Aldaketa garaiak dira Orion. Ez dira urte onenak izaten ari talde horiarentzat, eta titulu garrantzitsuenak berriro irabazteko helburuarekin, Iker Zabala entrenatzaile bermeotarra fitxatu du Orioko klubak. Izan ere, norbaitek irabazten baldin badaki, Zabalak daki, azken hiru urteetan TKE liga eta Kontxako Bandera irabazi dituen Urdaibairen buru izan baita. Hala, Mikel Arostegiren aroa amaitu du Oriok.
Irabazteko irabazleak izan behar dutela esaten da sarri, eta Zabala horretan aditua da. Entrenatzaile gisa ibilbide nahiko laburra badu ere, etapa loriatsuak egin ditu Santurtzin eta Urdaibain. Egoera larrian hartu zuen Sotera-ren gidaritza, KAE 2 mailara jaistear zela. Azkenean, jaitsi ez, eta TKE ligara eraman zuen Santurtziko taldea. Denbora zeraman Sotera-k lehen mailan egon gabe, eta izugarrizko mailan itzularazi zuen Zabalak, bi TKE liga eta Kontxako Bandera bat irabazi baitzituen.
Hortik Urdaibaira egin zuen jauzi, bere etxera. Hiru denboraldi egin ditu Bou Bizkaia-ren buruzagitzan, eta arraunzaleen memorian geratuko diren hiru denboraldi egin ditu bertan. Hiru denboraldietan irabazi ditu TKE liga eta Kontxako Bandera, eta nola gainera: irabazitako bandera kopuruaren errekorra egin baitu azken ligan. BERRIAri adierazi zion azken denboraldiko Bou Bizkaia-ren sasoia ez dela «normala» izan, estropada txarra egin dutenetan ere bandera etxeratu dutelako.
Urdaibai utziko zuela baieztatu aurretik, hala egingo zuela iradoki zion Zabalak BERRIAri. Erronka berriei buruz galdetuta, honako hau erantzun zuen: «Agian erronka berri hori Bermeon aurkitu dezaket. Urtetik urtera zenbait arraunlarik taldea uzten dute, eta ziur nago erronka gogorra izango duela Urdaibaik hurrengo urtean. Baina gerta daiteke erronkak beste leku batean bilatzea. Hotzean pentsatu beharreko kontu bat da, eta ez beroan. Aste honetan erabakiko dut, klubarekin hitz egin ondoren».
Orion, Bizkaitik kanpo lehen esperientzia izango du Zabalak entrenatzaile gisa. Eta berarekin batera arituko da Ander Zabala, prestatzaile fisiko gisa. Ikerren arraunlari izan da Ander Santurtzin eta Bermeon, denboraldi gogoangarri horietako pieza gako gisa. Anderrek, gainera, ezaguna du Orio, bertan aulki mugikorrean eta traineruan ibili izan baita. Besteak beste, 23 urtez azpiko munduko txapelduna izan zen lemazainik gabeko lauko txalupan, Imanol Garmendia Orioko arraunlari ohi donostiarrarekin batera. Euskaltel Euskadi eta Laboral Kutxa txirrindularitza taldeen prestatzaile fisikoa ere bada.
Zurrumurruak beteta
Duela bi aste inguru iragarri zuen Iker Zabalak Urdaibai utziko zuela. Orduan ez zuen garbi utzi nora joango zen, baina hurrengo geltokia Orio izan zitekeela zabaldu zen, besteak beste, 2023an ere fitxaketa hori egiten saiatu zelako Gipuzkoako taldea. Atzo arratsaldean iragarri zuen Oriok Mikel Arostegi ez zela taldearen buru izango. Zabalak behar zuen izan hurrengoa, eta hala baieztatu du gaur elkarteak berak.
Zabalari ongietorria egiteaz gain, egindako lana eskertu dio hari lekukoa eman dion entrenatzaileari: «Bide batez, aurtengo denboraldian Mikel Arostegik eginiko lan bikaina nabarmendu nahi dugu, eta eskerrak eman. Elkarteko ateak irekita izango ditu», azaldu du elkarteko zuzendaritzak.
Historiako talde onenetako bat da Orio, eta izan zenera itzultzea izango da Zabalaren betebeharra. Izan ere, onenen artean jarraitu badu ere, garaipen handiak memorian gero eta atzerago dituzte talde horiaren zaleek. TKE liga 2019an irabazi zuen Oriok lehenengoz eta azkenengoz, eta Kontxako Bandera astindu zuten azken aldia 2017an izan zen —Kontxako Bandera gehien irabazi duen gizonezko taldea da Orio—.
Nor Zabala baino hobe helburu horiek betetzeko. Hala ere, polemika ere piztu du Zabalaren fitxaketak, Orioren zaleen artean bereziki. Izan ere, Zabala eta Urdaibai kritiko izan dira TKE ligak harrobiko arraunlariei buruz urte hasieran onartu zuen arauarekin. Orioko elkartea eta zaleak, aldiz, horren aldekoak izan dira. Datorren denboraldian, talde guztiek estropada bakoitzean gutxienez zazpi arraunlari propio izan beharko dituzte traineruan, horietako lau harrobikoak izanda. Sei propio bakarrik ere atera ahal izango dituzte, betiere horietako bost harrobiko arraunlariak badira.
2026an koxka bat egingo du gora eskakizun horrek, sei propio ateraz gero gutxienez bostek harrobikoak izan beharko baitute. Sei propiorekin ere atera ahalko dira, denak harrobikoak badira behintzat.
Zabalaren fitxaketaz gain, Oriok adierazi du Patxi Francesek eta Rafa Gonzalez de Txabarrik jarraituko dutela emakumeen trainerua entrenatzen. 2021ean hartu zuten kargua, eta, azken bi denboraldietan titulu handirik irabazi ez badute ere, 2022an irabazitako Euskotren liga eta Kontxako Bandera argumentu onak dira konfiantza hori ematen jarraitzeko.