«Sekretu gutxi dauzka igoera honek». Eta dituenak ederki barneratuta dauzka, honezkero, Samuel Sanchezek (Euskaltel), azken hiru urteotan Arraten irabazle izan denak. Hiruretan bihurgune berean jo du erasoa espainiarrak. Igoerako jaitsieran. «Samuel Sanchezen bihurgunea da hori», azaldu du, barrez, Amets Txurrukak (Caja Rural), Euskal Herriko Itzuliko mendiko maillotaren jabeak. «Talde handiagoak sortuta, etaparen borrokan sartzea zen nire asmoa, baina...».
Berezia ari da izaten aurtengo Itzulia Etxebarrikoarentzat. «Ihesaldian sartu nahi genuen lehen egunean, eta, behin mendiko puntuak pilatuta, bigarren etapan ere Elgetakoak, gutxienez, hartzen saiatu behar». Elgetakoak, Gatzagakoak, Gasteizkoak eta San Martingoak ere hartu zituen. Merezitako atsedena hartzeko asmoa zeukan atzo, etapa hasi aurretik. Baina ezin da geldi egon. Ihesaldian sartu zen atzo ere, eta, Jose Luis Arrieta ibilbidearen arkitektuaren aldrebeskeriak zer diren, gaur ere haren etxe paretik pasatuko da lasterketa. «Saiatuko naiz zerbait egiten». Txikia da, baina...
Etxe ondoan San Migelgo igoera dauka Txurrukak, eta bi pauso emanda, Arratekoa. Historia handiko gain horretan amaituko da gaurko etapa, eta luxuzko gidariarekin egin du BERRIAk igoera. Azken 40 kilometroetan sartuta, Ixua igoko dute lehenengo, Etxebarritik bueltan San Migel gero, eta, Elgoibartik Eibarrera joanda, Arrateko igoera azkenik.
Gakoa? «Eibarren bertan kale arteko tentsioa izaten da okerrena, tropelean ondo kokatu behar izaten delako igoerari heltzerako». Talde guztiek kokatu nahi izaten dituzte euren txirrindulariak aurrean. «Eta etapa garaipena nahi dutenak ere saltsa horretan sartzen dira». Denentzat ez da lekurik izaten Eibarko kale estuetan, eta irabazi ez, baina hortxe gal daiteke Arrateko borroka. Aldapa tentetzen hasi baino dezente lehenago hasten delako igoera.
Tentsio horren ondoren bihurgunea hartu, eta... «Hor hasten da benetako igoera». Kartelak ez dio gezurrik: zazpi kilometro Arrate gainera. «Baina bostekoa da benetako igoera». Lehen metroak egitea nahikoa da hasiera oso tentea dela ulertzeko. «Eta zubia igaro ondoren ere serioa da ikastolako bidegurutzera iritsi arteko zatia». Kokapen lanak ahalbidetutako abiadurak leuntzen du berezko aldapa hori. «Ia-ia inertziarekin egiten dira lehen metro horiek». Baina argigarria da datua: %12ko zati bat ere badago hasieran. «Min egiten du hain aldapa gogorra hain abiadura bizian igotzen hasteak».
Txurrukaren hitzetan, ordea, lehen aldapa bezain garrantzitsua da horren ondorengo geldialdia. «Kilometro eta erdi inguru pasatuta, paretik kentzen da tiraka ibili dena, eta tropel burukoek ere argi ikusten dute abiadura horretan ezinezkoa dela goraino iristea». Une horretan sortzen dira zalantzak. Une aproposa lehen eraso serioak jotzeko. «Baten batek beti probatzen du beheko zati horretan, nahiz eta zaila den goraino bakarrik joatea».
Goialdean, «bakardadea»
Hasierako estutua eta zalantza uneak igarota, orduan iristen da, gehienetan, indartsuenen garaia. «Igoera nahiko eutsia da Ixuako bidegurutzera arte». Hor dago igoeraren beste gakoetako bat. «Jendez lepo egoten da azken zuzengunea, eta leku berezia da hori». Atzerritarrak eurak ere harrituta geratzen direla azaldu du Caja Ruralekoak. «Psikologikoki sufritu beharrekoa» da zati hori. Bidegurutzean ezkerrera hartu beharko dute lehen igoeran, Ixuara bidean, eta handik «jaitsiera azkarra» izango dute Etxebarrira. «Behealdean badaude pare bat bihurgune arriskutsu samar, baina jaitsierak ez dauka zailtasun handirik». San Migeletik barrena Elgoibarrera; sei bat kilometro Eibarrera; eta, kale arteko borrokan, berriz ere Arrate zain.
«Bigarren igoeran Ixuako bidegurutzeko zati horretan pilatzen da jende gehiena. «Eta asko laguntzen du horrek». Gauza bat dauka txarra, ordea. «Ixuatik gora beste kilometro bat dagoela artean. Batez bestekoa hain altua ez den arren, itota iristen gara denok zati horretara, eta zaleen babesa falta izaten da azken unean». Jaitsierarekin amaitzen da Arrateko igoera. «Eta oso arriskutsua da goiko zabaldi hori. Mendateko pankartaperaino hustuta, azken zatian egoten dira, askotan, alderik handienak».
Zabaldia, jaitsiera eta bihurgune jokoan, zalantzak sortzen dira gehienetan aurreko taldetxoan, ordekan daukalako aldaparik handiena Arratek. «Eta amaiera aldera dago Samuel Sanchezen bihurgunea. Neurria ondo hartuta dauka, eta odol hotzarekin jokatzen du beti. Denok dakigu bihurgune hori lehen postuan hartu beharrekoa dela, baina...». Beldurrari errespetua galdu beharrekoa da azken zatia. Igoera berezia den arren, alde handiegirik ez du espero Txurrukak gaur. «Irabazteko baino galtzeko gehiago egoten da igoera honetan».
Euskal Herriko Itzulia: Eguneko erreportajea
Ordekan dago aldapa
Amets Txurrukak bertatik bertara aztertu du Arrateko igoera BERRIArekin. Lehen kilometro eta erdia, Ixuako bidegurutzea, eta amaierako zabaldia azpimarratu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu