Auskalo zenbat arraunlarik egin duten arraun Orioren tostetan, eta segidak ez du etenik. Belaunaldiz belaunaldi igarotzen ari da arrauna herrian, eta denek osatzen dute historia oparo hau, garaipen handiz osatua. Joxe Ramon Lizarralde Altxerri beteranoa (Orio, Gipuzkoa, 1948) eta Unai Etxeberria gaztea (Orio, 1988) soka horren bi katebegi dira.
Egungo kluba duela 50 urte sortu zen, baina arrauna eta Orio lehenagotik daude lotuta.
JOXE RAMON LIZARRALDE: Traineruan, 1901ean lehen aldiz Kontxan jokatu, eta irabazi egin zuen Oriok. Hamar urte lehenago ere jokatu zuten beste batzuek. Atera kontuak, beraz, nondik datorren arraun kontua gure herrian. Kluba sortu aurretik bazen Emen dek izenarekin aritzen zen taldea, baina ez zeukan egoitzarik. Ofiziala 1965ean sortu zen.
Nolatan eman zitzaion ofizialtasuna?
J.R. LIZARRALDE: 1964ko bukaeran, Espainiako Federazioak oparia egin zion Oriori: biko ontzia, aulki mugikorrean ibiltzen hasteko asmoz. Pixkanaka hasi ziren ibiltzen, eta pentsatu zuten mugikorreko kluba sortzea, eta hortik dator Club de Remo Olimpico de Orio izena.
Zer ekarri zuen kluba ofizialki sortzeak?
J.R. LIZARRALDE: Pixkanaka gazte jendea gehiago hasi zen etortzen. Lehen finkoan ibiltzen ziren batzuk mugikorrean hasi ziren, eta horrela ekin zion gurean aulki mugikorrak.
Eta oraindik ere egiten da hemen.
J.R. LIZARRALDE: Ondo dago mugikorra egitea, baina zaila da gaur egun, bidaiak eta luzeak izaten direlako. Andaluzia aldean eta ibili beharra baitago.
UNAI ETXEBERRIA: TKE liga hasi denetik, behera egin du mugikorrak hemen. Espainiako hegoaldean bada jendea, baina hemen gutxiago. Horrek ez du esan nahi egin behar ez denik. Neguan egiten dira estropada asko, eta hemen eguraldi txarragatik bertan behera geratzen dira batzuk. Arraunlariak lehiatu nahi du; bestela, motibazioa galtzen da.
Nolakoak izaten ziren duela50 urteko entrenamenduak?
J.R. LIZARRALDE: Gu hasi ginen pixka bat aldatzen mugikorrarekin hastean. Alemaniar bat ekarri genuen entrenatzaile, eta teknika eta fisikoa hobetzeko ona izan zen. Garai hartan, hiru edo lau hilabetez bakarrik izaten ziren entrenamenduak, eta beroketa labur bat egin eta gero, trainerilletako ibilbidean egiten genuen hamahiru minutuko estropada jo eta jo, bete-betean, egunero. Serieak-eta gurekin hasi ziren, entrenamenduak luzeagoak egiten, eta hiru bat hilabetez egiten genituen oporrak. Orain hilabete egiten dute. Pisua hartzen genuen galanki opor garaian, eta ezin bota gero! Gure batez besteko pisua 80 kilotik gorakoa izaten zen.
UNAI ETXEBERRIA: Beste kirol batez ari dela iruditzen zait. 1998an hasi nintzen ni, eta hilabetez bakarrik izaten ditut oporrak arraunean. Medikuak, prestatzailea eta entrenatzaileak dauzkagu, eta horiek zehazten digute zenbat pisatu behar dugun, elikadura...
Materiala ere aldatu da.
J.R. LIZARRALDE: Aldaketa handiena arraunetan izan da. Asko hobetu da. Traineruetan baino gehiago. Arraunkera ere aldatu egin da. Jauzi gehiago egiten zuten lehen ontziek, bila gehiago joaten ginen arraun kolpea ematera... Toleta gertuago dauka orain arraunlariak. Orain segida daukate traineruek, lehen ez. Probak egiten lortu dira aldaketak.
Zuek ezin probarik egin ala?
J.R. LIZARRALDE: Guk ezin egin,mugikorrean ibiltzen ginelako traineruetan estropadetan hasi arte, eta ia entrenamendurik egin gabe traineruan hasten ginen. Zuzenean joaten ginen estropadetara, batere entrenatu gabe.
Orduan ere udan izaten zen traineru denboraldia?
J.R. LIZARRALDE: Orain baino beranduago hasten zen, baina udan izaten ziren estropadak. Abuztuaren erditik aurrera hasten ziren, eta kosta egiten zitzaigun aurreneko hamabost egunetan martxa hartzea; laugarren eta egiten genuen. Orain hobeto daramate aldaketa hori.
Argazki zaharretan traineru ikaragarri astunak ikusten dira.
J.R. LIZARRALDE: Beti 200 kiloan sartu behar izan dute. 320 kilokoak ere izaten ziren, baina Kontxako antolakuntzak ematen zituenak estropadarako eta Getaria-Donostia zeharkaldirako. 1973tik aurrera hasi ginen Kontxan ere bakoitza bere ontziarekin. Guk behin, 1967an, Astilleron genuen lehen estropada, eta trainerurik ez, berria egiten ari zirelako edo. Haiek berea utzi ziguten, eta guk 320 kilokoa eraman genuen, eta bi estropadatara jokatu genuen. Aurrenekoan 25 segundo atera zizkiguten guri, gero aldatu, guk beraien arina hartu, eta 30 segundo atera genien hogei minutuko estropadan.
