Osasuna, Alaves eta Athletic etxean arituko dira gaur, ligan

Gorritxoek Girona jasoko dute, arabarrek Real Madrilen aurka neurtuko dituzte indarrak, eta Rayo izango da zuri-gorrien kontrarioa.

Alaveseko jokalariak, erremate bat egin nahirik, Rayoren aurkako partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alaveseko jokalariak, erremate bat egin nahirik, Rayoren aurkako partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko apirilaren 13a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Denboraldia azken txanpan da, eta zaleen babesean beren helburuak betetzen ahaleginduko dira gaur Athletic, Osasuna eta Alaves. Gorritxoak izango dira lehiatzen aurrenak, Gironaren aurka (14:00, Dazn). Vicente Morenoren taldeak bi hilabete baino gehiago daramatza irabazi gabe, otsailaren 2an Realari 2-1 irabazi zionetik. Ordutik jokatu dituen bederatzi partidetan bost berdinketa eta lau porrot pilatu ditu. Vicente Morenok honela aztertu du partida: «Girona baloia izaten ahaleginduko da, eta gu estu hartzen. Hori ez gertatzea lortu behar dugu, eta jokoaren ekimena guk izatea».

Hain zuzen ere, Alavesek garaipen baliotsua lortu zuen aurreko jardunaldian Gironan, eta horri esker jaitsiera postuetatik kanpo segitzen du. Bi puntura ditu amildegira eramango luketen postuak. Gaurkoan Real Madril izango du aurrean (16:15. Movistar+). Mendizorrotza bete egingo da, eta une egokia izan daiteke madrildarren aurka jokatzeko. Izan ere, liga irabazteko borrokan jarraitzeko irabazi beharra duten arren, asteartean kolpea hartu zuten Txapeldunen Ligan, Arsenalen aurka 3-0 galdu baitzuten final-laurdenetako joanekoan, eta asteazkeneko itzulerako partidan izango dute burua. Eduardo Coudetek aldaketak egin beharko ditu hamaikakoan. Sivera atezainak ezingo du jokatu, eta Owono arituko da haren ordez. Guridi eta Conechny, berriz, zigortuta daude txartel pilaketagatik. Ezusterik ezean, Aleña eta Carlos Martin arituko dira haien ordez. «Ezin diegu korrika egiten utzi, eta horretarako oso batuta izan behar ditugu lerroak, eta oldarkor eta intentsitate handiz jokatu behar dugu», adierazi zuen atzo Eduardo Coudetek.

Athleticek balioa eman nahi dio Vila-realen aurka lortutako puntuari, Rayori irabazita. Hiru puntuek are gehiago sendotuko lukete talde zuri-gorria Txapeldunen Ligako postuetan. Horretarako, ostegunean Rangersen aurka jokatu behar duten Europa ligako partida ahaztu, eta bete-betean aritu beharko dute zuri-gorriek. Izan ere, Rayo aurkari oso arriskutsua da (21:00, Movistar+). Aurreko jardunaldian 0-4 galdu zuen Espanyolen aurka,  baina Madrilgo taldea denboraldi bikaina egiten ari da Iñigo Perezek zuzenduta. 

Ezusterik ezean Ernesto Valverdek txandakatzeak egingo ditu hamaikakoan, eta Gorosabelek, Adamak, Unai Nuñezek, Guruzetak eta Unai Gomezek hasieratik aritzeko aukera izan dezakete. «Partida gutxi geratzen dira, eta jokalari batzuek lesioak izan berri dituzte. Kontuz ibili behar dugu. Gainera, Rayok bete-betean aritzea eskatzen duen talde bat da. Nortasun handiko talde bat da, ausarta, eta zaila da haren aurka jokoaren ekimena izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.