Orekarik gabeko derbia

Bera Berak eta Itxakok derbia jokatuko dute gaur, Donostian; etxeko taldea da irabazteko faborito argia

Donostia
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Aurreko denboraldiko oreka guztia galduta jokatuko da Bera Bera eta Itxakoren arteko derbia, gaur, Donostian (19:00). Txapelketa irabazteko lehia izan zuten biek iragan sasoian, baina oso bestelako helburua dute orain: ABF ligako txapeldun izateko hautagai nagusia da Bera Bera; mailari eusten saiatu beharko du Itxakok. Hortaz, orekarik gabeko derbia izango da gaurkoa. Donostiako taldea da, zalantzarik gabe, partida irabazteko faboritoa.

Taldea erabat eraldatu behar izan du Itxakok. Arazo ekonomikoek astinduta, aurreko lau sasoietan ligako txapeldun izandako taldea desegin zen, eta denboraldi berria hastear zela osatu zuten talde berria. Askoz ere apalagoa, noski, txapeldun izateko lehia ahaztuta.

Bera Bera da ABF ligako liderra, lehen jardunaldian Porriño menderatu ondoren (22-32). Itxako, berriz, azkenaurrena da sailkapenean, 24-33 galdu baitzuen Alcobendasen aurka. Gaurkoa ez da izango sasoi honetan elkarren aurka ariko diren lehen aldia. Espainiako Superkopan neurtu zituzten indarrak, orain bi aste. Bi taldeen arteko aldea nabarmendu zuen partidak, 42-18 nagusitu baitzen Bera Bera. Dena den, taldea osatu berria zuten Lizarrakoek, eta ia entrenatu gaberik ziren oraindik.

Edonola ere, Donostiako taldeak ez irabaztea ezusteko handia litzateke. Txapeldun izan nahi badu, etxeko partidetan nagusi behar du izan. Itxakok, berriz, arerio apalagoen aurka neurtu beharko du bere benetako maila.

Kukullaga, bigarrenaren bila

Kukullagak eta Zuazok ere gaur jokatuko dute bigarren jardunaldiko partida. Kukullaga Porriñoren aurka ariko da, Etxebarrin (20:00). Bigarren garaipena lortzen saiatuko da taldea, aurreko asteburuan Castroren pistan irabazi ondoren (17-19). Mailari eusteko lehian, ezin hobeto hasi zuten denboraldia bizkaitarrek.

Zuazok, berriz, Elxen aurka jokatuko du, etxetik kanpo (19:30). Ligako estreinako partidan berdinketa lortu zuen Barakaldoko taldeak, Mar Alacanten kontra (20-20). Gaurkoa ez dute partida erraza izango, sailkapeneko laugarrena baita Elx, lehenengo jardunaldian etxetik kanpo irabazi ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.