ERREMONTEA

Oriamendik beste estutu bat eman dio Jai Alai Summer Season txapelketari

Sei erremontista ariko dira postua aldatuta bigarren ekitaldian, iaz baino bi gehiago. Uztailaren 11n hasiko da, eta 27an jokatuko dute finala.

(ID_17198559925305) (/EZEZAGUNA)
Oriamendiko erremontistak, Alfredo Pozueta Sukia enpresako ordezkaria eta Azahara Dominguez Gipuzkoako Aldundiko Turismo diputatua, gaur, Donostiako Kursaal jauregian, Jai Alai Summer Season txapelketaren aurkezpenean. MAIALAN ANDRES
Julen Etxeberria.
2024ko uztailaren 1a
20:15
Entzun

Oriamendi 2010 enpresak tinko eusten dio erremontea eraberritzearen aldeko apustuari. Horren erakusle da Jai Alai Summer Season txapelketa. Bigarren urtez jarraian, txapelketa berritzaile horrek ordezkatuko du San Fermin torneoa. Uztailaren 11n hasiko da, eta bi aste pasatxo iraungo du, hilaren 27an jokatuko baitute finala, Hernaniko Galarreta frontoian (Gipuzkoa).

Bikoteak egiteko moduagatik da berritzailea Jai Alai Summer Season txapelketa: zenbait erremontista postua aldatuta aritzen dira. Iaz, lau bikotek jokatu zuten, eta zortzi erremontistetatik lau postuta aldatuta aritu ziren. Aurten, ordea, Oriamendik beste estutu bat eman dio lehiari. Hala, berriro lau bikote ariko dira, baina lau erremontista beharrean, sei ariko dira postua aldatuta.

Lau bikote hauek jokatuko dute txapelketa: Endika Barrenetxeak eta Javier Urrizak osatuko dute bat; Aritz Juaneneak eta Imanol Ansak beste bat; eta Xabier Azpirozek eta Josetxo Ezkurrak beste bat. Horiek guztiak postua aldatuta ariko dira. Laugarren bikotea, berriz, euren ohiko postuan ariko diren bi erremontistez egongo da osatua: Kemen Aldabe eta Iban Larrañaga ariko dira horretan.

Bost egunetan jokatuko dute txapelketa: uztailaren 11n, 13an, 18an, 20an eta 27an. 16:30ean hasiko dira jaialdi guztiak. Uztailaren 11n bi kanporaketa jokatuko dituzte: Barrenetxea IV.a eta Urriza Azpirozen eta Ezkurra II.aren aurka, eta Juanenea eta Ansa II.a Aldaberen eta Larrañagaren kontra. Irabazleek aurrera egingo dute, elkarren aurka ariko dira 18an, eta partida horretako irabazlea finalerako sailkatuko da. Galtzaileak, berriz, elkarren aurka ariko dira 13an: galtzailea kanpoan geratuko da, eta irabazlea lehen kanporaketako irabazleen arteko galtzailearen aurka ariko da 20an. Horren irabazleak ere finala jokatuko du.

Partidak set formatuan jokatuko dituzte: lehen biak hamabost tantora izango dira, eta, hirugarrena beharko balitz, zortzira jokatuko da. Iaz, Barrenetxea VI.ak eta Juaneneak irabazi zuten txapela, finalean Azpirozi eta Larrañagari nagusituta.

Data eta lehiaketa sistema bera izango du Bigarren Mailako txapelketak, baina horretan erremontistak ohiko postuan ariko dira. Lau bikotek hartuko dute parte: Ander Goikoetxeak eta Aritz Eskuderok osatuko dute bat; Urtzi Gurrutxagak eta Oier Apezetzeak beste bat; Ugaitz Susperregik eta Aitor Aiestaranek beste bat; eta Mattin Arluziagak eta Ibon Zalduak beste bat. Iaz, Aitor Zalduak eta Eskuderok irabazi zuten txapela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.