Txirrindularitza

Ortzadarra omendu du Pogacarrek

Tadej Pogacarrek historia egiten jarraitzen du. Asteburuan Munduko Txapelketa irabazi du, helmugatik 100 kilometrora erasoa jota.

Tadej Pogacar ortzadarraren maillotarekin eta urrezko dominarekin. ENNIO LEANZA / EFE
Tadej Pogacar ortzadarraren maillotarekin eta urrezko dominarekin. ENNIO LEANZA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko urriaren 1a
05:05
Entzun

Tadej Pogacar ortzadarraren koloreak soinean dituela lehiatuko da datorren urtebetean. Aspaldi igaro zen esloveniarra txirrindularitzaren historiara, baina aseezina dela erakutsi du, eta lorpenak bata bestearen atzetik pilatzen ari da. Bere buruari jartzen dizkion erronka gehienak lortzen ari da, eta igandean ere hala egin zuen Zuricheko (Suitza) errepideetan jokatu zen munduko txapelketa irabazita. Urrutitik jo zuen erasoa, eta aurkariek, jomugan zuten arren, ez zuten lortu haren erritmoa berdintzerik. Bakar-bakarrik iritsi zen helmugara.

Esloveniarrak lehen aldiz jarri zion bere buruari ortzadarraren maillota lortzeko helburua. Aurreko urteetan beste erronka batzuetan jarri du arreta: besteak beste, Frantziako Tourrean, Olinpiar Jokoetan eta bost monumentuetan. Iaz brontzea lortu zuen munduko txapelketan, baina, haren hitzetan, aurten «lehen aldiz» jarri dio txapelketa irabazteko erronka bere buruari: «Hainbat urtez Frantziako Tourra eta beste lasterketa batzuk irabazteko lehiatu ondoren, lorpen hau nahi nuen. Inoiz ez dut munduko txapelketa helburu argitzat eduki, baina aurten dena ondo atera da». 

Pogacarren helburuen berri ederki daki Joseba Elgezabalek, UAE taldeko liderraren masajistak. «Larunbat gauean hitz egin nuen Tadejekin, eta maillota irabazteko gogotsu zegoen. Azken urteetan, egutegi aldetik zailtasun asko izan ditu munduko txapelketara gorputzaldi onean iristeko.  Azkenaldian Tourraren ostean jokatu da, oso jarraian. Iaz, adibidez, Liejan erori egin zen, eta min hartu zuen. Lesio horrek Tourrean eragin zuzena izan zuen, eta mentalki akituta amaitu zuen. Atsedena behar zuen, fisikoki eta mentalki. Aurten, aldiz, dena amestu bezala irten zaio, eta beste aldarte batekin joan da munduko txapelketara».

Garaipenak ez du nolanahiko esanahia izan. Izan ere, Eddy Merckx eta Stephen Rocherekin batera, urte berean Giroa, Tourra eta munduko txapelketa irabazi duen txirrindulari bakarra da. Merckx izan zen lehena balentria egiten, 1974an, eta Rochek 1988an berdindu zuen marka. Emakumeen kasuan, txirrindulari bakar batek eskuratu ditu hiru garaipen horiek urte berean. Annemiek van Vleutenek, 2022an.  Elgezabalen esanetan, ordea, Pogacarrek ez dio historia egiteari erreparatzen: «Ez ditu datuak askorik begiratzen. Oso lehiakorra da, eta haren ilusioa ortzadarraren koloreak dituen materiala eskuratzea zen; maillota, bizikleta, kaskoa... hori zen haren ilusioa umea zenetik, eta ez historia egitea».

«Fisikoki oso onak dira denak, baina buruan dago aldea. Odol beroko mutila da, eta garaipena besterik ez dauka buruan»

JOSEBA ELGEZABALUAEko masajista

Hala ere, ikusgarria da Pogacar egiten ari dena. Lortu duenari baino gehiago erreparatu behar zaio gauzak lortzeko moduari. Jostalaritzat daukate askok; handiustetzat beste hainbatek. Baina jokatzen duen lasterketa bakoitzean irabaztera irteten da, eta hori da txirrindularitzarekiko errespetua erakusteko modurik egokiena. Mota guztietako garaipenak ditu: esprintean, buruz buru, oso urrutitik erasoa jota, erlojupekoan... finean, aurkariek badakite mugituko dela, baina, espero duten arren, erantzun ezinda gelditzen dira. Taldeko masajistak, ordea, berezko gaitasunari begiratu baino gehiago, nahiago du lanerako daukan grina goraipatu: «Telebistan oso lasaia eta jostaria dela dirudi, baina dena kontrolpean izatea gustatzen zaio. Xehetasunik txikienari garrantzi handia ematen dio. Fisikoki oso onak dira denak, baina buruan dago aldea. Odol beroko mutila da, eta garaipena besterik ez dauka buruan».

Eraso «ergela»

Igandean, helmugarako ehun kilometro falta zirela egin zuen erasoa, eta bakarrik egin zituen azken 51 kilometroak. Hordagoa zen, eta Pogacarrek berak aitortu zuen, etapa amaitu berritan, beroaldian hartutako erabakia izan zela: «Oraindik ezin dut sinetsi zer egin dudan. Jakina, ez geneukan asmorik helmugarako ehun kilometro falta zirela erasotzeko. Lasterketa kontrolpean edukitzeko asmoa genuen. Ez dakit zer ari nintzen pentsatzen, baina oso ondo atera da dena». Elgezabalek telebistatik ikusi zuen lagunaren erakustaldia. «Familiarekin ikusi nuen, eta ikaragarri gozatu genuen. Banekien urrutitik mugituko zela, baina ez nuen horrelakorik espero; ehun kilometro gelditzen direla erasoa jotzea ikaragarria da! Hark bakarrik egin dezake halako zerbait».

Une batez, txakalaldia ere izan zuen, helmugarako 20 kilometro inguru gelditzen zirela, baina ondo eutsi zion aldeari. Masajistak, ordea, zalantza gutxi zeukan: «Nik badakit Tadeji tartea kentzea oso zaila dela. Argi neukan azken hogei kilometroetara bakarrik iristen bazen hark irabaziko zuela, eta hala izan zen». Pogarrek adierazi zuen, akaso, eraso «ergela» izan zela. Baina helburua betetzeko balio izan zion saiakerak.  

Lotte Kopeckyk bigarren urtez jarraian irabazi du munduko txapelketa

Lotte Kopecky ortzadarraren maillotarekin ariko da datorren urtean ere. Belgikarrak bigarren urtez jarraian irabazi du asteburuan munduko txapelketa. Herbehereetako taldeak lasterketa gogortu zuen, eta tropeleko indartsuenek soilik erantzun zuten. Sei txirrindulari ibili ziren etapa irabazteko lehian, esprintean, eta Kopecky izan zen azkarrena. Bikain gobernatu zuen gelditzen zitzaion indar apurra. 

Bigarren eta hirugarren postuak eskuratzeko lehia ere estua izan zen: Clo Dygert estatubatuarra izan zen bigarren, eta Elisa Longo-Borghini italiarra, berriz, hirugarren. Herbehereetako talde indartsuak ez zuen dominarik lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.