Motorraren hotsa eta erregaiaren usaina berehala kateatu zitzaizkion Fausto Motari (Marco de Canaveses, Portugal, 1977). 18 urtetatik darama motor munduan murgilduta. Igande arratsaldean iritsi zen Saudi Arabiatik Euskal Herrira, Dakar rallyan zazpigarrenez aritu eta gero. Egun, Gasteizen bizi da.
Moto gidari gisa sei alditan parte hartu duzu Dakar rallyan; azkena, 2020an. Orain, bi gurpiletik laura igaro zara. Nolatan?
Urteak pilatuz noa, eta hori azken lasterketetan nabaritzen nuen. Motorrak eman behar zidana eman zidan. Gainera, zoritxarrez, nire gertuko lagun bat hil zen [Paulo Gonçalves] iazko Dakar rallyan, moto istripu batean. Kolpe handia hartu nuen, eta ezbehar horrek motoetatik gehiago urrundu ninduen.
Dakar rallyaren munduan jende asko ezagutzen dut, eta haiek ere badakite zeintzuk diren nire ezaugarriak eta indarguneak. Hori ikusita, autoan kopilotu izateko eskaintza jaso nuen. Hasiera batean, asko harritu nintzen; aurretik ez bainintzen kopilotu gisa aritu. Halere, asko erakartzen ninduen rol berri bat zen. Baiezkoa eman, Ruirekin [Oliveira pilotua] batera prestaketari ekin, eta aurtengo Dakar rallyan parte hartu dugu.
Uneren batean bolantea hartzeko tentaziorik izan duzu?
Uste dut mundu horretan gabiltzan guztioi gustatuko litzaigukeela pilotua izatea. Oso lehiakorra naiz. Halere, lehen egunetik banekien zein zen nire eginbeharra. Ahalik eta ondoena egiten saiatu naiz, nire taldekideari lagun diezaiodan. Aho-zapore gozoarekin itzuli gara etxera. Ez genuen inolaz ere espero hamaseigarren postua lortuko genuenik. Asko gozatu dut.
Dakar rallya korritzeak kostu ekonomiko handia dakar?
Ibilgailu arineko T4 kategorian parte hartzeko, 300.000 euroko aurrekontua izan dugu. Kategoria goragoetan, berriz, gure aurrekontuaren bikoitza edo hirukoitza behar izaten dute. Motoetan, berriz, 70.000 euroko aurrekontuarekin parte har daiteke. Funtsean, ibilgailuak zenbat eta gurpil gehiago eduki, orduan eta garestiagoa da dena. Nik ez dut zentimo bat ere kobratu azken Dakar rallyan; nire lagunari lagundu nahi nion, besterik gabe.
Egun, paperezko mapa ez duzue erabiltzen; tramankulu elektronikoa baizik, roadbook-a. Zer moduz moldatu zara?
Motoan metatutako esperientzia lagun izan dut, ibilbideak aztertzeko eta pilotuari aholkuak emateko garaian. Eroso sentitu naiz. Motoetatik autoetarako trantsizioa ez zait arrotza egin. Motorraren mundu hau asko gustatzen zait, eta alde horretatik begiratzen dut. Halere, lehen etapan lehiakide guztiok zailtasunak izan genituen. Galdu egin ginen, eta ordu erdi igaro genuen bidea topatzeko. Aurreneko aldia izateak eragiten dituen urduritasun eta tentsioagatik izango zen.
Horrelakoetan, zer egin behar da?
Guztiaren gainetik lasaitasuna izan behar duzu: burua hotz mantendu, roadbook-a ondo begiratu... Orientazioa edukitzea oso garrantzitsua da ataka estuetatik irteteko; are, kopilotuak orientazio sena izan behar du pilotuari laguntzeko. Kopilotuak pisu oso handia du autoan. Dakar rallytik ondorio horrekin geratu naiz.
Egun bete-beteak izan dituzue: etapa, autoari azterketa egin, jan, atseden hartu... Neke fisikoa zein psikologikoa pilatuko zenuten, noski.
Lasterketa hasi baino ordu eta erdi lehenago hasten ginen dena prestatzen. Etapa osatu eta gero, mekanikariarekin egoten ginen, geure sentsazioen berri emateko. Etaparik luzeena 880 kilometrokoa izan zen, eta hamahiru ordu igaro genituen autoan. Orotara, 8.000 kilometro pilatu ditugu hamabi etapetan. Fisikoki motoan baino gutxiago sufritzen duzu, baina egunak aurrera joan ahala, nekea handiagoa da. Halere, gustuko lanean ez dago nekerik.
Hemendik aurrera zer asmo duzu?
Hasteko, lanera itzuli beharra daukat [eraikuntza enpresa bat du], motor mundutik ez bainaiz bizi. Dena den, kopilotu gisa jarraitzea izango da asmoa.
Fausto Mota. Dakar rallyko autoetako kopilotua
«Orientazio sena izan behar du kopilotuak»
Mota kopilotu gisa aritu da lehendabizikoz Dakar rallyan, aurretik motoetan sei alditan parte hartu eta gero. Hamaseigarren amaitu du, haren taldekidearekin batera, T4 kategorian. «Asko gozatu dut», aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu