Ordiziako Klasikoaren 102. aldia jokatuko dute uztailaren 25ean, azkenean Rural Kutxak diruz lagunduko baitu proba hori, eta, beraz, ez da bertan behera geratuko. Kinka larrian egon da proba, aurreko ostegunean antolatzaileek jakinarazi baitzuten bertan behera geratu zela arrazoi ekonomikoengatik. Azaldu zutenez, ezin zuten bete horrelako nazioarteko ekitaldi garrantzitsu bat antolatzeko behar den aurrekontua.
Baina horren berri eman eta gutxira, Rural Kutxako ordezkari batek deitu zien antolatzaileei, eta esan proba ezin zela bertan behera geratu, eta prest zeudela hura diruz laguntzeko. Gaur ziren biltzekoak bi aldeak, baita bildu ere.
Ketxus Sanz Ordiziako Klasikoaren Antolaketa Batzordeko kideak BERRIAri azaldu dionez, bilera «oso emankorra» izan da. Batetik, Rural Kutxak agindu die aurten proba diruz lagunduko duela, hura joka dadin. Eta, bestetik, itxura du Rural Kutxak zenbait urtez diruz lagunduko duela proba. «Saiatuko gara bost urterako akordioa izan dadin», esan du Sanzek. Ostegunean emango dituzte akordioaren zehaztasunak.
Aspalditik antolatzen diren egun bakarreko proben artean bigarrena da Ordiziako Klasikoa: 1922an jokatu zen lehen ekitaldia, eta, 1936an eta 1937an izan ezik, urtero jokatu da harrezkero. Flandriako Tourra bakarrik jokatu da gehiagotan. Iaz, Jan Christen UAE taldeko txirrindulari suitzarrak irabazi zuen Ordizian (Gipuzkoa).