Pablo Orbaiz Greziatik gertu dago. Athleticeko erdilariak Olympiakosen eskaintza zuen, eta han jokatuko du utzita urtebetez. Bilboko taldeak oraindik ez du albistea baieztatu, baina Olympiakosek jokalari batek taldea utzi bezain laster hasiko da lanean Ernesto Valverderen aginduetara. Herenegun Marcelo Bielsak aurreratu zuen ez ziola trabarik jarriko Orbaizen irteerari, eta indarra hartu zuen albisteak. Atzo, berriz, taldekideak izan ziren agur hitzak erabili zituztenak. Entrenatzaile berriarekin 32 urteko erdilari beteranoak garrantzia galdu du taldean, eta litekeena da, Athleticen 11 urte egin ondoren, Atenaserako bidea hartzea.
«Pablok taldea utz dezan aukera asko daude», onartu zuen atzo Lezaman Carlos Gurpegik. Andosillakoa, taldekide izateaz gain, Orbaizen lagun mina da, eta bere hitzek agur kutsu nabarmena zuten. «Nik onena desio diot bakarrik, hemen edo joaten den edozein tokitan. Nik badakit zer garrantzia izan zuen Pablok nire bizitzako azken hamar urteetan, eta geldi dadila espero dut». Hitz horiek iragan astean irtendako zurrumurrua ziurtatu zuten, eta orduak pasa ahala xehetasunak argitzen joan ziren. Orbaizek beste urte baterako kontratua du, eta Atenasen beteko du.
Marcelo Bielsak argi utzi zion erdilariari ez zela bere posturako lehen aukeretako bat. Javi Martinez, Herrera eta Gurpegiz gain, Iturraspe eta Ruiz de Galarreta kapitainaren aurretik dirudite. Orbaizek ustezko ordezkoek jokatu dituzten lagunarteko partidak jokatu ditu abuztuan. Egoeraren jakitun, Ernesto Valverde Orbaizekin harremanetan jarri zen. Olympiakosen beste lagun zahar batekin egingo du topo, Fran Yeste fitxatu baitzuen uztailean. Era berean, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izango du, Pireoko taldeak Greziako liga irabazi baitzuen iragan sasoian.
Orbaizekin, dagoeneko 11 dira Bielsa iritsi zenetik tokia galdu duten jokalariak. Ziurrenik ez da izango taldea utziko duen azken jokalaria, Ustaritz izan daitekeelako hurrengoa. Gauzak hala, entrenatzaileak hemeretzi jokalariko multzoa baino ez du bere aginduetara, eta litekeena da Gurpegi izatea taldeko kapitaina hastera dagoen sasoian.
Raul Garcia, etzi
Grebarik ez badago, astebete baino ez da falta liga hasteko, eta euskal taldeen bulegoetan ez da lanik faltako. Raul Garciaren kasuan, Osasunara utzita etorriko dela ziurtatzea baino ez da falta, eta litekeena da etzi iristea Iruñera. Gehiago luzatu daiteke Lamah ezker hegaleko belgikarraren kasua, Iruñeko taldeak Le Mansi eginiko lehen eskaintza hobetu duen arren.
Realari dagokionez, bi dira izenak: McDonald Mariga Interreko erdilaria eta Carlos Vela Arsenaleko aurrelaria. Biak lortzeko negoziaketak nahi baino gehiago luzatzen ari dira, eta litekeena da utzita jokatzea. Jokalariek jai izango dute asteazkenera arte.
Orbaiz, Greziarantz
Azken orduko arazorik ezean Olympiakosen utzita jokatuko du, Ernesto Valverderen aginduetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu