Futbola. Espainiako Kopako finala

Oroitzapen gazi-gozoak

Espainiako Kopako finala jokatutakoak dira Gaizka Toquero eta Ibai Gomez, Athleticen ari zirenean: gasteiztarrak hirutan eta bilbotarrak bitan. Bartzelonak zapuztu zuen beti haien ametsa.

Ibai Gomez, burumakur, 2015eko finala galdu ostean. J. C. H. / EFE.
Julen Etxeberria.
2017ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Oroimena ate joka dute Gaizka Toquerok (Gasteiz, 1984) eta Ibai Gomezek (Bilbo, 1989). Espainiako Kopako finala jokatutakoak dira bata zein bestea. Athleticen elastiko zuri-gorria jantzita egin dute biek, eta biek oraingo honetan aurkari izango duten talde beraren aurka, hots, Bartzelonaren kontra. Oroitzapen gazi-gozoa dute biek, halaber, galtzaile izan baitira beti.

Gasteiztarrak dauka bietan eskarmentu handien, hirutan jokatu baitu: 2009an, Valentzian (Herrialde Katalanak), 2012an, Madrilen, eta 2015ean, Bartzelonan. Mestallan jokatutakoa dauka bereziki gogoan. Batetik, aurrenekoa izan zelako, eta Athleticek makina bat urte zeramalako lehiaketa batean horren urruti iritsi ezinik, 24 urte, hain zuzen ere. Bestetik, protagonista izan zelako. Berak sartu zuen final horretako lehen gola, partida hasi eta berehala, bederatzigarren minutuan. Zoritxarrez, gol horrek ezer gutxirako balio izan zuen gero, Bartzelonak buelta eman baitzion emaitzari. 4-1 izan zen azken emaitza. Ibai Gomez ere Valentzian izan zen, baina ez zelaian, harmailan baizik, jarraitzaile moduan. Santutxuko taldean ari zen orduan. Urtebete falta zitzaion Lezamara iristeko.

Hiru urte pasatu ziren Athletic Kopako finalera berriro iristeko. Toquerorentzat bigarren finala izan zen Camp Noun jokatutako hura. Ibai Gomezentzat, ordea, aurrenekoa izan zen. Ez batak ez besteak ez du oroitzapen onik norgehiagokaz, Luis Enriquek entrenatutako taldeak astindua eman ziolako talde zuri-gorriari (0-3). Ibaik neurketa osoa jokatu zuen, eta Toquerok azken hogei minutuak.

Oroitzapen oso onik ez dute 2015ean Camp Noun jokatutakoaz. Athletic ezinean aritu zen berriro (3-1), eta laguntzeko aukera gutxi izan zuten. Ibaik ordu erdi besterik ez zuen jokatu, eta Toquero ez zen zelaira ere irten. Larunbat honetakoa oroitzapen onekoa izatea nahi dute biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.