldenduko».

Osasun arrazoiak baino ez

Belaunari ez ezik, arlo psikologikoari ere heldu zion. «Arrakasta deitzen dioguna lortzeak asko sufriarazten digu. Alderdi psikologikoa ere badu pilotak, eta sarritan gutxi ikusten da. Nik aurreikuspenak ez betetzearen garratza eta prentsaren presioa sentitu ditut».

Halere, argi utzi nahi izan zuen «osasun arazoek» eragin dutela pilota profesionala uztea; «bestela, jokatzen jarraituko nuke». Eskuin belauneko minak ez dio uzten bete-betean aritzen. Duela bi urte egin zioten ebakuntza, eta zazpi hilabetez egon zen jokatu gabe. Itzuli egin zen, baina ez zaio erabat osatu. Zehazki zer lesio duen galdetuta, hori «oso pertsonala» dela adierazi zuen: «Esan dezakedana da aditurik onenekin egon naizela, eta guztiek esan didatela erritmoa moteltzeko».

Ezusteko galanta izan da Irribarriak erretiroa hartzea, herenegun jokatu baitzuen Tolosan (Gipuzkoa), Arkaitz Eskuzarekin, Danel Elezkanoren eta Aaron Arbizuren aurka; 18-11 irabazi zuten. Larunbatean, berriz, Binakako Txapelketan aritu zen, Iruñean. Hark eta Beñat Rezustak 22-17 irabazi zieten Unai Lasori eta Iosu Eskirozi. Irribarria Peio Etxeberriaren ordez aritu zen. Aurretik, beste behin jokatu zuen ordezko gisa. Urtarrilaren 20an izan zen, Urdulizen (Bizkaia). Orduan, Aitor Elordiren ordez aritu zen, eta hark eta Zabaletak 22-11 irabazi zieten Joseba Ezkurdiari eta Martijari. Bietan oso ondo aritu zen. «Baina partida amaieretan eta hurrengo egunetan asko sufritzen dut. Larri ibili naiz hona etortzeko», zehaztu zuen.

Haren ibilbideko unerik onenaz eta txarrenaz galdetuta, esan zuen txarrena «atzotik gaurkoa [asteartetik asteazkenera]» izan dela; onena, berriz, ez du jakin esaten; «agian, lehen txapela irabazi osteko ospakizuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.