«Orekak segituko du»

Asier Puertas ez dabil arraunean aurten, eta, ikuslearen talaiatik begira, parekotasuna espero du Zarauzko gaurko eta biharko estropadetan, Eusko Label eta Euskotren ligetan.

Goian, Urdaibai, eta, behean, San Juan, aurten irabazitako estropada bat ospatzen. MARISOL RAMIREZ- / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Egutegiko bi estropada handienetakoak datoz gaur eta bihar: Zarauzko ikurrina izango dute jokoan. Bost estropada jokatuko dituzte gaur eguerdian hasi eta hurrengo 24 orduetan. Aurrenekoa KAE 1 ligakoa izango da gaur (12:00), eta Donostiarrak liga irabaz dezake; ondoren, Euskotren liga eta Eusko Label liga jokatuko dituzte (18:00, ETB 1), eta bihar bi liga hauetakoak ariko dira berriz (12:00); bandera gaurko eta biharko denborak kontuan hartuta erabakiko dute. KA2koa ere jokatuko da, baina Laredon (Espainia), 17:00etan hasita.

Bi liga nagusiei begira jarri da Asier Puertas (Orio, Gipuzkoa, 1975), arraunlari ohia aurten, eta azken urteetan Hondarribiako tostetan ibilia. Eusko Label ligan, hiru talde dabiltza elkarren gainean ia estropada guztietan: Urdaibai, Hondarribia eta Orio. Bi egun hauetako ere antzeko ikusten ditu hirurak: «Iruditzen zait lehengo bidetik segituko duela lehiak Zarautzen ere. Ez dira alde handiak egongo hiruren artean».

Baieztapen horri zalantzaren apur bat jarri nahi izan dio, itsasoaren iragarpena tartean sartuz: «Itsasoa bada, aldeak handiagoak izateko aukera egongo da, baina uste dut ez dagoela handia eta txarra emanda». Ez dabil oker, metro eskaseko olatuak iragarri baitituzte, eta haizea ere indar askorik gabekoa.

Urte askoan arraunean ibilia da, eta kontatu du aldatu egin dela taldeen baitan Zarauzko estropada hauei begiratzeko modua: «Garrantzia ez dute galdu, ezta gutxiago ere. Baina, lehen, mugarri izaten ziren prestakuntzan, Kontxako Banderari begira, eta talde askorentzat erreferentzia izaten zen, irailean eman zezaketen maila ikusteko». Orion bere garaian nola lantzen zuten azaldu du, Orion ere ibili baitzen: «Aulki mugikorra egiten zuten arraunlariak berandu hasten ziren traineruan, eta uztaila hartzen zen taldea bateratzeko lana egiteko. Gero, abuztuan doitu egiten zen prestakuntza, eta Zarautzen egon beharra zegoen punta-puntan». Gertu baitago Kontxa, hamabost egun eskasera beti: «Hain gertu egonda, ezin da miraririk egin prestakuntzan, eta orain ondo ez dagoena nekez egongo da ondo hemendik bi astera».

Beste modu batera prestatzen dira orain taldeak: «Orain ezin da uztaila beste lan batzuk egiteko hartu. Bete-betean egon behar da hasieratik, eta gehiago esango dizut, neguko jaitsieretan ere azkar ibiltzen dira orain traineruak». Aldatu ez dena Zarauzko estropadaren xarma berezia izan da: «Kontxaren atzetik bereziena da. Eremuagatik, ikurrinagatik beragatik, badu zerbait berezia Zarauzko estropadak».

«San Juan, erregularrena»

Euskotren ligari dagokionez, gaur eta bihar izango ditu azkeneko bi estropadak, eta San Juanek eskura dauka titulua, lau puntuko tartea ateratzen diolako Hibaikari. Puertasek pasaitarrak pixka bat gorago ikusten ditu: «Erregularrenak ari dira izaten, eta hor dago koska». Hibaika ez du baztertu, baina: «Gai da San Juani irabazteko, eta irabazi dio aurten. Maila onean dabil». Bere herriko taldearen gorakada ere nabarmendu du: «Hobera ari da egiten, baina banderak irabazteko falta zaio oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.