Osasuna eta Athletic ados daude Solak Bilbon joka dezan

Miguel Artxanko Iruñeko taldeko presidenteak berak aitortu du «lau milioitik gora» jasoko dituztela

Donostia
2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Athleticek Kike Sola fitxatu du, Osasunako jokalaria, «lau milioitik gora» ordainduta, Miguel Artxanko Iruñeko taldeko presidenteak atzo esan zuenez. Bi taldeen arteko negoziazioek, beraz, ekarri dute akordiorik. Izan ere, jokalariak hamar milioi euroko etete klausula zuen, eta urtebete gehiagorako kontratua. Talde gorritxoak kontratua luzatzea eskaini zion, baina jokalariak ez zuen erantzunik eman, Athletic bere bila zebilela jakitun. Hasiera batean, Bizkaiko taldea ez zegoen prest hiru milioi euro baino gehiago ordaintzeko, baina, azkenean, lau milioira iritsi da.

Cascanteko aurrelariari 27 urterekin iritsi zaio bere kirol ibilbideko kontraturik onena firmatzeko aukera. Solak sei denboraldi egin ditu Iruñean, 97 partida jokatu ditu, eta 21 gol sartu, bederatzi azken denboraldian. Lezamara itzuliko da Sola, gaztetan Athleticen aritu baitzen. Zuri-gorriek Solarekin beteko dute Fernando Llorentek utzitako hutsunea, Juventusera joan baita errioxarra.

Etxeita eta Oriol, fitxatuta

Athleticek ez du oraindik modu ofizialean jakinarazi Solaren fitxaketa. Bai, ordea, Xabi Etxeitarena. Laugarren fitxaketa da, Ernesto Valverde, Beñat Etxebarria eta Mikel Balentziagaren ondoren. Etxeita bi urtez aritu zen Athleticen, eta 24 partida jokatu. Cartagenan utzita aritu zen gero, eta Elxek fitxatu zuen ondoren. Han hiru urtez aritu da, eta taldea Lehen Mailara igo, eta etxera itzuli da.

Osasunak, berriz, Joan Oriol fitxatu du. 26 urteko ezker hegaleko atzelari kataluniarra Vila-realekin kontratua amaitu ondoren iritsi da. Horrez gain, Solaren hutsunea betetzeko Oriol Riera da hautagai nagusia, Alcorconeko aurrelari kataluniarra. Hiru milioiko etete klausula du, eta beste urtebeterako kontratua. 700.000 euroko eskaintzari uko egin dio Alcorconek, nahiz eta Rierak joateko asmoa erakutsi duen. Bestalde, Alejandro Arribas Osasunako erdiko atzelari espainiarra salgai ez dagoela jakinarazi du Osasunak, Sevillak hura fitxatzeko asmoa agertu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.