Etsipena eta harrotasuna dira Martin Lasarteren bihotzean bueltaka dabiltzan sentipenak, baina azken horrek askoz ere pisu handiagoa dauka. Bakarrik, inoiz baino lasaiago eta irribarretsu agertu zen atzo bere agurrean uruguaitarra, ondo egindako lanak ematen duen lasaitasunarekin. Presidenteak eta kirol zuzendariak herenegun jakinarazi zioten klubaren erabakia. Lege onez onartu zuen Lasartek, baina, atzo jakinarazi zuenez, uko egin zion haien azalpenak entzuteari, baita Jokin Aperribaik atzoko agerraldian parte hartzeko egindako eskaintzari ere. Izan ere, harrotasunak, nagusi izanagatik, ezin izan du atsekabea guztiz desagerrarazi.
Mundu guztiari eskerrak emanez hartu zuen hitza Realeko entrenatzaile ohiak. «Bi urte zoragarri izan dira, kirol mailan bizi izan ditudan onenetakoak. Ez da egoera atsegina, baina halakoa da futbola. Inork ez dit kenduko denbora honetan bizitakoa. Eskatutakoa bete egin dut kirol mailan eta giza arloan. Niretzat erronka pertsonala zen hau, nire sustraiei eta aitari zenari lotutakoa». Ez zuen ezkutatu minduta ere badagoela. «Klubak eskaini zidan kontratua 2012ra arte luzatzea. Ekimena haiena izan zen, eta baietz esan nuen, uste nuelako ona zela proiektua epe luzean finkatzeko. Proiektu horren partaide sentitzen nintzen, zeharo identifikatuta nengoen».
«Orain lauzpabost aste» hasi zen etorkizunari traza hartzen. «Beste giro bat zegoen elkarbizitzan. Harreman jakin bat nuen presidentearekin, eta aldatuz joan zen, baina ezin diot ezer leporatu. Bere ardura da erabakiak hartzea». Bikote harremanekin alderatu zuen: «Bakoitzak bere ikuspegia du. Gauzak okertzen direnean, ematen du dena dela txarra. Hogei urtez zoriontsu izan bazara ere, hori ez da ikusten. Baina herrarik ez dut». Loreni buruz galdetu ziotenean, hauxe erantzun zuen: «Erabaki delikatua zen ni ekartzea, inork ez ninduelako ezagutzen. Eskerrak eman behar dizkiot, hala izan ez balitz gaur ez nintzatekeelako hemen hitz egiten egongo».
Gogoeta egiteko moduko adierazpenak ere egin zituen. Aditzera eman zuenez, bere lanean sartu dira, eta presioetara makurtu ez izana izan daiteke kaleratzearen arrazoietako bat. «Erabakiak pentsatzen nuenaren arabera hartu ditut beti. Norbaitek jokatu behar bazuen, jokatu egin du, esaten zidatenaz haratago. Galduz gero, nire erabakiekin galdu dut, ez besteenekin, eta horrek poztu egiten nau». Rivasen aferari buruz ari ote zen argitzeko eskatu zioten: «Rivasena kasuetako bat da. Kasua dela esango nuke, hizki larriz. Baina bera beste bat gehiago zen niretzat. Nik 25 jokalarirekin egin behar nituen hamaikakoak, ez 24rekin».
Salbazioa «lasaitasun handiagoarekin» lortu ez izanaren arantza du: «Mila bider esan dut hori zela gure helburua». Entrenatzaileen lana aztertzean, denboraldi bukaerak «pisu handia» duela erantsi zuen. Lasartek bazekien Sportingen aurka galduz gero «kalera» zihoala: «Une logikoa zen. Ulertuko nuen, denbora zegoelako buelta emateko. Zorionez, bukaera arte iritsi nintzen». Eskertu egin zituen taldeak eta, bereziki, hainbat jokalarik harekiko izan dituzten elkartasun keinuak. «Ez da erraza 25 pertsonekin lan egitea. Baina titularrak izan edo ez, atxikimendu handia erakutsi dute gurekiko, gure lan ildoarekiko eta proiektuarekiko. Hori guztia ez da diruarekin ordaintzen».
Taktika arloan dituen balizko gabeziei buruz ere mintzatu zen. «Egin ez dena beti da egin dena baino hobea. Autokritikoa izan naiz beti. Ez naiz besteak baino gehiago, eta seguru askotan egin dudala huts, baina oso talde zailei irabazi diegu, lan taktiko zoragarria eginda, ez bakarrik indarrarekin. Ez naiz onena, baina ezta hain txarra ere».
Triste, lana ez amaitzeagatik
Tristura ematen dio hasitako lana bukatu ezin izatea. «Klubak hazten jarraitzea espero dut. Orain zailduago dago taldea. Entrenatzaile gisa orain zetorren onena, politena. Zailena egin ondoren, hobetzen jarraitzeko aukera zegoen. Bagenekien zer aldatu. Planak eginda geneuzkan orain bi hilabete, baina orain arraina biltzeko besterik ez dute balioko».
Ez du baztertzen gero arte bat izatea. «Bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko tokia da hau. Kanpora irten beharra dago konturatzeko. Nomadak izan garenok ondo asko dakigu. Amorrurik gabe noa. Erabakiak hartu behar dituztenekin ez nator bat, besterik ez. Poz-pozik itzuliko nintzateke Realera etorkizunean». Ez zuen argitu non jarraituko duen ibilbide profesionala. Deportivo aipatzen dute askok: «Espainian entrenatzea da aukeretako bat, baina ez bakarra». Marcelo Bielsa Anoetako harmailetan egon izanak ez du haserretu: «Ez gaitezen hipokritak izan; ni antzeko egoeran iritsi nintzen Realera [Rayoren aurkako partida ikusten egon zen Lillo teknikaria zela]».
Realaren inguruan dauden botereez galdetu zioten: «Ez dezagun pentsatu hau desberdina dela. Toki guztietan bezala gertatzen dira gauzak hemen. Futbolak asko kutsatzen du. Pasioa dago, iritziak, zurrumurruak, eta gerta daiteke nahi gabe besteen irizpideei jarraitzea. Ez dago hori saihesterik». Hedabideak ere sartu zituen joko horretan. «Min eman zidan beste talde batzuekin harremanak neuzkala entzuteak, halakoak ez baitira neure buruan eta jokamoldean sartzen». Dei egin zien zaleei taldea beste gauza guztien gainetik jartzeko eta «ez banantzeko»: «Emaitzak ezin dira ziurtatu, baina bai, ordea, lana eta zintzotasuna».
Ororen gainetik, harro
Martin Lasartek aitortu du bere agurra ez dela atsegina, baina gustura azaldu da azken bi sasoietan Realean lortutakoarekin Uruguaitarrak esan du uko egin diola Aperribai eta Lorenen azalpenak entzuteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu