Ameslari hutsak dira iheslariak. Tropelari kontra egitea ia ezinezkoa da, eta, hori jakin arren, helmugaraino iritsi nahian aritzen dira buru eta bihotz. Ortzi-mugan ortzadarra ikusi, eta hura ukitzeko ahalegin nekaezina egiten dute. Batzuetan, miraria gauzatzen dute. Eta beste batzuetan, loria hatz puntekin ukitu, eta azken unean esnatzen dira ametsetik. Hala gertatu zitzaion atzo Ibon Ruizi (Kern Pharma), Leitza eta Viana lotu zituen etapan. Egun osoa egin zuen ihesean, Julen Amezketa (Caja Rural), Ander Okamika (Burgos-BH) eta Ibai Azurmendirekin batera (Euskaltel-Euskadi), eta, bukaeran bakarka abiatu ondotik, helmugatik 400 metrora harrapatu zuen tropelak. Esprintean, nagusitasun osoz gailendu zen Julian Alaphilippe (Quick Step), munduko txapelduna. Ukiezina izan zen ortzadarra.
Egun lasaia bizi izan zuten onenen multzoan. Haizearen mehatxua ezerezean gelditu zenez, oso bukaerarako utzi zuten zalaparta. Odol hotzez jokatzea erabaki zuten, eta kukuak oker jo zien ia. Gehiegizko tartea eman zioten lasterketa buruko laukoteari. Haiek gertu zekusaten balentria, eta ordura arte izandako harmonia apurtu egin zen azken kilometroetan. Erreleboak emateari utzi zioten, eta Ruiz bere kabuz saiatu zen helmugara iristen. Atzean utzi zituen iheskideak, eta, hamar kilometroren buruan, bi minuturen aldea zuen tropelarekin. Haatik, bukaerako aldapetan ezin izan zion erritmoari eutsi. Atzean ziztuan zetozen, eta Ruiz irentsi ostean, Remco Evenepoelek (Quick Step) eskura eman zion garaipena Alaphilipperi. Bezperako arantza atera zuen frantziarrak, Itzulian laugarrenez irabazita. Primoz Roglic (Jumbo Visma) ez zen sartu garaipenaren lehian, baina inongo arazorik gabe eutsi zion lidergori.
Itzuliko etaparik luzeena zen atzokoa; 207,9 kilometro zituen. Aukera zegoen ihesean abentura polit bat izateko, eta hasi eta berehala, tropeletik hanka egin zuten Ruizek, Amezketak, Okamikak eta Azurmendik. Hots, lau euskal herritarrek osatu zuten Itzuli honetako lehen ihesaldia. Azurmendik motibazio bereziarekin ekin zion lanari, abiatu aurretik omenaldia egin baitzieten hari eta Mikel Nieveri (Caja Rural) Leitzan, bien jaioterrian. Euskaltelekoa izan zen erasoa jotzen lehena, Uitziko igoeran ?3,7 kilometro eta %6,9ko pendiza?, eta modu horretan sortu zen bukaeran tropela oso estu hartu zuen multzoa.
Hastapenean, erritmo lasaia jarri zuen Jumbo Visma taldeak, eta bidea egiten utzi zion aurreko laukoteari. Handituz joan zen aldea, eta ia bost minuturekin iritsi ziren eguneko hurrengo mendatera, Lizarragara ?9,5 kilometro eta %5,2?. Goian, Ruizek batu zuen puntu gehien, Uitzin bezalaxe, eta mendiko sailkapenaren buru jarri zen horrela. Lasterketako behin-behineko liderra ere izan zen, baina etapa amaieran jantzi preziatua janztea utopia hutsa zen gasteiztarrarentzat. «Garaipenarekin, konforme», pentsatuko zuen. Atzean lasai zebiltzan, baina jakina zen, goizago edo beranduago, estutu egingo zutela. Zernahi ere, indartsuenaren legea ez da beti betetzen.
Amore eman gabe
Dena kontrolpean zegoen 90 kilometro falta zirela. Bost minuturen aldea zuten iheslariek. Gainera, tropelak beste martxa bat sartu zuen Lodosatik pasatu ostean. Quick Step lanari lotu zitzaion, Evenepoelen eta Alaphilipperen aukerak jorratze aldera. Beste martxa bat sartu zuten multzo nagusian, baina tentsiorik gabe, apenas baitzegoen haizerik. Ez zen hortzak estutzeko beharrik izan. Hori bai, hozkada txikiz, geroz eta gehiago gerturatu zitzaizkien lasterketa buruko lauei: helmugatik 50 kilometrora, bi minuturen abantaila besterik ez zeukaten lau euskal herritarrek. Martxa horretan, abentura berehala bukatuko zitzaien.
Minutu batera ere hurbildu zitzaizkien. Ordea, eutsi egin zioten itxaropenari. Ametsek hauspotuta bizi dira iheslariak, azken batean. Gutxietsi egin zituzten tropelekoek, eta erritmoa moteldu zuten Aguilarko igoera luze eta etzanean ?12,6 kilometro eta %3,1?. Zabal-zabal eginda igo zuten, nahiz eta Mauri Vansevenantek (Quick Step) soka tenkatzeko saialdia egin. Hura azkar batean harrapatu, eta trostan jarraitu zuten, errepidea ezker-eskuin hartuta. Bien bitartean, mendiko puntuak lortzeko esprint estua izan zuten Ruizek eta Okamikak, eta berriz ere Kern Pharmakoa gailendu zen. Puntu gehiago patrikara. Ordura arte lortutako uztarekin konforme zen, baina kilometroen joanean, sari handiak amets hutsa izateari utzi zion. Etapa irabazteko benetako aukerak zituzten, tropelaren utzikeria tarteko. Hamabost kilometroren faltan, bi minuturen aldeari eusten zioten.
Amaieraraino erreleboka jarraitu izan balute, aukera handiak izango zituzketen tropelari aurrea hartuta helmugaratzeko. Haatik, itsutu egin zituen garaipen goseak, eta gauzak nahasten ari zirela ikusita, eskapo egin zuen Ruizek. Kale edo bale. Zazpi segundoren abantaila lortu zuen berehala. Beste hiru iheslariek nahikoa lan zuten ados jartzen. Egoera horretan, eraso egitea beste modurik ez zegoen Ruiz harrapatzeko. Azurmendik saiakera egin zuen amaieran igo zituzten aldapa laburretako batean, baina ez zituen gurpiletik atera Okamika eta Amezketa. Gainera, tropela gainera etorri zitzaien berehala. Orduan bai, eginahal betean zihoazen atzean.
Caja Rural, hautsak harrotuz
Txirrindularitza ankerra izan zen Ruizekin, helmuga ia begi bistan zuela harrapatu baitzuten. Evenepoelek bideratzaile lanak egin zizkion Alaphilipperi, eta frantziarrak ez zuen aurkaririk izan esprintean. Bigarren Fabian Doubey (Total Energies) izan zen, eta hirugarren Quinten Hermans (Wanty). Caja Ruralek Orluis Aular sartu zuen bost onenen artean. Tropeletik tiraka izan ziren azken kilometroetan, aurrean Amezketa eduki arren. Mugimendu horrek haserrea piztu zuen Burgos BH taldean; zuzenean ikusi ahal izan zen bi taldeetako zuzendarien arteko ika-mika. Euskaltelek, isilean, seigarren postua lortu zuen, Gotzon Martinekin. Hura izan zen euskal herritarrik onena.
Gaur 181 kilometroko lana osatu beharko dute txirrindulariek, Laudio eta Amurrio artean. Hasieran Altube igoko dute, eta gero, bi bira eman beharko dizkiote zirkuitu bati. Opellora eta Ozeka igoko dituzte bira bakoitzean. Ibilbideak zerra itxura du, eta tropelean askoz ere urduritasun handiagoa izango da. Iheslariek ahalegina egingo dute berriro, ostadarra jomugan. Atzo, ukiezina izan zen.
Euskal Herriko Itzulia
Ortzadarra ukiezina izan da
Alaphilippek nagusitasun osoz irabazi du Itzuliko bigarren etapa, esprintean. Tropelak 400 metroren faltan irentsi du Ruiz, ihesaldiko indartsuena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu