Oroipenak, besterik ez

Abelardok okerreko bidetik abiatu du bigarren aroa Alavesen aulkian. Iraganeko formula ahaztu du, eta, oraingoz, hasiera hobe baten akorduak ekarri ditu soilik.

Abelardo Fernandez Alaveseko entrenatzailea, haserre, larunbatean Osasunaren aurka jokatutako derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Itzuli zen Abelardo Fernandez Gasteizera, eta arnasa hartu zuen Alavesek. Ulergarria zen, aurreko aroan teknikariak egindako lan ikusgarria ikusirik. Arabarren salbatzailea izan zen orduan: berpiztu egin zuen hilzorian zegoen taldea. Erreakzioa, gainera, hura iritsi eta berehala gertatu zen, Gironaren kontrako garaipen epikoarekin hasita. Zaleak erabat liluraturik utzi zituen Abelardo efektuak. Magia egin zuen entrenatzaile espainiarrak. Trukoak prest zituen Alaves berriro biziberritzeko, baina hasi du bigarren aroa, eta ahaztu egin du aztikeria nola egin. Makilatxoari gogotik ari zaio eragiten, baina alferrik: susperraldi zantzuak ez dira inondik ere ageri.

Abelardok zortzi neurketa zuzendu ditu orain arte denboraldi honetan, eta horietatik bakarra irabazi, beste bat berdindu, eta sei galdu ditu Alavesek. Oso hasiera makala izan da, batik bat teknikariaren lehen aroaren hastapenarekin alderatuz gero: aurreneko zortzi partidetatik sei irabazi eta soilik bi galdu zituzten gasteiztarrek. Dena Montiliviko iraultzarekin hasi zen; 2-3 gailendu zitzaizkion Gironari, 2-0 galtzen joan eta gero. Abiapuntu horrek fedea berreskuratzeko balio izan zion taldeari. Bada, kontrakoa gertatu zitzaion Abelardo itzuli osteko lehen partidan, Espainiako Kopan Almeriaren kontra 5-0 galduta. Hasiera ezin petralagoa izan zen, eta jarraipena ez da askoz hobea izaten ari.

Abelardoren eskuliburua ez da aldatu. Atzetik aurrera eratu nahi du taldea, oinarri gisa sendotasuna izanik. Duela hiru sasoi, berehala irmotu zuen defentsako egitura: arabarrek golik jaso gabe bukatu zituzten lehen zortzi partidetatik lau. Sei gol sartu zizkieten gainontzeko neurketetan. Oso gutxi dira, Abelardo itzuli zenetik jaso dituzten 21 golen aldean. Belarrondoko bakarra ez dute Almeriaren zelaian hartu: launa gol sartu dizkiete Real Madrilek eta Realak, eta bost sartu dizkie Bartzelonak. Aurkarien izenak ez die aitzakia gisa balio: orain dela hiru sasoi, soilik 1-0 galdu zuten Atletico Madrilen aurka Abelardoren hirugarren lehian, eta zortzigarrenean emaitza berarekin nagusitu zitzaizkion Sevillari. Gainera, oso estu hartu zuten Bartzelona Camp Noun (2-1).

Ezintasunak harrapatuta

Talde osoak du zerikusia defentsako ezinean, baina bereziki harrigarria da ikurren apalaldia. Pacheco ez dabil ohi bezain seguru atepean, eta Laguardia ere ez da betiko bera. Haien jiran sendotu zuen taldea Abelardok bere lehen aroan, baina orain behera eginda direnez, teknikariak ez du modurik gasteiztarren atea zigilatzeko. Mendizorrotza gotorleku bihurtzeko ere ez da gai izaten ari: Abelardoren etxeko lehen lau partidetatik bat irabazi eta hiru galdu ditu Arabako taldeak. Lautik lau irabazi zituen teknikariaren lehen egonaldiaren hasieran; zaleen babesa zuen orduan.

Markagailuan atzetik izan arren, Alavesek partidan sartuta jarraitzen zuen lehen. Areago, kontrako emaitzak iraultzeko gaitasuna izan zen talde haren bertute nagusietako bat, Gironaren zelaian erakusten hasi zen bezala. Haatik, orain amore ematen du aurkarien kolpeak jaso orduko. Ez da utzikeria kontua, ezintasuna baizik. Erasoan uzkur eta antzu dabil, eta ez da gai azeleragailua zapaltzeko. Abelardok talde zorrotza eratu zuen 2017-2018koan, hegaletan Pedraza eta Ibai Gomez ipinita. Orain, ordea, hegalekoek badute nahikoa lan atzelariei laguntzen. Aurkariaren areatik oso urrun ari dira jokatzen.

Joseluri baloikadak bidaltzea da taldeak darabilen irtenbide bakarra, eta, horrela, nekez lora daiteke jokalari teknikoen talentua. Lehen aroaren hasieran, Abelardok zukua atera zion Munir, Ibai eta Sobrinoren kalitateari; alabaina, oraindik ez ditu onbideratu Lucas Perez eta Jota Peleteiro. Lucas erabakigarria izan zen Valladoliden kontra, baina askoz ere gehiago eskatu behar zaio taldeko izarra denari. Jotak, berriz, desagertuta dago zeharo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.