Osasuna Europan lehiatuko da

UEFAk arrazoia eman dio Osasunari, eta gorritxoek zelaian lortutakoaz gozatuko dute

Osasunako jokalariak Gironaren aurkako azkeneko partidan, sailkapena ospatzen. JESUS DIGES / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Azkenean, argi izpi bat agertu da Iruñean hodei ilunen artetik. Osasunak Konferentzia liga jokatuko du 2023-2024 denboraldian.Klubak Konferentzia ligan parte hartzearen defentsan aurkeztutako froga berriak ikusita, Europako Futbol Federazioak (UEFAk) ondorioztatu du «Osasuna duela ia hamar urte izandako gertakarien biktima» izan zela, eta erakundeak gertakari horiek argitzeko egin zuen ekimena «baloratu» du. Ondorioz, UEFAk talde gorritxoaren parte hartzea onartu du Europako txapelketan. Osasuna, beraz, abuztuaren 7an egingo den Konferentzia ligako kanporaketetako zozketan izango da. Abuztuaren 24an eta 31n jokatuko ditu partidak.

Hil honen lehen astean UEFAren Apelazio Batzordeak atzera bota zuen erakunde horren Kontrol, Etika eta Diziplina Batzordeko ikuskatzaileek Osasunarentzat proposatutako zigorraren aurka klubak aurkeztutako helegitea. Ikuskatzaileek datorren denboraldian Konferentzia liga jokatu gabe zigortu zuten Osasuna, klubeko zenbait agintari ohik 2013-2014ko denboraldiko Espainiako Lehen Mailako bi partidaren emaitzak adostu zituztelako. Osasunak Kirolaren Arbitraje Auzitegira jo zuen orduan, «klubaren eskubideen aurkako erasoa» dela argudiatuta.

Hilabete iluna izan da Sadarreko bulegoetan. Ekainaren 7an abiatu zen auzia. UEFAk espedientea ireki zion Osasunari, Nafarroako klubak erakunde horren diziplina arauak urratu zituelakoan. Horretarako UEFAren Diziplinaren eta Etikaren Batzordeak Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitakoa hartu zuen kontuan. Urtarrilean, auzitegi horrek frogatutzat eman zuen Iruñeko taldeak 2013-2014 denboraldiko Espainiako Lehen Mailako azken bi partidaren emaitzak adostu zituela. Hori eginda, Osasunak aukera gehiago izango zuen mailari eusteko.

Talde gorritxoak hurrengo egunetan bidali zuen bere burua defendatzeko txostena UEFAra. Bertan gogoratu zuen kluba bera izan zela gertatutakoa salatu zuena, akusazio partikular gisa aurkeztu baitzen auzian. Gainera, berretsi zuen Auzitegi Gorenak zigortutako pertsonak klubetik kanpo zeudela, eta bazkide gisa ere kanporatu zituztela. UEFAk, ordea, ez zituen ontzat eman Osasunaren argudioak. Haien arabera, Osasunak txapelketaren 4.1g artikulua urratu zuen. Horren arabera, «Klub bat ezin da zeharka edo zuzenean sartuta egon partiden emaitzetan eragina izateko ekintzetan».

Osasunak, baina, berean jarraitu zuen, eta argi utzi zuen aurrera jarraituko zuela: «Gure eta gure zaleen eskubideak muturreraino eta tinko defendatuko ditugu» esan zuen klubak adierazpen batean. UEFAko Apelazio Batzordeak, baina, uztailaren 3an atzera bota zuen Osasunak aurkeztutako helegitea. Hau da, bere egin zuen UEFAko ikuskatzaileek aurrez egindako txostena.

Aukera bakarra zeukan Osasunak: Kirolaren Arbitraje Auzitegira jotzea. Hori egin zuen, eta azkenean atzo eman zioten arrazoia klub gorritxoari. Hortaz, Osasunak Europako lehiaketa bat jokatuko du hamasei urteren ostean. Beste modu batera esanda, zelaian lortu zuen sariaz gozatzeko aukera izango du Jagoba Arrasateren taldeak. Hala ere, UEFAk diziplinazko prozedura bat ireki dio Osasunari prozesu horretan zuzenbide arruntera jotzeagatik, baina horrek ez du eragotziko klubak Europako lehiaketan parte hartzea. Klubak UEFAk ezartzen dion zigorra onartuko duela adierazi du, eta ez du helegiterik aurkeztuko.

Pozez gainezka daude klubean. Horren isla zen atzo arratsaldean, Osasunako presidente Luis Zabalzak prentsa aretoan zeukan irribarrea. «Oso pozik» daudela onartu zuen Zabalzak, eta esker oneko hitzak izan zituen klubeko langileentzat eta Osasuna lehiaketan onartu dutenentzat: «Eskerrak soilik eman ditzaket; zelaian lortu genuen Konferentzia ligarako sailkapenaz gozatuko dugu».

Fran Canal ez da mugituko

Zabalzarekin batera izan zen prentsaurrekoan Fran Canal klubeko zuzendari orokorra. Celtara joateko aukera zeukanaren zurrumurruak iritsi ziren Iruñera azken hilabetean, eta albistea baieztatu zuten atzo biek. Hala ere, Osasunan gelditzea erabaki duela adierazi zuen Canalek: «Osasunan ez gara lankideak. Familia bat gara, eta etxean bezala sentitzen naiz hemen». UEFAren erabakiaz ere mintzatu zen Canal, eta pozez negar egin zuela aitortu zuen. «Osasuna bezalako talde bat, aurrekontuari dagokionez ligako hamabosgarrenetik hogeira dago beti, eta lehenengo zazpien artean egotea malabarrak egitea da. Futbol zelaian lortzea hainbeste kostatu zena argudio batek ken zezakeen. Baina gaur egun erakundean dagoen inor ez da inola ere horren erantzule, eta min handia ematen zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.