UNAI ETXEBERRIA: Argazkiak ikusi ditut, eta tabordak handiagoak ziren, arraunari eskuekin heltzeko lekuak. Altueran eta luzeran oraingoen berdinak zirela uste dut.
Hain traineru eta arraun astunekin ibiltzea ez al zen astakeria handiegia?
J.R. LIZARRALDE: Tira, zer esango dut bada! Aldea zegoen, bai, traineru batean ibili edo bestean ibili.
Kontxa eta Orio, elkarri lotuta egon dira beti. Klubaren eta klubaren aurreko historian aparteko lekua dauka.
J.R. LIZARRALDE: Kontxa da inportanteena. Liga ere bada, baina Kontxa Kontxa da... Nahiz eta egun batean jokatzen duzun dena Kontxan.
UNAI ETXEBERRIA: Kontxan ondo ibiltzeaz gain, zorte ona ere behar da irabazteko. Arraunlari bakoitzak ematen dio garrantzia nahi duenari, baina niretzat Kontxak ez du parekorik. Arraunlari guztiok barruan uste dut badugula zerbait berezia Kontxarekin.
J.R. LIZARRALDE: Ez Orion bakarrik! Denean ere antzera esango nuke.
Orion ume-umetatik sartzen zaizue Kontxarekiko zirrara?
J.R. LIZARRALDE: Ni gaztea nintzela, 14 urte nituela, anaia Kontxan ibilia zen ordurako. Juan Lizarralde Altxerri nuen anaia. Osabak eta ere ibiliak nituen... Hemen txikitatik sartzen zaizu arrauna barrenean.
UNAI ETXEBERRIA: Osaba eta ibiliak nituen arraunean. Ni 8 urterekin hasi nintzen, eta ez dut inoiz hutsik egin, jokatzera edo ikustera beti joan izan naiz Kontxara. Ez daukat alerik irabazita, baina. Bi aldiz egin dut bigarren.
J.R. LIZARRALDE: Bost irabazita dauzkat nik, baina lau dira arraunean eginda lortutakoak. Behin istripu larria izan genuen estropada batera joaten, eta ez nintzen gauza izan urte hartan arraunean egiteko. Kontxa irabazi zuen taldeak gero, eta garaipen hura kontatu egiten didate. Denera, zazpi jokatu nituen, eta lau irabazi; hirutan izan nintzen bigarren.
Zer da Kontxako bandera irabaztea, Joxe Ramon?
J.R. LIZARRALDE: Ilusioa sekulakoa egiten dizu, emozioa... Ongi-etorriak onak izaten ziren orduan ere. Zaila zen lehen irabaztea, baina orain zailago dago. Lehen bakoitza bere herrian aritzen zen arraunean, edo eskualdean. Baina orain fitxaketak-eta egiten dituzte beste klubetan, eta zaila da horiei irabaztea.
Orion aparteko presioa dauka arraunlariak irabazteko?
UNAI ETXEBERRIA: Norberak jartzen du hori, eta Orioren izena eramatea badakigu zer den. Nahi gabe ere jarri egiten diogu presioa geure buruari. Denoi gustatzen zaigu irabaztea. Orain aldatu egin da, hala ere. Gutxitu egin da herriaren presio hori.
J.R. LIZARRALDE: Lehen ere bazen presiorik. Kritikak eta halakoak... Presio handiegia jartzen da hemen. Zaila dago aurrena egitea orain. Ez litzateke hainbeste estutu behar.
UNAI ETXEBERRIA: San Miguel ligan tarte txikia dago lehenengotik zazpigarrenera, eta huts txiki batengatik zortzigarren lekura edo beherago zoaz.
J.R. LIZARRALDE: Lehen hiruzpalau talde indartsuak ziren, baina orain gehiago, elkarren hurre daude denak.
Orion errazagoa da arraunlariak egotea beste edonon baino?
UNAI ETXEBERRIA: Lehen arrauna bakarrik zegoen hemen. Orain beste kirol batzuk ere badaude. Lehen errazagoa zen, jolasean eta ur bazterrean ibiltzen zen. Hemen asko erakartzen du arraunak, eta traineruak emaitza onak ateratzen baditu, errazagoa da haurrak etortzea. Sanoa eta polita da arrauna. Hemen seguru da arrauna, eta ez da galduko.
J.R. LIZARRALDE: Futbolean-eta ibiltzen dira umeak, eta ondo ikusten dut. Gero han balio ez duena etortzen da arraunera.
UNAI ETXEBERRIA: Arrauna bezain sakrifikatuak ez diren beste kirolak badira. Denbora asko kentzen dizu arraunak, ordu asko hemen barruan entrenatzen...
Orio aitzindaria da arraun kontuetan?
J.R. LIZARRALDE: Baietz uste dut.
UNAI ETXEBERRIA: Ez nuke ezetz esango. Aitzindari izateko probatu egin behar dira gauzak, eta hemen probatzen ditugu.
J.R. LIZARRALDE: Orion, asko daki jendeak arraunaz, baina beste herri batzuetan ere bai.
Joxe Ramon Lizarralde 'Altxerri' eta Unai Etxeberria. Orioko arraunlari ohia eta arraunlaria
«Orio aitzindaria izan da beti arraun kontuetan; aurretik doa»
Orio Arraunketa Elkarteak 50 urte beteko ditu aurten. Joxe Ramon Lizarralde 'Altxerri' arraunlaria zen garai hartan, eta Unai Etxeberria egungo traineruko arraunlaria da. Orioko herriaren eta arraunaren arteko harremana zer den ondo islatzen dute biek: belaunaldien arteko segida amaiezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu