Olaizola II.a-Aranguren 22-10 Laso-Albisu

Ordezkoa, izarraren pare

Olaizola II.ak eta Arangurenek erraz irabazi diete Laso eta Albisuri (22-10) finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian, Bilbon. Goizuetako aurrelariak 11 tanto egin ditu, eta bi hutsegite baino ez Aginagako atzelari gazteak, Urrutikoetxea ordezkatu duenak. 

jarraia178575.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 8a
19:53
Entzun

Bikote perfektua osatu dute gaur Aimar Olaizolak eta Aitor Arangurenek. Beteranoak bereak eta bi egin ditu aurreko koadroetan, eta sakearekin ere trebe aritu da. Gazteak oso serio jokatu du, beterano baten pare, lotsagabe ere bai partida aurrera joan den neurrian, eta laguntza oso ona eman dio aurrelariari. Emaitzak azaltzen du ondoen zer gertatu den Bilbon: 22-10. Lasok eta Albisuk ez dute izan inolako aukerarik. 

Gorriek dotore ekin diote Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkari, aurreneko puntua eskuratuz eta tanto alde handia sartuz. Nekez pentsa zitekeen horrelakorik, kontuan izanda Aranguren ordezko moduan aritu dela, Mikel Urrutikoetxea ordezkatuz (ezker eskuko minez da). Halakoetan, kezkak eta beldurrak gain hartzen dute aurreikuspenetan, eta ohiko esaldiak eta pentsamoldeak plazaratzen dira. Bat guztien gainetik partidaren atarian: Laso eta Albisu bihurtzen zituen faborito ordezkapenak. Gero, ordea, errealitateak bere lekuan utzi ditu pentsamolde uzkurrenak. 

Ustez faboritoak zirenak bikain hasi dira. 0-4 jarri dira aurretik, Albisu jotzaile bezain menderatzaile ibili baita lehen tantoetan, Gainera, Arangurenek bi pilota bota ditu lau tanto horietan, eta ematen zuen... Usteak erdia ustel, baina. Bederatzi tanto segidan egin dituzte gorriek gero. Lau Olaizolak. Beste hiru Albisuk galdutakoak izan dira, eta bat Lasok entregatu du. 

Urdinen okerra ez da hor geratu. 14-5 atzetik jarri dira segituan. Tarte horretan ere, Olaizolak bereak eta bi egin ditu, baita Lasok eta Albisuk hutsak ere. Bitartean, Arangurenek berean segitzen zuen, lanean serio, kalerik egin gabe. Hala ere, urdinentzat itxaropenaren argia piztu da, 14-10eraino gerturatu baitira. Lasok asmatu du tarte horretan. Baina alferrik, hurrengo zortzi tantoak gorrientzat izan baitira: lau Albisuk eman dizkie, eta beste laurak Olaizolak egin ditu. 

Ez da atera aurrez espero zen partidarik. Albisuk txapelketako eskasena jokatu du gaur, bederatzi huts egin baititu. Lasok ere ez du asmatu besteetan bezala; nola, bada, atzelariak ez badio lagundu. Bitartean, Olaizolak 22tik 11 tanto egin ditu, eta Arangurenek, bi hutsegite baino ez. Partida amaitzean Goizuetako aurrelari bikainak Aginagako gazteari eman dion besarkada maitagarri eta benetakoak ondo adierazi du nolako bikotea osatu duten gaur gorriek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.