Orioko presidentea

Jon Olasagasti: «Orio irabazle egin nahi dugu»

Olasagastik uste du kluba «bide onetik» doala, eta hobetzen segitzeko lanean ari dira. Eskaera bat egin die oriotarrei: balkoiak bandera horiz janzteko oraintxe.

ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Aia
2025eko martxoaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela urtebete pasatxo hartu zuen Jon Olasagastik (Aia, Gipuzkoa, 1983) Orio Arraunketa Elkarteko presidente kargua. Hitz bat nabarmendu zuen orduan: anbizioa. Eta, bide horretan, gizonezkoen traineru nagusirako hainbat fitxaketa egin dituzte aurten. Horien artean, bi izar gailentzen dira: Iker Zabala entrenatzailea eta Gorka Aranberri patroia. Azken sasoietan dena irabazi duen Urdaibaitik datoz biak. Zuzendaritzako lehen lanetan gizonezkoen traineruari eman diote lehentasuna, baina emakumezkoen proiektua sendotzeko asmoa ere badute. Hurrengo urteetan jarriko dira «buru-belarri» horretan.

«Orio indartsu bat berreskuratzeko» nahia adierazi zenuen presidente kargua hartu berritan. Asmo horrekin egin dituzue aurten gizonezkoen traineru nagusirako fitxaketak?

Bai. Kluba era batera ari zen lanean, eta, gure ikuspuntutik, gauza asko aldatu behar ziren Orio irabazle egiteko. Iaz saiatu ginen Iker Zabalarekin. Ez genuen lortu, baina harremanetan jarraitu genuen, lortu dugun arte. Harrobikoek joan den urtean demostratu zuten kalitate handiko jendea dagoela, eta arraun eskolatik ere badatoz oso-oso arraunlari interesgarriak. Baina horrek ez du esan nahi fitxaketarik ez dela inoiz egingo. Kontraste bat beti behar du etxekoak ere. Talde polita bildu dugu.

Iaz izan zen zure lehen urtea. Sasoiaren zer balorazio egiten duzu?

Gogotsu hasi ginen, eta gogoz segitzen dugu. Hasiera oso gogorra izan zen; ilun zegoen dena, uste baino gehiago. Hala ere, denboraldia salbatu genuen.

Gizonezkoen traineru nagusian Mikel Arostegiren aldeko apustua egin zenuten iaz. Iker Zabala ekarrita, beste urrats bat egin nahi izan duzue aurten?

Iritsi ginenean sistema blokeatuta zegoen, edo ez zuen funtzionatzen. Aldaketa handi bat egin behar genuen. Ikerren alde egin genuen apustu hasiera-hasieratik, baina ordurako gauzak lotuak zituen Bermeorekin. Oso berandu zen, denboraldiak hasi behar zuen, eta azken momentuan Arostegirekin harremanetan jarri, eta onartu egin zuen. Eskerrak eman nahi dizkiot egin duen guztiagatik. Demostratu zuen asko balio duela, baina uste dut Oriok zerbait gehiago behar zuela. Oraindik ere behar du. Orio irabazle egin nahi dugu. Ez mutilen taldea bakarrik, baizik eta klub moduan.

Herrikoa da Arostegi. Zaila izan da erabakia hartzea? Edo hori kudeatzea?

Oso zaila eta oso gogorra. Eta niretzat, gehiago: haurretatik batera ibilitakoak gara, eta lagunak gara. Elkarrengandik asko ikasi dugu, eta elkarri lagundu diogu. Niretzat ez da erosoa Orioko presidente izatea. Ez naute behartuta jarri, baina ez zegoen inor, eta ardura hartu nuen klubak aurrera egiteko. Gauzak mugitu beharra zegoen. Min handia ematen zidan, baina bihotzarekin ezin da pentsatu gauza hauetan: buruarekin pentsatu behar da. Ikerren maila oso-oso ona da. Demostratzen ari zaigu, eta, oraingoz behintzat, ez gaude damututa; oso gustura gaude.

Arostegik falta duen zer emango dio Zabalak taldeari?

Arostegik berak gauza asko erakutsi zituen joan den udan. Nik Arostegi aldamenean egotea nahi nuen, eta klub honi ekarpena egiten segitzea. Esan nion, baina esan zidan urtebeteko tartea-edo behintzat hartuko zuela. Eta gero ikusiko dugu.

Zabala irabazi duten taldeetan egon da. Beste koska batean dago. Desberdinak dira; bien artean bikote polita egingo zuketen. Orain, Arostegik atseden har dezala, eta Ikerrekin segituko dugu. Ikerrekin behintzat jendeak belarriak tente ditu; denak irmo daude.

