SOSLAIA. Ander Herrera

Oraingoan bai, badoa

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Oraingoan bai, badoa. Iragan irailean Manchester Unitedek Ander Herrerarekin (Bilbo, 1989) erabateko akordioa zuela zabaldu zen, baina Ingalaterrako taldeak azken unean egin zuen atzera. Hurrengo egunean jokalariak aspaldian Bilbon entzuniko agerraldirik surrealistena egin zuen. Herreraren teoria sinesteko zaila zen: United ez zen harekin harremanetan jarri, eta, hala ere, bi ordezkari bidali zituen Madrilera etete klausula ordaintzera. Urtebete geroago, Unitedek berriz jo du haren atea, diruarekin, eta 36 milioi euroko etete klausula ordainduta erdilaria eraman du.

Herrera bikain aritu da Athleticen eginiko hiru denboraldietan. Sei milioi euroren truke iritsi zen, eta Bielsa zein Valverderekin jokatu du —128 partida guztira—. Azken sasoi honetan pattal hasi zen, baina bikain bukatu zuen. Herrerak zulo handia utziko du, berak ematen baitzion zentzua Athleticen jokoari. Trebea motzean zein luzean jokatzen, eta baloi lapur ona. Prentsa aretoan ere maisua izan da, hizlari bikaina, hori bai, gaztelaniaz bakarrik. Unitedekin 4 urterako sinatu du, eta hiru milioi euro jasoko ditu urtero.

Josu Urrutia Athleticeko presidentea «atsekabetuta» agertu zen atzo: «Athleticen helburua da elastiko zuri-gorria defendatzea lehen aukera duten jokalariak izatea. Eta Ander Herrera ez zetorren bat ideia horrekin». Javi Martinez joan zenean antzeko adierazpenak egin zituen. Herrera azken bi urteetan Athleticekin irteten den laugarren jokalari garrantzitsua da, Javi Martinez (Bayern Munich), Fernando Amorebieta (Fulham) eta Fernando Llorenteren (Juventus) ondoren. Zuzendaritzak, orain, Iker Muniainekin eta Aymeric Laporterekin gauza bera ez pasatzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.