Ordizia errugbi taldearentzat, lehiaketari dagokionez bederen, amaitu da 2024. urtea. Goierriko taldeak aurreko urtean baino hobe hasi du denboraldia, eta, horri esker, sailkapeneko eremu lasaiago batean dago. Fede Gallok entrenatutako taldeak hiru garaipen lortu ditu aurreneko sei jardunaldietan, eta zortzigarren dago Espainiako Ohorezko Mailan, hamabi puntu bilduta.
Lander Mujika (Ordizia, Gipuzkoa, 1998) jokalariarentzat «ona» izan da denboraldiaren lehen zatia: «Uste dut nahiko ondo ibili garela. Gainera, iruditzen zait galdu ditugun partida horietako batean ere maila ona eman genuela. Aurreko urtean baino hobeto hasi gara, iazko esperientzia ere baliagarria izan zaigu eta». Hiru garaipen horietatik bi Altamiran izan dira, Cienciasen eta La Vilaren aurka: «Sasoi honetarako ahalegin berezia egin nahi genuen Altamira berriro ere gotorleku bat izan zedin, eta, horregatik, zapore txarra utzi zigun etxean Cisnerosen aurka galtzeak».
Emaitza on horiei esker, jaitsierako postuak 11 eta hamabi puntura dituzte. «Mailari eusteko aukera asko ditugu, baina ez zait gustatzen horri buruz askorik hitz egitea, oraindik matematikoki ez baitugu ezer lortu. Uste dut badagoela modua hurrengo bost partidak irabazteko, eta, hori eginez gero, bermatu dezakegu beste urtebetez Ohorezko Mailan aritzea. Azken bi sailkatuei ateratzen diegun aldeak lasaitasuna ematen digu, eta hori nabari da neurketak jokatzeko orduan».
Taldearen helburu nagusia mailari eustea bada ere, ligako lehen fasea aurreneko sei sailkatuetan amaitzea zen erronka nagusia, horrek mailari eustea bermatzen duelako liga bi multzotan banatzen denean. «Zaila izango da aurreneko sei sailkatuen artean amaitzea, baina iruditzen zait La Vilaren aurka irabazita borroka horretan sartu garela berriro ere. Nik uste dut oraindik posible dela lehen fasea aurreneko sei sailkatuetan amaitzea baldin eta falta diren bost partidetan emaitza onak lortzen baditugu; esperantza ez da inoiz galdu behar». La Vilaren aurka 26-17 irabazi zuen Ordiziak, eta, ostikoei esker, Mujikak hamasei puntu eskuratu zituen.
«Nik oraindik posible ikusten dut lehen fasea aurreneko seien artean amaitzea baldin eta falta diren bost partidetan emaitza onak lortzen baditugu»
LANDER MUJIKAOrdizia errugbi taldeko jokalaria
Sailkapenari dagokionez, Santboiana dago seigarren, hemeretzi puntu lortuta; Cisneros dago zazpigarren, hamabostekin; eta zortzigarren tokian ageri da Ordizia, hiru puntu gutxiagorekin. Espainiako Kopan, berriz, jokatutako bi neurketak galdu zituen Ordiziak, El Salvadorren eta Burgosen aurkakoak, eta lehiaketatik kanpo geratu da jada.
Lehen faseko azken neurketa, Burgosen aurkakoa, 2025eko martxoaren 1ean jokatuko du. Neurketa hori jokatu ondoren jakingo du lehen multzoko taldeen aurka ariko den azken bost partidetan, edo bigarren multzoko aurkariak izango dituen. Edonola, bigarren multzoan amaituko balu ere, ligako kanporaketak jokatzeko aukera izango luke baldin eta multzo horretako aurreneko bi postuetan amaituko balu. «Ez badugu lortzen aurreneko sei sailkatuen artean amaitzea, argi dago bigarren multzoan nagusitzea izango dela gure helburua».
Aldaketek mesede egin diote
Mujikak iritzi dio azken hilabeteetan arlo fisikoan eta jokoan egin dituzten aldaketei esker hobetu dituztela emaitzak. «Aurreko sasoian, nabaritu genuen koska bat beherago geundela arlo fisikoan, eta orain, berriz, ikusten dugu bukaeran maila fisikoari eutsi egiten diogula».
Jokoa aipatuta, taktikoki beste era batera ari direla azpimarratu du. «Defentsa irekitzeko eta ixteko gaitasuna da gauzarik garrantzitsuena errugbian, eta, egin ditugun bi aldaketei esker, gai gara egoera horiek hobeto kontrolatzeko. Horrez gain, ahalegina egiten ari gara eskura gehiago jokatzeko, baloia gehiago mugitzen dugu, eta garai batean izan genuen erasoa berpizten ari gara. Esango nuke horrek defentsako lana zaildu egin diela aurkariei. Nabari ditugu aldaketak, onerako».
Ligak hiru asteko etenaldia izango du orain, eta tarte hori entrenatzen segitzeko eta gauzak lantzeko baliatuko du Fede Galloren multzoak. «Nahiko ohituta gaude halako etenaldietara. Aste hauetan, ezin diogu utzi erabat lasaitzen gorputzari, ezta lehiaketako erritmoa galtzen ere. Atseden aste hauek beti izan dira garrantzi handikoak gure taldearentzat».
Pozueloren aurka jokatuko du hurrena; horren ondoren, El Salvador eta Bartzelona izango ditu kontrario Altamiran, eta Alcobendasen eta Burgosen zelaian arituko da. «Hurrengo bost neurketetan puntu asko egongo dira jokoan. Lehiakorrak gara, eta, aurrean edozein talde egonda ere, uste dut gai izango garela ondo aritzeko. Irabazten saiatuko gara, eta ez dugu amore emango helburua bete arte».