«Ikerren maila oso-oso ona da. Demostratzen ari zaigu, eta, oraingoz behintzat, ez gaude damututa; oso gustura gaude»

Badaude beste berritasun batzuk ere: nabarmenena Gorka Aranberri patroia. Haren zer ezaugarri azpimarratuko zenituzke?

Gorka, denok dakigun bezala, historiako patroirik onena da. Oso langilea da, lehiakorra, eta irabazteko grina du. Ez da izan erraza inor konbentzitzea, lan handia egin behar izan dugu. Jende asko egon da diruaren inguruan hitz egiten, baina dena ez da dirua. Fitxaketak, diruarekin baino gehiago, kirol planaren bidez lortu ditugu.

Aipatu izan duzu harrobiak beharko lukeela izan klubaren ardatza. Uste horrekin segitzen duzu?

Bai, bai. Tamalez, lanean hasi ginenean, dena errazagoa izango zela espero genuen, eta azkarragoa. Lan handia egin dugu mutilen taldearekin. Beste batek ez du hala pentsatuko, baina, gure ikuspuntutik, mutilen traineruak saltzen du edo oraindik hark du indar gehien. Neskei ere bultzada bat eman beharra dago; saiatu gara babesleekin egon garenetan-eta, baina jendeak gehienbat mutilenera jotzen du. Harrobian lan egitea garrantzitsua da, bai mutilentzat eta bai neskentzat. Horretan ari gara. Lehengo urtean ez zigun denbora eman neskenari hainbesteko buelta emateko. Mutilenari norabide bat jarri diogu; uste dut hartu duela, eta espero dut horrela segitzea. Arraun eskolan, berdin-berdin. Orain, bai mutilen taldea eta bai arraun eskola oso indartsu daude Orion. Eta neskenarekin orain ari gara buru-belarri. Mahai gainean datu asko ditugu, eta hor lan asko egingo dugu. Hasita gaude.

Gizonezkoetan egin bezala, baduzue asmoa orduan hurrengo urteetan emakumeetan ere inbertitzeko?

Bai. Oriok beti joan behar du hobetzen, klub moduan.

Aurtengo sasoirako taldea indartzen saiatu zarete?

Fitxaketa batzuk egin ditugu. Ahal dena behintzat. Ez dago erraza. Nik taldea oso ondo ikusten dut. Animatuta daude.

Emakumezkoen traineru nagusian, zein da aurtengo helburua?

Iruditzen zait jauzi bat eman dutela iaztik. Garbi esan nien: nesken liga ez dut dominatzen mutilena bezala, baina ez dut baztertuko. Zuzendaritzara sartu ginenean, espero genuen dena batera ondo egingo genuela, baina ez genuen nahikoa denbora izan. Lan gehiena mutilen eta arraun eskolen sistemetan egin dugu. Arraun eskolak denbora asko kendu digu. Inportantea da, Orioren etorkizuna hor dago. Neskei babes handiagoa eman behar diegu.

«Lan gehiena mutilen eta arraun eskolen sistemetan egin dugu. Neskei babes handiagoa eman behar diegu»

Eta gizonezkoen traineru nagusian, zein da helburua?

Ez naiz bustitzen den horietakoa. Arraunlari izandakoa naiz, eta nik beti irabaztea dut helburu. Klub hau ezin da kiroldegi bat izan, edo denbora pasatzeko toki bat. Oriok Kantauri itsasoko arraun klub inportanteena izan behar du. Eta lanean horretarako ari gara.

Ilusio dago herrian? Horrek presioa ere badakar?

Presioa beti dago. Orion arrauna ikaragarri bizi da. Oraindik jendea isilik sumatzen dut. Ez dakit asimilatzen ari diren edo. Gauza asko agian ez zaizkie gustatuko, edo ez zaie gustatuko nola ari garen; baina ez da egiten inor izorratzeko edo inori min egiteko, baizik eta Orio klub irabazle izan dadin. Herritarrei esango nieke balkoietan ez dudala bandera horia ikusten, eta ez egoteko udararen zain. Horia ikusi behar dugu.

Emaitzak alde batera utzita, zertan hobetu du Oriok, eta zertan hobetu behar du?

Arraun eskolako lanaren formatua aldatzen ari gara. Eta, gero, betikoa: babesleen gerra dugu. Saiatzen gara ahal ditugun ate guztiak jotzen, eta gure ideia da lortzen dugun diru guztia ez gastatzea, inbertitzea. Materiala berritu beharra dago, eta ari gara. Klub honek konstantea izan behar du material berrikuntzan. Materiala oso garestia da arraunean, eta kolpetik dena egiteko klub handia da. Horregatik ari gara planak prestatzen.

Bide onetik zoaztela uste duzu?

Bai, norabide onean goaz. Baina ezin gara despistatu. Despiste txikiekin matxura handiak egiten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.