Alain Kolunga. Urdaibaiko arraunlaria

«Orioren denbora jakinda, marka egiteaz aritu ginen»

Seigarren aldiz Kontxako Bandera irabazteko bidean, urratsa egin du Urdaibaiko arraunlariak, baina garbi dauka igandean ere irabaztera atera beharko dutela; are gehiago itsaso iragarpen txarra betez gero.

MAIDER CELADA / EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Palmares ikusgarria dauka Alain Kolungak (Barakaldo, Bizkaia, 1987): bost aldiz irabazi du Kontxako Bandera, eta bi aldiz TKE liga, txapelketak aipatu gabe. Seigarren bandera preziatua inork baino gertuago dauka, herenegun azkarrena izan eta gero bere taldea, Urdaibai. «Oraindik gorputzari buelta eman ezinda nago atzoko [herenegungo] lan gogorraren eraginez», kontatu dioBERRIAri telefonoz.

Sekulako astindua eman behar izan zenioten arraunlariek gorputzari.

Astindu handia izan zen, bai. Urteko handiena, nire ustez. Itsasoa arin zegoen, eta aukera ematen zuen gorputzari nahi beste eskatzeko. Gainera, Kontxako Banderak berezkoa du hasieratik dena ematera ateratzea, ez dagoelako ezer barkatzerik, eta bi faktoreak batuta, bai, sekulako astindua hartu genuen igandean.

Gorputzari eskatu, eta gorputzak eman, eremuko errekor berria jarri zenuten: 18.53, 52. Zenbateko balioa ematen diozu horri gaur eta orain?

Geroago baloratzen dira gauza horiek. Oraindik estropada ez da amaitu. Dena pasatutakoan emango diogu balioa. Nire ustez, anekdotatik ere badu errekorrarenak, norbera ondo eta sasoian egotea ez delako nahikoa izaten halako marka bat egiteko;eguraldiaren eta eremuareneguneko baldintza onak ezinbesteko bihurtzen dira marka egin ahal izateko. Txalupa guztiek egin genituen denbora onak, batez ere lehen lau sailkatuek, eta Hondarribia berak ere marka egin zuen. Hor ikusten da baldintzak pare-parekoak zirela denontzat errekor berria jarri ahal izateko.

Zuen txanda hasi aurretik aipatu omen zenuten talde barruan errekorra egiteko aukera, ezta?

Bai. Oriok bere lana bukatu eta egin zuen denbora ona ikusita, errekorretik lau segundora geratu zela kontuan izanda, aipatu genuen aukera zegoela marka egiteko, eta datorren iganderako bizirik iritsi nahi zuenak hor nonbait ibili beharko zuela denbora kontuetan.

Orioren denboraren berri jakin zenutenean, kezka sartu zitzaizuen?

Kezka bai. Aukera, errekorra egiteko, eta kezka ere bai; biak adierazi zizkigun buruak. Hala ere, ez genuen denbora asko eduki Orioren denboraz jarduteko edo horretan pentsatzeko, haiek bukatu eta bost minutura gu lanean ari ginelako. Ez du ezertarako denborarik ematen.

Nola bizi izan zenuten zuen estropada traineru barrutik?

Eremua arina zegoenez, aukera ematen zuen gustura eta eroso joateko trainerua. Kanpora arin joan ginen, nahiz eta hasiera batean erreferentziak ez ziren oso onak. Nik ez nuen baborraldea ikusten, ez nituen aurkariak ikusten, baina atzeko arraunlariren batek esan zuen ez gindoazela aurrean nabarmen. Gainera, Oriok une horretan gurea baino denbora hobea egin zuela esan ziguten. Baina guk geurea egiten jarraitu genuen. Gure asmoa zen estropada mamituz joatea eta aurrera joatea. Ikusi nahi genuen nola eta nora gindoazen. Gero, segituan hasi ziren erreferentzia onak heltzen guretzat.

Zuen lana eta marka ikusita, eta nahiz eta marka giroa egon, geratu zaizue garraztasun pixka bat Hondarribiari alde gehiago ez ateratzeagatik?

Ez dakit. Azkeneko bost minutuak agonia modukoak izan ziren guretzat eta beste guztientzat. Bukaera horretan nahi genuen badia barruko olatuxka baliatu, baina ezin izan genuen. Ez geneukan gorputzean gehiago emateko indarrik ere.

Orion ari dira esaten bigarren txandan askoz ere baldintza hobeak izan zenituztela beraiek izan zituztenen aldean. Zerbait esateko horretaz?

Ni neu ez naiz gai esateko zeinek izan zituen hobeak. Beraiek badiote txarragoak izan zituztela hala izango da, baina nik uste dut gureak ez zirela hobeak izan. Estropada guztietan daude aldeko eta kontrako faktoreak, eta denera ahal den ondoen moldatzen jakin behar izaten da.

Datorren iganderako, sekulako itsaso eta eguraldi txarra dago iragarrita: bizpahiru metroko olatuak, eta 15-20ko ipar-mendebaldeko haizea. Baldintza horietan, lehen igandekoak ez du ezer balio, ezta?

Bestela ere ez. Azkeneko hiru astean jende askok galdetu izan dit Eusko Label ligaren inguruan, ea hiruzpalau punturen aldea nahiko ote den, eta nik erantzun diet azkenera arte jarraitu behar dela lehian. Kontxan gauza bera. Irabazi nahi badugu, igandekoa ere irabazi egin beharko dugu. Irabazi ezean, balio dezala lau segundoren aldeak. Baina ezin gara aldeari begira atera hasiera batean.

Eguraldi txarrarena betetzen bada, arraunlariek eta taldeek menderatu ezin duzuen eragilea izango da, ordea.

Hori hala da, bai. Kanpoko egoera horiek eragin handia izaten dute Kontxako estropadetan, eta, iragarpenak betetzen badira, lehen igandeko denborek ez dute ezertarako balioko.

Bost aldiz daukazu irabazita Kontxako Bandera. Bat ez da inoiz aspertzen estropada hau irabazteaz, ezta?

Berezia da. Jende asko etortzen da ikustera, giro aparta eta apartekoa egoten da, eta pentsa noiztik ari den jokatzen estropada hau. Nik esaten dut Kontxako Bandera irabazteaz aspertzen den arraunlariak arrauna utzi beharko lukeela. Ez dizut esango lehen entrenamenduan Kontxa buruan izaten dugunik, lana bukatzen nahiko lan izaten dugulako [barrezka], baina begira, adibidez, nire taldekide Xabier Zulaikak 48 urte bete berri ditu, eta oraindik ere ilusioarekin dabil Kontxan irabazten segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.