Laura Gomez. Bartzelonako jokalari ohia

«Oraingoz, ezin gara bizi futboletik»

Zarautzen, Realean eta Bartzelonan nahiko ostiko emanda, 31 urterekin erretiroa hartu du Laura Gomezek. Ligako hiru titulu eta kopako beste hiru dauzka garaipen zerrendan.

unai zubeldia
2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Goraino iritsi, eta goi-goian agur esan. Laura Gomezek (Zarautz, Gipuzkoa, 1983) amaitu ditu futbolarekikoak. Realean (2004-2008) eta Bartzelonan (2008-2014) goi mailan gozatuta, kataluniarrekin hiru liga eta hiru kopa irabazita erabaki du etxerako bidea hartzea. Diseinu Grafikoko ikasketak eginda, entzun nahi duenarentzat, lan bila dabil orain.

Konta daitekeenera arte, nola joan da kopa irabazi zenutenetik gaur arterakoa?

Partidaren ondoren, zelaian bertan ospatu genuen pixka bat, eta denok elkarrekin joan ginen gero afaltzera. Festa txiki bat egin genuen, baina bidaia luzea geneukan zain igandean: ferrya, autobusa, hegazkina... Tentsioaren eraginez, leher eginda geunden denok, eta atseden hartzea izan zen lehen lana [atzo egin zuten agurreko afaria, Bartzelonan].

Finala ez zen izan gozo-gozoa ere, ezta? Asko sufritu zenuten, bigarren zatian bereziki.

Bai... Xehetasun txikien eraginez erabakitzen dira finalak, eta lehen zatian gu nagusi izan ondoren, bigarrena hastearekin batera den-dena ematea erabaki zuen Athleticek. Luzapenean nabarmen geratu zen hori, giharretako arazoekin eta leher eginda zeudelako eurak. Amaierara fisikoki hobeto iritsi ginela uste dut. Talde lanari esker irabazi genuen.

Penaltietan, dena den, buruak agintzen du gehiago...

Tentsio eta urduritasun handia egoten da momentu horietan. Galdetu egin ziguten penaltia nork bota nahi zuen, eta ni ziur nengoen sartu egingo nuela. Horrela egin behar zaio aurre momentu horri. Oso urduri zeuden asko, ez zutela jaurti nahi esanez; eta normala da. Baina ziur jaurti nuen nik, eta, zorionez, barrura joan ziren penalti guztiak.

Gola, garaipena, beste titulu bat... Eta dena irabazita, kito? 30-31 urterekin iristen omen da kirolaria bere onenera.

Neke fisikoagatik balitz, jarraituko nuen. Baina Zarautzera bueltatu, eta beste bizimodu bati ekin nahi diot. Urte asko dira kirol munduan buru-belarri sartuta, eta hobea da erretiroa garaiz hartzea; goi-goian zaudela agur esatea. Bi urtez jarraian liga eta kopa irabazi, eta etxera. Ez dago gaizki. Hasieratik sinatuko nuen [barrez].

Erabat bestelakoak izan dira zure azken bi sasoiak. Zelaian lehenengoa; aulkian bigarrena.

Hala da, bai. Ia partida guztiak jokatzera ohituta nengoen, eta gogorra izan da denboraldia; desberdina. Baina normala da. Gazteak indartsu datoz atzetik, eta jakin egin behar da aukera gutxi izanda ere zelairatutakoan den-dena ematen. Eta, batere kexarik gabe, horixe egiten saiatu naiz ni.

Erretiroa hasitako lekuan hartzeko aukerarik edo tentaziorik izan al duzu? Realean edo...

Ez, ez. Aspalditik neukan pentsatuta azken denboraldia izango zela. Futbolaren egitura profesionaletik kanpo egon nahi nuen jada.

Zer eman dizu futbolak, eta zer kendu?

Eman... Kirola bihurtu dela nire bizitzako arlorik garrantzitsuena. Eta kendu... Familiarekin eta lagunekin egoteko denbora, eta nahi nuenean nahi nuena egiteko aukera; bidaiatzekoa, adibidez.

Zein izan da ibilbide guztiko momenturik onena?

Aurreko denboraldian San Mamesen irabazi genuen ligako titulua. Jendetza zegoen harmailetan, eta oso berezia izan zen.

Garai txarren bat edo beste ere egongo zen tartean, ezta?

Lesio bakarra eduki dut larria: gihar bikiak hautsi nituen aurreko denboraldian. Eta, tira, gogorra izan da sasoi honetan hainbeste denbora aulkian igarotzea ere.

Bartzelonarentzat porrota da liga eta kopa ez irabaztea. Nola barneratzen da hori?

Klubak ikur gisa dauka tentsio hori. Dena irabaztea da erronka; ezin da hutsik egin. Gogor entrenatu, ondokoari postua kentzen saiatu... Ez dago sekreturik. Baina, egituraz, Realaren gisakoa da Bartzelona. Antzekoak dira biak. Gogotik lan egin beharra dago tituluak irabazteko. Ez dago sekreturik.

Lan baldintzei dagokienez, zein egoeratan dago gaur egun emakumezkoen futbola?

On samarra da egoera. Hilero soldata jakin bat daukagu, inoiz ez dute huts egiten, eta kotizatu egiten dugu. Hori bai, oraingoz, ezin gara bizi futboletik. Beste lanen bat aurkitu beharra dago, eta hori da zailena, ezinezkoa delako zortzi orduko lanaldia edukitzea. Lanaldi erdiak eginez, umeak zainduz... Horrela ibiltzen gara. Gu ez gara aberasten.

Kirolari gisa aberastu, Txapeldunen Ligan aberastu zarete denboraldi honetan, final-laurdenetaraino iritsita. Hain berezia al da lehiaketa hori?

Bai, bai. Hiru partida jokatzeko aukera izan dut, eta beste mundu bat da hori. Alde handia dago Espainiako Ligatik Europako futbolera. Alemanian, esaterako, askoz oihartzun handiagoa dauka emakumezkoen futbolak. Oso jokalari onak daude han, eta futboletik bizi dira denak. Pausoak emateko, ezinbestekoa da hori.

Espainiako Ligan lortuko al da, egunen batean, halakorik?

Baietz uste dut. Oso pixkanaka ari gara aurrera egiten, baina iritsiko dela sinetsita nago.

Osasunak emakumezkoen taldea kendu berri du, Rayorena desagertzeko zorian egon da... Euskal Herrira begiratuta, zein da egungo egoera?

Realean jokatzen hasi nintzenean, puntan zebilen Athletic. Gol asko sartzen zizkiguten orduan, baina pixkanaka berdindu egin da bi taldeen arteko aldea. Gaur egun Reala Athletic baino hobeto dagoela esango nuke, gainera. Athleticek final asko galdu ditu gure kontra, eta blokeo egoeran geratzeko arriskua dauka. «Zergatik guri? Zergatik berriz guri?» esanez ari ziren penaltiak amaitu berritan. Realak aukera gehiago dauka behetik gora egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.