Benfica eskubaloi taldeko jokalaria

Ander Izquierdo: «Oraintxe zera sinatuko nuke: gu multzoko lehenak izatea, eta Bidasoa bigarren»

Bidasoak gaur hasiko du Europako Ligako bigarren ligaxka: Benfica hartuko du. Portugalgo talde horretan dabil Izquierdo. Ilusio handia zuen berriro Euskal Herrian jokatzeagatik, baina min hartu du azken orduan, eta ez da ariko.

Ander Izquierdo. BENFICA
Ander Izquierdo. BENFICA
Julen Etxeberria.
2025eko otsailaren 11
05:00
Entzun

Duela bi urte eta erdi pasatxo utzi zuen Ander Izquierdok (Atarrabia, Nafarroa, 2000) etxea eta etxeko taldea: Anaitasuna. Ordutik ez du jokatu Euskal Herrian. Gaur jokatzekoa zen, Bidasoaren aurka, Artalekun, Europako Ligako bigarren ligaxkako lehen partidan (20:45, ETB4). Baina azken orduko lesio batek Lisboan utzi du. Pena handia du. 

Benficara joan zinenetik lehen aldiz jokatuko zenuen Euskal Herrian, baina azken orduan min hartu duzu. Pena duzu?

Bai, handia. Emozio handia nuen Irunen jokatzeko. Familia eta lagunak etorri izan dira Lisboara bisitan, baina hau oso berezia izango zen: Irunen jokatuko nuen, etxetik ordubetera, eta gertukoak etorriko ziren ni ikustera. Bereak eta bi egin zituzten sarrerak lortzeko. 

Lagunak dituzu Bidasoan? Hitz egin zenuen haiekin?

Asier Nieto, Tito Diaz, Mikel Zabala... baditut lagunak Bidasoan, eta iristean mezua bidaliko nien, elkarrekin kafe bat hartzeko.

Itxura polita du partidak.

Ederra: bi talde handi ariko gara Europako bigarren ligaxka batean. Jokalekua ederra da: Artaleku. Badakigu Bidasoaren zaleek grinaz bizi dutela eskubaloia, giro beroa sortzen dutela, eta taldeak gora egiten duela haien babesean. Oso partida zaila izango da. Talde ikaragarria da Bidasoa, eta Asobal ligan eta Europan lortzen ari den emaitzak dira horren isla.

Taldekideek Bidasoari buruz hitz egiteko eskatu dizute?

Bai, baina sobran dute informazioa. Gure entrenatzaileari, Jotari [Jesus Javier Gonzalezi], izugarri gustatzen zaio aurkariak zehatz-mehatz aztertzea. Gainera, Asobal ligan jokatu [Valladoliden] eta entrenatu du [Logroñon], eta oso ondo ezagutzen du Bidasoa. Ni bezala, gure teknikarien taldea gogotsu dago Irunen jokatzeko eta irabazteko.

Bidasoaren aurka jokatutakoa zara Anaitasunan ari zirenean. Nola gogoratzen dituzu haren aurkako partidak?

Derbia izanik, partida bereziak izaten ziren. Gaztetan, Artalekura joaten ginen zale gisa; Anaitasuna Bidasoaren gainetik zegoen. Baina, gero, lehen taldean hasi nintzenean, egoera irauli zen, eta Bidasoa gainetik jarri. Ez dut inoiz irabazi Artalekun. Egun, Anaitasuna baino koska bat gorago dago: oso ondo jokatzen du, azkar, gogor. Baina guk ere baditugu gure indarguneak, eta aprobetxatu egin nahi ditugu.

Zer du onena Bidasoak?

Jokalari asko ditu, eta, horri esker, txandakatzeak egin ditzake, eta indarrak gorde. Nieto anaiak, Cavero... hegaleko onak ditu, baita atezainak ere. Maila honetan talde denak dira indartsuak.

«Ez dut inoiz irabazi Artalekun. Bidasoak oso ondo jokatzen du, azkar, gogor. Baina guk baditugu gure indarguneak»

Non egin diezaiokezue min?

Guri gustatzen zaigu gogor defenditzea eta korrika egitea, ahalik eta gol gehien sartzeko. Hori da gure jokamoldearen funtsa, baita gure indargunea ere.

Sasoiko zaudete?

Bizpahiru aste barru esango dizut: azken hilabetean asko entrenatu gara, eta lagunartekoak jokatu ditugu. Baina ez gara lehiatu. Zenbait jokalari Munduko Txapelketan aritu dira ia amaiera arte. Hala ere, taldea prest eta gogoz dago.

