Eskubaloia. Txapeldunen Ligako finala: Larvik-Itxako. Miguel Bujanda. Itxakoko presidentea

«Oraingoa ez da bakarrik talde honen arrakasta; argi dugu nondik gatozen»

Garai onak eta txarrak etorri zitzaizkion burura Miguel Bujandari Itxako Txapeldunen Ligako finalerako sailkatu zenean. Unea gozatu, eta aurrera egiten jarraitzea du orain helburu nagusi presidenteak.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Lizarra
2011ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Itxako Txapeldunen Ligako finalerako sailkatu zenetik, atseden hartzeko denborarik ez du izanMiguel Bujanda taldeko presidenteak (Aiegi, Nafarroa, 1971). Jokalariei bezala, kosta egiten zaio hari ere Lizarrako taldeak sasoi honetan lortu duen guztiari aurre egitea. Sinestea Itxako dagoen tokian dagoela. Urtetik urterako lana da, bere hitzetan, oraingo arrakastaren giltza.

Taldea finalerako sailkatu zenean, zer izan zen jokalariei erran zenien lehendabiziko gauza?

Zoriondu nituen. Ikaragarri pozik nintzen. Eta txoko batera joan nintzen, bakarrik egoteko.

Bakarrik egon nahi al zenuen?

Emozio anitzi egin behar izan nion aurre une horretan. Banuen bost minutuz bakarrik egoteko beharra. Gainera, jokalariei eman nahi nien protagonista izateko aukera. Haien unea zen.

Presidenteak anitz sufritzen du partidetan?

Finalerako sailkatu ginen egunean ez nuen bereziki sufritu partidagatik. Baina egia da une horretan gauza anitz banuela buruan; oroitu nintzen momentu onekin, bai eta txarrekin ere. Arazoak eta lortutako txapelak etorri zitzaizkidan burura, baita taldetik pasa den jende guztia ere, jende anitz aritu baita Itxakon lanean sortu zenetik.

Sasoi historikoa izaten ari da hau. Nola bizi duzu?

Aurreko denboraldiaren bukaeran zapore gazi-gozoa gelditu zitzaigun. Txapeldunen Ligako lehen fasea ez genuelako gainditu eta ligan ere justu samar ailegatu ginelako azken txanpara. Baina denboraldi honetan hasieratik konturatu ginen taldeak bertzelako zerbait bazuela, bazuela gauza handiak egiteko indar berezia. Ambros Martinek eta Manu Etaiok asmatu dute taldeari irabazteko grina hori helarazten. Orain arte lortu duguna lan handi horren ondorio da.

Sasoi honetakoa da inoizko Itxakorik onena?

Nik uste dut baietz. Egia da aurreko urteotako oinarri bera duela taldeak, baina sasoi honetan ongi sendotu dela uste dut, eta talde orekatua lortu dugula, kalitate handikoa. Hobeak garela erakusten ari gara.

Hori ez da egun batetik bertzera lortzen, ezta?

Ez. Urtetik urtera egindako lanaren ondorio da orain duguna. Oraingo une hau ez da bakarrik talde honen arrakasta; argi dugu nondik gatozen. Denon artean lortu dugu sasoi honetan lortu duguna. Umil izan behar dugu. Eta umilak garelako ari gara lortzen lortzen ari garena.

Txapeldunen Liga irabaztea ziklo baten amaiera izanen litzateke?

Argi dut ezetz. Irabaziz gero, noski, lorpen historikoa izanen litzateke. Final baterako sailkatzea hagitz zaila da, eta akaso ez dugu berriz lortuko. Baina ez dugu etsiko. Helburua da aurrera egiten jarraitzea eta bertze final baterako sailkatzen saiatzea. Ez hori bakarrik. Harrobia lantzen jarraitu behar dugu, ditugun hamalau taldeak hogeita bost izan daitezen.

Denboraldi honetan lortutakoak zer-nolako eragina izan dezake Itxakoren harrobian?

Eragina nabarmena izanen dela uste dut. Itxakoren lehen taldearen gisako eredua izatea hagitz garrantzitsua da harrobian diren jokalarientzat. Argi dago denek nahi dutela lehen talde horretara ailegatu, eta lortu duena bizi nahi dutela. Itxakoko jokalariak, gainera, hagitz hurbilekoak dira, gustuko dute gazteenekin partekatzea haien esperientzia.

Finalaren atarian, zer espero duzu Larviken kontrako lehen partidaz?

Finalean gaude, eta, noski, finala irabazten saiatuko gara. Bertze helbururik ez dugu. Nik mundu guztiari eskatu nahi diot Itxakorekin bat egin dezala. Taldeak denen laguntza beharko du finala irabazteko. Iruñeko partida eskubaloiaren besta bilakatu behar dugu denon artean.

Lizarran ezin izanen duzue jokatu itzulikoa. Pena da zuentzat?

Guk etxean jokatu nahi genuen. Baina Anaitasuna, egia erran, ospe handiko kiroldegia da eskubaloiaren munduan, eta toki aproposa izanen da finala hartzeko. Mundu guztiak gurekin bat egitea nahi dugu orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.