Ordu eta toki berean

Bengoetxea VI.ak eta Martinez de Irujok lau t'erdiko San Fermin torneoko finala jokatuko dute gaur

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Pilotazale askoren ustez, urteko jaialdirik politena da San Fermin eguneko eguerdikoa. Garai bateko ordutegia (11:30, ETB1) mantentzen duen garrantzizko bakarra da, eta bide batez, udari hasiera ematen diona. Labrit goraino betetzen da, eta urteko laugarren txapela egoten da jokoan. Gaur Juan Martinez de Irujo eta Oinatz Bengoetxea ariko dira elkarren aurka lau t'erdiko San Fermin torneoko finalean. Nafarroako kaiolakoa ez da titulu ofiziala, baina pilotariek asko estimatzen dute. Bi aurrelariek uztailaren 7ko eguerdian Labriten hitzordua egiten duten hirugarren urtea da. 2010ean Irujok 22-8 irabazi zuen; iaz, aldiz, Bengoetxea VI.ak ordaina hartu zion (22-10). Dena den, elkarren aurkako azken lau t'erdiko partida 2011ko txapelketa nagusian izan zen, eta Irujok 22-17 irabazi zuen. Sanferminetan jende askok urtez urterako hitzordua egiten du, 'hurrengo urtean, ordu eta toki berean', eta badirudi biek ohitura hartu dutela. Bai behintzat euren enpresetako finaletan erakutsitako maila ikusita, biek ala biek oso maila onean jokatu zutelako.

Bengoetxeak eman zuen ezustekoa, Olaizola II.a kanporatu baitzuen (22-18). Azken bi urteetan Goizuetakoak ez zuen San Fermin torneoa jokatu. Finalerdian, 0-7 galtzen hasi ondoren, Bengoetxeak 12-0ko partziala lortu zuen. Partida freskoago bukatu zuen eta azken txanpan errematean asmatu zuelako irabazi zion. Aurretik, enpresako finalerdian, 22-7 irabazi zion Arretxe II.ari.

Irujo, berriz, bi erakustaldi emanda sailkatu da finalerako. 22-7 irabazi zion Idoateri lehenbizi, eta 22-5 Barriolari gero. Azken partida horretan hamasei tanto egin zituen jarraian, eta ia guztietan sake-errematea bilatu zuen.

Binakakoa, arratsaldean

Gaur ere, baina arratsaldean (18:00, Nitro), binakako San Fermin torneoa hasiko da. Olaizola II.ak eta Apraizek, Titin III.a eta Barriolaren aurka jokatuko dute. Atzelari gernikarra izan da feriako ustekabeko handiena. Partidako galtzaileek Bengoetxea VI.a eta Begino multzoko hirugarren bikotearen aurka jokatuko dute bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.