Munduko Txapelketa aipatu duzu. Portugal izan da ezusteko nagusia, laugarren izan baita. Eskubaloiak herrialdean izan duen gorakadaren isla da hori?

Zalantzarik gabe. Portugalgo eskubaloiak gorakada handia izan du, eta horren lekuko naiz ni: jokalari gazte oso onak daude, batez ere Benfican, Sporting Lisboan eta Porton. Seguru nago hurrengo urteetan Portugalgo eskubaloiak gora egiten jarraituko duela.

Limoges eta Ystads dira multzoko beste bi taldeak. Zer itxura hartzen diozu?

Multzo zaila da. Bigarren ligaxka da hau, eta hemen inor ez dago barkatzeko. Ilusio handia dugu, eta sinetsita gaude sailka gaitezkeela. Iaz, ez ginen honaino iritsi, eta kolpea izan zen. Aurten urrun iritsi nahi dugu.

Eskatzen hasita, zer eskatuko zenuke?

Oraintxe zera sinatuko nuke: gu multzoko lehenak izatea eta final-laurdenetarako sailkatzea, eta Bidasoa bigarren izatea eta aurre-kanporaketa jokatzea. Gustatuko litzaidake haiek aurrera egitea, baina gure atzetik, e! [barrez]. Lau puntu dituzte, eta eskura dute.

Hirugarren denboraldia duzu Benfican. Egonkortuta zaude?

Bai. Oso pozik nago hemen: oso ondo zaindu naute klubak eta taldekideek, eta, etxetik gertu nagoenez, familia eta lagunak askotan etorri dira bisitan.

Zu pozik zaude, baita kluba ere zurekin: udan beste bi urterako berritu zenuen, 2026ra arte.

Hala da, eta oso pozik nago gutxienez 2026ra arte jarraituko dudalako hemen. Futbol talde handi baten azpiegituran gaude, eta hori igarri egiten da: oso ondo bizi gara, futbolariok bezalaxe. Nik Anaitasunan denetarik izan dut beti, eta ez zait inoiz ezer falta izan, baina alde handia dago hemen daukagunarekin konparatuta. Nik sentitzen dut klubak konfiantza eta itxaropena duela nigan. Adibidez, taldeko kapitainetako bat izendatu berri naute.

«Heldu egin naiz. Jokoaren gako asko barneratu ditut, eta patxada handiagoz jokatzen dut»

Gogorra egin zitzaizun lehen aldiz etxetik kanpo aritzea, baina merezi izan du?

Bai, noski. Oso gazte etorri nintzen hona, 22 urte egin berritan, inoiz etxetik kanpo egon gabe. Baina oso ondo zaindu naute, pistan eta pistatik kanpo. Oso eroso eta gustura nago Lisboan; horrenbeste, ezen jada ez baitut horrenbeste sumatzen lehengo bizimodua. Eguberrietan-eta etxera joaten naiz bisitan, baina partida asko jokatzen ditugu, denbora azkar pasatzen da, eta ez zara jabetzen.

Helburuak betetzen ari zara?

Bai. Heldu egin naiz. Bakarrik bizi naiz, eta lehen egiten ez nituen etxeko lanak egiten ditut orain.

Jokalari bezala ere heldu zara?

Bai. Batetik, jokoaren gako asko barneratu ditut. Bestetik, patxada handiagoz jokatzen dut; hona iritsi nintzenean, presaka aritzen nintzen. Entrenatzaile eta taldekide oso onak ditut, eta haiengandik ikasi dut hori guztia. Portugalgo Liga irabaztea falta zait, baina hori ere lortuko dut noizbait.

Anaitasunaren berri duzu?

Bai, nola ez. Haren partidak ikusten ditut, eta, taldeko jokalari batzuk oso gertuko lagunak ditudanez, ia egunero hitz egiten dut haiekin. Gertutik jarraitzen ditut, baita haiek ere ni.

Aldaketak egongo dira: Quique Dominguez entrenatzaileak ez du jarraituko, ezta Aitor Garcia kapitainak ere. Zer iritzi duzu?

Aitor da nire lagunik onena, eta dena kontatzen diogu elkarri. Banekien zer asmo zituen. Taldeak gorabehera batzuk izan ditu, eta espero dut hemendik aurrera gora egitea, eta lehengo mailara itzultzea. Ezagutzen ditut klubean lan egiten dutenak; lan ikaragarria egiten dute, eta ziur naiz aurrera aterako dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.