Ordizia, igeriketaren erakusleiho berriz ere

Gaur jokatuko da Gabonetako Nazioarteko Txapelketa, Majori kiroldegian. COVID-19a dela eta, ohi baino nazioarteko igerilari gutxiago izango dira, baina parte hartzea goi mailakoa izango da

Lidon Muñoz kataluniarra eta Caba Siladji iazko irabazleak. ORDIZIA IGERIKETA.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Hainbat zailtasunekin izan bada ere, gaur jokatuko da Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa Ordizian (Gipuzkoa). Azken asteetan pandemiak izandako bilakaeraren ondorioz txapelketa zalantzan egon arren, 300 igerilarik baino gehiagok egingo dute salto uretara txapelketaren 39. aldian.

COVID-19aren probetan positibo emanda, 50 bat igerilari ez dira Ordizian izango. Antolakuntzak 600 igerilari baino gehiagoren eskaera jaso zuen txapelketan parte hartzeko, baina, iraupenagatik eta igerilekuaren tamainagatik, ezin izan zituzten guztiak onartu. Parte hartuko duten igerilari gehienak atzo heldu ziren, eta, COVID ziurtagiria edo PCR edo antigeno proba negatibo bat aurkeztu eta gero, proba baten aurretik egiten duten ohiko entrenamenduari ekin zioten. Iaz gertatu zen bezala, parte hartzaileek egun gutxi egingo dituzte Ordizian edo inguruko herrietan. Izan ere, beste txapelketa batzuk ere badira hurrengo egunetan, eta igerilariek ez daukate denbora askorik.

Pandemiaren ondorioz, ez dira nazioarteko igerilari asko arituko. Dena den, lehiabikaina ikusteko aukera egongo da Majori igerilekuan. Emakumezkoen artean, proba irabazteko hautagai nagusiak Jessica Vall eta Lidon Muñoz (Herrialde Katalanak), Francesca Fangio eta Anna Pirovano (Italia) eta Simona Kubova dira (Txekiar Errepublika). Maria Ramos 15 urteko gaztea ere (Espainia) tartean izango da; duela gutxi, Espainiako marka ezarri zuen 50 metroko bular estiloan. Gizonezkoen artean, berriz, faboritoak Hugo Gonzalez (Espainia) eta Mateo Mili (Italia) dira. Alberto Lozano espainiarra ere lehia berean egotekoa zen, baina, azken orduan positibo eman eta gero, ez du txapelketan parte hartuko. Beraz, hirugarren posturako borroka are interesgarriagoa egongo da.

Igeriketa egokituak ere bere tokia izango du. Hiru euskal igerilarik eman zuten izena: Nahia Zudairek, Richard Oribek eta Iñigo Llopisek. Baina Llopisek positibo eman zuen PCR proban, eta ez da Ordizian izango.

Ahalegin handia

Antolatzaileak ahalik eta igerilari gehien ekartzen saiatu dira. Francisco Jose Gonzalez Txesko da talde horren parte, eta adierazi du oso pozgarria dela halako kirolari onak herrian izatea: «Txapelketa honen helburua igerilari ezagunak gure taldeko igerilariei gerturatzea da. Hemengo igerilari gehienak ez dira lehiatzen maila gorenean, eta polita da gertutik ikustekoaukera eskaintzea. Guretzat pozgarria da hori».

Oraingo honetan, ez da zalerik izango Majori igerilekuan. Txikia bada ere, zaleentzako espazioa igerilarientzat utziko dute, osasun neurriak betetzeko. Gonzalezek zera aitortu du: «Giro hori ez dugu izango, eta oraingo honetan igerilariek sortu beharko dute. Ez da gauza bera izango, baina ez dugu beste aukerarik izan».

Alde horretatik, antolakuntzak esfortzu handia egin du txapelketa telebistan eman dezaten. Hara joan ezin diren zaleek Goierri Telebistatik ikusteko aukera izango dute, 10:00etatik aurrera, eta ETB4 kateak arratsaldeko finalak emango ditu (18:30).

Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa Euskal Herriko igeriketa probarik garrantzitsuenada, eta kanpoan ere izen handia eskuratu du. Datorren urtekoa 40. aldiz jokatuko da, eta orain arte egindako lanari balio handia eman diote ordiziarrek: «Ez da erraza horrelako txapelketa bat antolatzea, zentzu guztietan. Herritarren esker hitzak jasotzeak indarra ematen digu datorren urtean berriz antolatzeko. Polita da herritarren gertutasuna sentitzea», nabarmendu du Gonzalezek.

Txapelketa honi esker, Ordiziak eta inguruko herriek ere zenbait onura izaten dituzte: «Sortzen den diru mugimendua oso garrantzitsua da. Gainera, urte batzuetan zenbait talde lauzpabost egunez etorri izan dira, eta horrek gastu handiagoa dakar. Honek guztiak Ordizia mapan jartzeko balio du; bestela, askok ez lukete jakingo non dagoen».

Dena den, Gonzalezek kezka azaldu du txapelketaren inguruan herrian sortzen den giro berezia galtzen ari delako: «Urteen poderioz, geroz eta igerilari profesionalagoak etorri dira, eta ez daukate hemen galtzeko denborarik: etorri, lehiatu, eta etxera bueltatzen dira. Duela urte batzuk, elkartetan afaltzeko ohitura zegoen, eta, horri esker, giro polita sortzen zen herrian».

Diru laguntzei dagokienez, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak mantendu baldin badira ere, babesle pribatuak galdu dituzte. «Gehienak tabernak edo jatetxeak ziren. Garai gogorrak bizitzen ari dira, eta nahikoa lan daukate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.