Osasuna oso eri dago. Gaitz asko dauzka barreneraino sartuak. Horietako bat kirol arloa da. Eskas dabil, urri, estu, eta zortzi partida baino ez zaizkio geratzen Bigarren Mailako liga amaitzeko. Azken hirugarrena da, eta bi puntura dauka salbazioa, kirol arloarena, eta baliteke klubarena bera ere, maila galtzeak arriskuan jar baitezake klubaren geroa ere.
Taldearen ibiliak ez du ematen itxaropenerako helduleku handirik, baina zerbait behar da zaleak eta inguru guztia berpizteko. Halakoetan, ohikoa izaten da historiaren hautsak hartutako datuak eta kontuak astintzea, antzeko egoerak gogora ekarriz. Eta Osasunaren kasuan, ez da oso urrutira joan behar heltzeko zerbait sendoa aurkitzeko. 1996-1997 denboraldira, hain zuzen. Handia egin zuen orduan taldeak.
Bigarren Mailan hirugarren sasoia zuen erreskadan, eta hondoa jota zegoen taldea bost partida falta zirenean. Denboraldi hartan, Javi Zubillagak atondu zuen taldea kirol zuzendari lanetan, eta hiru entrenatzaile izan zituzten jokalariek azkeneko bost partidak heldu bitartean: Rafa Benitez, Pedro Mari Zabalza eta Miguel Sola. Hirurek asmatu ez, ezta kirol zuzendariak ere, eta azkeneko bala Enrique Martin Monreal izan zen.
Bost partida falta zirela hartu zuen taldearen ardura Campanasko (Nafarroa) entrenatzaile biziak. Sei puntura zuen salbazioa Osasunak. Taldean kanpoko jokalari ugari zeuden, eta Martinen erabakia izan zen harrobiko jokalariak erabiltzea ia gehienean. Bigarren taldera begiratu, eta, besteak beste, Pablo Orbaiz (Iruñea, 1979) eta Roberto Martinez Tiko (Iruñea, 1976) igo zituen aurreneko taldera. Biekin hitz egin du BERRIAk, denboraldi haren akabera gogora ekartzeko.
Ligako azken bosgarren partida ez zaio berehala ahaztuko Tikori. Badajozen izan zen, eta debuta zuen erdilariak. 90. minutuan berak sartu zuen 0-1eko gola, Osasunari garaipena eman ziona. «Sekulakoa izan zen hura. Partida hura irabazteak argia piztu zigun», kontatu du Tikok. Iritzi berekoa da Orbaiz ere: «Bolada txarrean ginen, eta halakoetan partida bat irabaztea behar izaten da gorantz joateko».
Bi gazte ziren orduan Tiko eta Orbaiz, eta ezustean lehen taldean ziren, noiz eta egoerarik txarrenetako batean. «Ni neu ia konturatu ere ez nintzen egin non nengoen. Jokatu egin behar nuela bakarrik nekien, nire lana egin, eta horretara ateratzen nintzen zelaira», gogoratu du Orbaizek. «Gure ametsa zen lehen taldera heltzea, eta begira zein egoeratan egin genuen debuta», gehitu du Tikok.
Badajozen irabazi eta gero, beste hiru partida jarraian irabazi zituzten: Mallorcari (1-0), Alavesi (0-1) eta Levanteri (1-0). Azkeneko jardunaldiko partidara salbatuta heldu ziren, eta sailkapenean ez zuen eraginik izan Eibarren aurkakoak (1-1). Martinen lana bikaina izan zen, ezbairik gabe. «Bizitasuna eman zion taldeari, eta grina ere bai», esan du Orbaizek. Iritzi berekoa da Tiko ere: «Oso azkar jokarazi zigun, hari horixe gustatzen zitzaiolako, eta ondo atera zen».
Mateorengan fedea dute
Martin izan zen mirari antzeko haren zutabe sendoenetakoa, eta bestea, etxeko jokalarien aldeko apustu irmoa. Hala ere, Orbaizek ez ditu baztertu nahi talde hartako beste jokalariak: «Denon lana izan zen. Azkenean, etxekoena bakarrik nabarmentzen bada, besteena gutxietsi-edo egiten da, eta ez zen horrela izan».
Hemezortzi urte geroago, trantze bertsuan da Osasuna, eta kezkatuta daude bi jokalari ohiak. Baina ez dute amore eman. Jose Manuel Mateo entrenatzailearen jarraipena koloka samarrean ei dagoen honetan, babesa azaldu diote 1996-1997 denboraldi hartan taldekide izan zutenari: «Gaitasun handia dauka, eta ondo prestatuta dago. Taldea ondo ari da lanean, baina irabaztea falta zaio. Bide honetatik joanda, laster hasiko da irabazten», nabarmendu dute biek. Agian, duela hemezortzi urte bezala, partida bat irabazi eta gero segidan etorriko dira beste garaipen batzuk. Historia errepikatu egiten bada, zergatik ez berriz antzekoa gertatu?
Orduan bale izan zen
Osasuna 2. B Mailara jaisteko kinka larrian egona da lehen ere. 1996-1997an, azken bost partidetan heldu zion mailari, eta talde hartan egin zuten debuta Orbaizek eta Tikok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu